Gurea falangista zen (Susa) liburua argitaratu berri du Iruñean bizi den idazle altsasuarrak (1964), 36ko Gerrako kronika bat. Lemoako frontean hil zen bere emaztearen osaba eta haren arrastoari segika hasi eta, bidean, aitonaren iragan gordinarekin egin zuen topo. Shocka. Eta liburu batera ekartzeko ausardia izan du, familiaren oroimena astinduz, eta gerraren memoriari ekarpen interesgarria eginez.
80 urte betetzean anaia zaharraren libreta pasatu zizun zure amaginarrebak. Noiz izan zen hori? Hor ireki zitzaizun liburua egiteko aukera?
Nire emaztearen ama María Antonia Fernándezek pasatu zidan libreta duela bederatzi bat urte, 80 urte egin zituela. Andreak esanda, banekien etxe horretako seme bat gerran hil zela eta eguneroko bat utzi zuela. Kazetaria izateaz gain, formazioz historialaria ere banaiz eta kontu horri buruz galdetu nuen, baina etxe horretan esan zidaten ez galdetzeko gaiaz. 80 urte bete zituenean, hildakoaren arreba txikiak libreta eman zidan: “Libreta hau dut, nire anaiak idatzitako gauza xumea. Tori, egin ezazu nahi duzuna”. Eta nik interpretatu nuen zera esan zidala, “idatzi zerbait honi buruz” edo “ikertu, begiratu”. Arrebak lau urte zituen anaia gerran hil zenean, ez zuen ezagutu, baina familian marka handia utzi zuen.
Gero galdetu izan dizu gaiaz? Ea zertan zabiltzan edo?
Bai, behin baino gehiagotan. Liburua argitaratu zenean Hernaniko I. Liburu Azokan aurkeztu genuen eta bera etorri zen. Berarentzat liburua eta kontatze hori gauza inportanteak izan dira.
Luis Fernández altsasuarrak 17 urte zituela erabaki zuen gerrara joatea falangistekin, 18 frontean egin zituen. Gerrara joateko tematu zen. Aurretik, aldiz, EAJko militante izan zen. Nola ulertu dena?
Urte hauetan guztietan liburua egitera bultzatu nauen galderetakoa da hori. Lehenengo galdera da nola den posible 17 urteko gazte batek armak hartzea. Oraindik zaila egiten zait ulertzea. Eta gero, nola eta zergatik falangista. Ez da erraza ulertzen, baina badu bere erantzuna. Libretan idatzita utzi zuen udalean izandako liskar baten ondorioz ezin izan zuela udal idazkari lanpostua lortu. Laguntza eskatu zien hainbati, tartean EAJko NBBko lehendakariari: “Ni ere EAJko militante naizenez, ez didazu laguntza hori ukatuko”, galdegin zion. Urte haietan EAJ errepublikaren alde jarri zen, baina EAJko militante ezagunek altxatuekin bat egin zuten. Batzuek ez zuten ulertu nola EAJk bat egin zuen komunistekin. Karlistatik ere bazuen EAJk eta karlista asko joan ziren Francorekin Nafarroan.
Eta Luis Fernándezen ikerketarekin ari zinela, aitonaren aferarekin egin zenuen topo. Liburuan diozunez, Luisen anaia Santik eman zizun haren berri Bilboko semaforo batean: “Bai, anaia gerrara joan zen, han hil zen arma eskuan hartuta. Herrian beste batzuk pistola gerrian jarrita ibili ziren. Pablo Amillano, esaterako”. A ze flasha!
