argia.eus
INPRIMATU
Piromania
Castillo Suárez @casti_suarez 2021eko azaroaren 12a

Autoan noa eta ezin dut burutik kendu Oliver Laxeren O que arde pelikulako elkarrizketa bat: kartzelatik atera berria den piromanoa bere herrixkara bueltatua da, amaren etxera. Ama-semeak zuhaitzei begira daude, haritz gaixotuei, eta gaitza nola etorri zaien horretaz ari dira hizketan: kamioi batek ekarri omen zuen onddo hiltzailea. Haritzen gainetik eukaliptoak gailentzen dira. Sustrai sarriak dituzte, lurra pobretzen dute eta inguruko landarediari bizitzen eragotzi. Amak orduan sufritzen duenak sufriarazten duela esaten du, eta ez dakizu eukaliptoei buruz ari den, edo bere semeari buruz. Eta egia da: jende askok gorroto ditu eukaliptoak. Eta egia da: zaurituek egiten dituzte zauririk sakonenak. Autoan noa eta Anariren Piromania kanta etorri zait burutara. “Zuk hainbeste zaintzen duzuna, eder eta egi izan dadin… Baina zuk ere nola basoa adina sua maite duzun…” Eta kasualitateak zer diren, edo kausalitateak, O que arde-ko piromanoa lanbidez basozaina da Galizian, eta jarraitzen duzuen poeta baten aita: Xela Arias.