argia.eus
INPRIMATU
“Inoizko aurrekonturik handienak”
Ainhoa Etxaide Amorrortu 2021eko azaroaren 12a
Pedro Azpiazu, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua, aurrekontu proiektuaren inguruko balorazioa egiten (argazkia: Irekia)

Jaurlaritzak 2022 urterako prestatuko egitasmoa “inoizko aurrekonturik handienak” direla esanez aurkeztu du. Hala da bai, zenbakiei bakarrik begiratuz gero. Baina handiak izanagatik, ez dute zertan nahikoak eta egin daitezkeen handienak izan beharrik. Ezberdina litzateke “aberastasuna inoiz ez bezala banatuko da 2022an” lerroburua, hautsak harrotuko lituzke zalantzarik gabe. Baina ikusi dugunez, gehien dutelako gehien eman beharko luketenek, ez dute ezer arriskuan ikusi oraingoan ere.

2008ko krisiaren testuinguruan, publikoa, osagarria ez baizik merkatuaren menpeko egin zuten. Arau nagusia hori den bitartean, aurrekontuekin hitz jokoak egin daitezke, baina benetako aldaketa sozialik ez

Nafar gobernuak, bereak “herriaren aurrekontuak” direla aldarrikatu du. Agian bai, diru sarrerak, bereziki, langileen ekarpenetan oinarritzen direlako. Gastu publikoa indartuko da, baina ez fiskalitatea aldatuz diru gehiago bildu delako. Zorpetzea handituko da eta Europako funtsak erabiliko dira. Bi kasutan, itzuli beharreko dirua. Beraz bai, herriak ordainduko dituen aurrekontuak, eta ez horregatik bidezkoak.

Madriletik inbertsioak sekulan ez bezalakoak izango direla iragarri dute. Argindarraren garestitzea mugatzeko asmoetan amore eman, eta etxebizitzaren merkatuan benetan esku hartzeko aukera baztertu berri duenean. Gastu publikoaren bidez gauzak aldatu eta arazoak konponduko ote diren da kontua. Ezinezkoa, esku hartze publikoari eta ekonomiaren kontrol sozialari uko egiten bazaio.

Aldea dago sistema hau jasangarria egitearen, eta jasangarria den sistema bat egitearen artean. 2008ko krisiaren testuinguruan, neurri eta erreforma ekonomikoz mozorrotutako erreforma politiko oso bat inposatu ziguten. Publikoa, osagarria ez baizik merkatuaren menpeko egin zuten. Arau nagusia hori den bitartean, aurrekontuekin hitz jokoak egin daitezke, baina benetako aldaketa sozialik ez.