Santirekin duela sei-zazpi urte egon nintzen Bilbon. Niretzat aitonaren historia beti izan da jakin-min iturri bat. Marokoko gerran egon zen eta banekien Francoren aldekoa zela, baina ez nuen uste ezertan nabarmendu zenik. Santi irekia zen eta hainbatetan hitz egin nuen harekin, baina bazkaloste hartan, semaforoan hori bota zidanean, zeharo harrituta utzi ninduen, ez baitzidan esan “zure aitona ibili zen...”. Esan zuen Pablo Amillano beste edozein izen esango balu bezala. Zalantza gelditu zitzaidan zergatik bota ote zuen horrela, baina ez zuen jarraitu eta nik ere ez nuen gehiago galdetu. Liburua oraindik Luis Fernándezi buruz zen, baina hor bazegoen abisu bat: aitona pistolarekin gerrian...
"Liburuan abiatu nintzen kazetari ustez objektibo eta urrunduaren bikaintasun horretatik, eta lokatzetan bukatu dut"
Baina askoz lehenago ere gaia atera zitzaizun eskuartera, amarekin batera Navarra 1936. De la esperanza al terror liburua aurkitu zenutenean, 80ko hamarkadan [1986an argitaratu zen].
Irungo liburu azoka batean gertatu zen. Amak liburu denda txiki bat zuen orduan eta ni historia ikasten ari nintzen. Liburua esku artean hartu eta Altsasuko izen asko agertzen ziren. Amak esan zidan begiratzeko izena, eta Pablo Arellano bat azaltzen zela esan nion. Ama izutu egin zen eta alde egin zuen. Nik jarraitu egin nion, esanez ez zela Amillano, Arellano baizik, eta berak esan zidan hori gure aitona izango zela. Disgustu handiarekin zegoen eta orduan esan zidan ez idazteko horri buruz bera bizirik zegoen artean. Liburuak ez zuen asko esaten, errepresioan aritu zela, baina beste abisu bat zen. Gero agertu ziren datu nabarmenagoak.
Orduan eskatu zizun sekula ez idazteko horri buruz. Duela gutxi debekua altxatu eta barkamena eskatu zizula diozu liburuan.
Bazkaltzen ari ginen biok, nik aipatuko nion liburuarekin ari nintzela eta abar, eta amak esan zidan barkatzeko liburu feria hartan esandakoagatik. Uf, gogorra da amak norberari barkamena eskatzea! Nik esan nion ez zidala barkamenik eskatu behar, eta hark erantzun zidan nire lana zela eta ez zidala esango zertaz idatzi edo ez, idazteko nahi nuena.
Aitonari buruz entzun eta irakurritakoak pilatzen joan ziren apurka. Hor dago, esate batera, 2019an Ricardo Urrizolak idatzi zuen Consejo de Gerra. Injusticia Militar en Navarra. 1936-1940 liburutzarra.
Nik ikertzen jarraitu nuen: garaiko hemerotekak, Altsasuko Institutuan memoriaz egindako lanak, José María Jimeno Jurioren lanak... Luze ibili nintzen azken honek Altsasun egindako elkarrizketen bila, baina ez nituen aurkitzen eta iritsi nintzen pentsatzera desagertu zirela. Azkenean, Roldán Jimenorengana jo eta hark utzi zizkidan fitxa horiek. Grabaketak desagertuta omen daude. Asko arakatu ondoren, aitonaren beste bizpahiru pasarte aurkitu nituen. Horietako bat zen Martín Somocurcio eta Alfonso Chicharro errepublikazaleena. UGTrekin joan ziren gerrara eta Santoñan fusilatu zituzten. Haien senideek zioten –hori hirugarren pista zen niretzat– Altsasutik joan zirela haiek seinalatzera, tartean aitona.
Jimeno Jurioren fitxetatik ezin nuen ondorioztatu gure aitonak haiek seinalatu eta horren ondorioz fusilatu zituztela. Beraz, galdetu nuen Euskadiko Memoria Institutuan eta han esan zidaten aitona ez zela agertzen lekuko gisa Somocurcio eta Chicharroren epaiketetan. Niretzat alde handia zegoen epaiketa horietan lekuko gisa egon bazen edo ez. Baina aitonari buruzko beste datu bat gehiago zen. Hala ere, liburua oraindik Luis Fernándezi buruzkoa zen.
