Kondairak dioenez, Pirene Iberiar penintsulan bizi zen printzesa ederra zen, eta ezkongai ugari zituen bertan. Baina Pirenek Herkules maite zuen, ezkutuan elkartzen zen berarekin basoan, printzesaren aita Tubalek aurkitu eta Herkules erbesteratzea erabaki zuen arte. Pirenek ez zuen galdu bere maitearekin berriro elkartzeko itxaropena. Basoetan barrena ibiltzen zen bere bila, harik eta egun batean Gerionekin topo egin zuen arte, hiru buruko munstro bat. Gerionek ere Pirene gorteatu nahi zuen.
Gerionek zuhaitzak erre zituen Pireneren ihesa saihesteko, haren oinazezko oihuek Herkules ohartarazi zuten, zeina garaiz iritsi baitzen betiereko maitasuna adierazteko, baina ez haren heriotza eragozteko. Mitologia greko-erromatarraren arabera Herkules, oinazeak hautsia, harrizko mendiak eraikitzen hasi zen Pirene lurperatzeko, gaur egun Pirinioak bezala ezagutzen duguna eratuz.
Azken urteetan, Pirinioetako mendikatearen eta bertan bizi diren komunitateen gainean mehatxu bat dabil hegan: Bartzelona-Pirinioak Neguko Olinpiar Jokoak hartzeko hautagaitza. Gizartearen mobilizazioari eta kalkulu politikoei esker, Espainiako Gobernuak –oraingoz– uko egin dio Prateko aireportua handitzeari. Zalantzarik gabe, aurrekari ona da, eta beharrezko garaipena Kataluniako gizarte mugimenduentzat.
"Neguko Olinpiar Jokoetarako hautagaitza bideragarria izateko modu bakarra erremontagailuak,
elur-kanoiak eta eraikinak handitzea eta hobetzea da, eta horrek eragin nabarmena izango luke ekosistemetan"
Baina, hala ere, Barricadak kantatzen zuen bezala, ez dago tregoarik. Administrazio publikoak ados jarri ziren uda baino lehen hautagaitza olinpikoa formalizatzeko: 2030eko neguko jokoen edizioa hartzeko kredentzialak aurkeztu zizkioten Nazioarteko Batzorde Olinpikoari. Pere Aragonès buru duen gobernuak adierazi du Damia Calvet convergent-eak asmatutako proiektua kaxoi batean gorde duela, ekitaldiaren ingurumen-iraunkortasuna bermatuko duen proiektu berri bat idazteko.
Askok galdetzen diogu geure buruari nola izango den hori posible. Pirinioetako tenperatura 1,3ºC igo da azken 50 urteetan berotze globalaren ondorioz, eta batez besteko elur-kota 200 metrotik gora igo da, Kataluniako Metereologia Agentziaren arabera. Pirinioetako Ekologia Institutuak egin berri duen azterlan baten arabera, elur-mantuaren lodiera %30 murriztuko da eta urtean 20 eta 30 artean egun gutxiago iraungo du 2.000 altuerako kotan. Grenobleko Unibertsitatearen beste txosten baten arabera, 2030 eta 2050 artean Pirinioetako eski-estazioen %80 elur artifizialaren mende egongo dira.
Ebidentzia zientifiko kaltegarrien agertoki hori aintzat hartuta, Neguko Olinpiar Jokoetarako hautagaitza bideragarria izateko modu bakarra erremontagailuak, elur-kanoiak eta eraikinak handitzea eta hobetzea da, eta horrek eragin nabarmena izango luke ekosistemetan. Etorkizunean zaharkituta geratuko diren azpiegiturak, bestalde, eskualde horietako turismo monolaborantzaren urtaroko eredua bezalaxe. Eredu hori, aldi berean, egoiliarren lan eta bizitzeko ezegonkortasunean oinarrituta dago. Stop Jocs Olímpics plataformak ezin hobeto definitzen du bere leloan: “30 eguneko festa, 30 urteko miseria”.
Honaino iritsita, milaka Pirenez osatutako gudaroste batengan konfiantza izatea besterik ez dugu, amesgaizto honetatik ihes egin eta basoak gure garaiko Gerion guztien lukurreriatik salbatzeko. Espero dugu euskal herritarrak eta haranei diozuen maitasuna gure ondoan izatea borroka honetan, lotzen gaituen mendikatea ez dezan inongo suterik inoiz erre.