argia.eus
INPRIMATU
Bertute bat bere horretan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui 2021eko azaroaren 11
Bertute txikiak | Egilea: Natalia Ginzburg. | Itzultzailea: Irene Hurtado de Saratxo Mendieta | Alberdania, 2021.

Ginzburgen lan hau bi zatitan banatuta dauden hamaika testu laburrek osatzen dute. 1944tik 1962rako bitartean idatziak dira denak, Italiako egunkari eta aldizkarietan argitaratuak. Horietako bi Londresen eta Londresi buruz idatzitakoak dira. Autoreak berak, oharrean, garrantzia eman dio kronologiari, testu batetik besterako tonua eta estiloa desberdinak direla justifikatzeko. Gehien gustatu zaidan alderdia da. Izan ere, liburu heterogeneoa, aldakorra eta sorpresaz betea aurkituko dugu.

Testu guztiak daude lehenengo pertsonan idatziak, autobiografikoak dira. Batzuek gehiago dute bizitzako pasadizoetatik eta beste batzuek saiakera itxura hartzen dute, hausnarketa, iritzi eta pentsamenduz beteak baitaude.

Liburuko lehenengo atala bizipen pertsonaletatik abiatzen da: Negua Abruzzon testuarekin irekitzen da. Bigarren Mundu Gerran Abruzzon erbesteratuta pasa zuten garaiaz ari da. Testu malenkoniatsua eta tristea da, eta bukaeraraino jakingo ez dugun elementu bat gordetzen du. Zapata Urratuak da bigarrena. Zapaten funtzio oinarrizkoena (erosotasuna, berotasuna) metafora gisa erabiltzen du klase sozialez eta desberdintasunez hitz egiteko. Lagun baten erretratua bere buruaz beste egin zuen beraien lagun baten deskribapena da, nahiz eta izenik ez duen aipatzen. Hurrengo testua ironiaz beterik dago: Ingalaterraren gorazarrea eta arrangura. Esaldiren batekin barrea eragin dit, umorez idatzia baitago. Hurrengoa ere, La maison Volpé, Londresen kokatu du eta italiar batek Ingalaterra eta bere jendea nola ikusten dituen kontatzen digu, janaria aitzakiatzat erabilita. Bera eta ni kontrastez beteta dagoen bikote baten deskribapena da.

Liburuko bigarren zatian zazpigarren testua aurkituko dugu: Gizakiaren umea. Gerrak pertsonengan uzten dituen ondorioez ari da, betiko puskatutako konfiantzaz. Nire lanbidea idazketa den ogibideaz ari da. Oharrak, poemak, ipuinak idazten zituen neskatilaz. Isiltasuna, izenburuak esaten duen bezala, isiltasunaren inguruko hausnarketa da. Hurrengoa pentsamendu jarioarekin egina dago eta estilo egokia da Giza harremanak testua ontzeko. Azkena, Bertute txikiak da. Liburuari izenburua ematen dion testuak guraso eta seme-alaben arteko harremanaz hausnartzen du. Hezkuntzaren erdigunean balore handiak baino, garrantzirik gabeko bertute txikiak jartzeak duen arriskuaz dihardu. Azkenengo esaldia jasotzea gustatuko litzaidake: “Bizitzarekiko amodioak bizitzarekiko amodioa sortzen baitu”.

Hau da euskaraz dugun Ginzburgen laugarren liburua. Zorteduna zu, autorea oraindik ezezaguna baduzu. Bere literatura irakurtzeko aukera izan ez baduzu. Gozamena duzu aurretik, hitzaren erabilera bikaina baita idazlearen bertuteetako bat.