Eta noiz aldatzen da liburuaren oinarria?
Kazetari lagun bati eman nion zirriborroa irakurtzeko, Iñigo Astizi, eta hark esan zidan: “Alberto, uste dut zerbait ezkutatzen ari zarela, uste dut hemen badagoela beste pertsonaia bat, zure aitona”. Eta Luis Fernándezen liburua ia idatzita nuela, aurten bertan, hasi nintzen aitonaren peskizan. Hor gogoratu nuen Ricardo Urrizolaren liburua, han ere agertzen baita aitona bizpahirutan. Aipamen haien iturrietara jo nuen berriz, artxibo militarretara, berriro begiak erre milaka horri miatzen, eta haietan topatu nuen aitona beste hiru epaiketetan lekuko gisa deklaratzen.
Epaitu baten kasuan hainbat informazio ematen du, eta epaileak galdetzen dio ea nola dakien hori, eta berak erantzuten du Bizkaia eta Santanderreko lurraldeak ‘askatu’ ahala, errepublikaren aldeko altsasuarrak jazarri zituela eta informazioa bildu zuela haiei buruz. Orduan ohartu nintzen han-hemenka esaten ari zirenak demostratuta geratzen zirela, aitonak berak onartzen baitzuen bere eskutik sinatutako deklarazioan. Horrek liburuaren planteamendua aldarazi zidan, duela lau bat hilabete, ia dena bukatuta nuela. Informazioa osatu eta aitona ere protagonista gisa sartu nuen.
Beharbada ordurako prestatuta zeunden, baina pentsatzen dut shock handia izango zela aitortza horrekin topo egitea.
Ez nengoen prestatuta. Ni beste historia, familia, transmisio... batzuetatik nentorren. Orain, gure familia hau ere bada, orain denok dakigu hau, baina lehen ez genekien. Hau shock bat izan da. Bat-batean galdetzen diozu zeure buruari: “Nola da posible gure aitonak erabaki hauek hartzea bost seme-alabarekin, emaztea Altsasukoa, bera 13 urterekin Tafalla aldeko herri txiki batetik etorria...? Nola lortu dute transmisio hau erabat ezkutatzea?”. Nik galdetu nuen familian eta inork ez zekien: ez amak, ez osaba zaharrek... eta azken hauek izan zezaketen ezkutatzeko edo ahazteko arrazoirik, baina lehengusu zaharrek ez. Galdera asko dakar honek guztiak.
Iruñeko Zaldiko Maldiko elkarteko aurkezpenean ere aipatu zenuen, kosta egiten zitzaizula ulertzea zergatik hartu zuen aitonak jarrera salatzaile hori. Miguel Sánchez Ostizek El escarmiento idatzia du gaiaz. Hau da, aurkariarengan izurik gordinena barreiatzea honen balizko erantzuna errotik mozteko. Hortaz ere hitz egiten duzu liburuan.
Bai, baina dena gorroto bidez ezin da azaldu. Akaso Luis Fernández eta Pablo Amillanoren kasuan egongo zen aginduak jaso eta betetzeko joera umil eta itsu hori, baina ez zait gustatzen haien bizkar gainetik errurik kentzea. Uste dut, garai oso polarizatu batean, alde batean zein bestean beldur handia zabaldu zela galtzaileen artean egoteko. Horrek ere ez du dena azaltzen, beste batzuk ere izan zirelako beldur eta ez zutelako bi haien jokaera izan. Errepublikak irabazi izan balu, akaso aitona fusilatuko zuten, gero jakin izan dudanagatik markatua zegoelako. Azalpen baten bila, nik hainbat atal jartzen ditut mahaiaren gainean, uste dudalako hori dela gure funtzioa, beste epaiketa moralik egin gabe, gertakizunetan ados gaudelako, hori astakeria bat izan zen.
