argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Telebistako arkitektura
Ula Iruretagoiena 2021eko azaroaren 07a

20 urteren ostean, Anne Igartiburu EiTBra itzuli da, zer eta arkitektura lantzen duen programa bat aurkeztera. Kuriositateak hartuta, emitituriko hiru programak irentsi ditut. Zaila egin zait Espainiako telebista kate publikoak arkitekturaren sustapenerako egiten duen Escala humana emankizunarekin ez alderatzea. Batzuetan, zenbait erdarazko saioren “euskal kopia” egiten du EiTBk, baina hau ez da kasua. Bi programen arteko desberdintasunek ez dakit zerekin duten erlazioa, arkitektura edo telebista ulertzeko (euskal) moduarekin Euskal Herriko (eta ez Euskadiko) edo euskal kulturarekin, oro har.

EiTBk arkitektura probestu du entretenimendua eta ikuskizuna egiteko, eta erdarako programan aldiz, arkitekturaren kultura herritarrengana iristeko desioa dago. Lehenengoan, aurkezle vip bat fitxatu dute –baina bigarren mailako funtzio bat betetzeko– eta pertsonaia ezagunak gonbidatzen dituzte; bigarrenean, arkitektoak dira hizlari batik bat. Lehenengoan, Euskal Herriko –eta ez Euskadiko– eraikinak dituzte hizpide; bigarrenean, arkitektura-kontzeptuak.  Gure telebistako Duelo en las alturas goi-teknologiaren erakusle da: drone ikuspegiak eta 3D eskanerrak darabiltzate, eraikinak “inoiz ikusi ez duzun moduan” erakusteko. Eta modernotasun itxura hau amu herrikoiagoarekin uztartzen da: erakusten diren eraikinen arteko lehiaketa proposatzen da, ikusleen bozka eskatuz. Programak bataila baten erdian bagina bezala aurkezten ditu eraikinak, musikak lagunduta, eta arkitekturari epikotasuna eransten dio. Arkitektura beraz agertoki bat da, anekdota, euskal-mito eta esamesen leku, herritar ororen interesa suspertu dezakeen leku amankomunen bila dabil.

Badirudi oraindik eztabaida zahar batean iltzaturik gaudela: zerbitzu publikoak mezu ulerterrazak komunikatu behar ditu, horretarako mezua bera sinplifikatuz, bestela elitista bilakatzen da.