11 bat urte zenituen aitona hil zenean. Nola oroitzen duzu hura?
Aitona normal bat zen, aitona nafar kaskagogor horietakoa, “redios”-ka aritzen zena enbolia batek gorputz erdia paralisiak jota zuelako, ez zuen pazientziarik... Baina aitonaren transmisioa batez ere nire amarengandik jaso dut, eta amarentzat maitagarria zen, fundiziotik ateratzean katilu batean esne pixka bat eramaten zion aita... Gerora ez zen nabarmendu politika kontuetan. Sarri aipatzen da aginduen exekutatzaileak pertsona normalak direla.
"Hurbiltzen ari zaizkit inguruko ezagunak esanez ‘nire aitona ere bazen’, urduritasunez, armairutik ateratzen ariko balira bezala"
Zure buruari egiten dizkiozun galderen artean hau ere badago: “Zein eskubide dut isilean egon den hau guztia orain nik ateratzeko?”.
Eta nire erantzuna argia da: nik kontatu behar dut, epe laburrean denontzat hobea izango delako. Amak ez ateratzea eskatu izan balit, berarengatik ez nukeen idatziko, baina familiako beste inork hori bera eskatuta, uste dut berdin kaleratuko nukeela. Uste dut. Kazetari zorrotzaren paperean sartzen banaiz, hori ateratzen zait, baina egia da honek mina eragiten duela, eta adineko jendea dagoela hor... Orduan, nor naiz ni haien bizitzaren azkenetan zolda honekin zikintzeko? Familian inork ez dit esan hau ez ateratzeko, familiaren erantzuna oso ona izan da, baina badakit bakoitza bere moduan ari dela prozesatzen hau guztia. Gainera, uste dut halako istorioak oso ohikoak direla Euskal Herri osoan. Gure historia da. Askok ditugu halako aiton-amonak eta uste dut, nahi gabe-edo –lotsa, beldurra...– ezkutatu egin dugula.
Zu lasaiago zaude.
Bai. Badut oraindik gaiarekiko hurbiltasuna, nire inguruan ari direlako leherketa txikiak sortzen. Hurbiltzen ari zaizkit inguruko ezagunak esanez “nire aitona ere bazen”, urduritasunez, armairutik ateratzen ariko balira bezala. Ikusiko dugu nola goazen. Liburuan abiatu nintzen kazetari ustez objektibo eta urrunduaren bikaintasun horretatik, eta lokatzetan bukatu dut. Prozesua oso intentsua izan da, baina uste dut eskuartean izan dudan lehergailu horri buelta eman diodala, eta jakin dudala liburuan azaltzen.
“Transmisioa lantzen ez bada, jakin-mina kamusten da”, diozu. Zer ikasgai atera dezakegu 36ko Gerraren memoriaren lanketaz, orain bizi dugun euskal gatazkaren memoriarako?
Isiltzeak ez du merezi, ez du balio, ateak itxi gabe uzten dituelako. Nik nahiago duk jakin gure aitonak zer egin zuen, baina ez naiz hark egindakoaren zordun. Nik ez dut ezer atera aitonak egindakotik; besterik litzateke bera aberastu izan balitz, egongo baitira halako kasuak ere. Familiako batekin honi buruz ari nintzela, urduri zegoen eta esan zidan bazekiela zer erantzungo zion norbaitek halakorik esanez gero: “Gutxienez nik badakit nire aitonak zer egin zuen, eta hori nire familiak atera du. Zuk badakizu zure aitonak zer egin zuen?”. Gu gara guk egin dugunaren errudun, ez gure aurrekoek egin zutenarena.
Eta lehenbiziz sinatu duzu Alberto Barandiaran Amillano, bigarren abizena barne.
Bai, tokatzen zen. Barandiaran beste naiz ni Amillano. Beste aitona beste zen hau ere ni aitona.
Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]
Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]
Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.
Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]
Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]
EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]
Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]
Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.