2021eko urriko artikulua idaztera nindoala 2019koa topatu dut. Hezkuntzak ez du telefonoa hartzen zeukan izenburua. Bi urte pasa dira eta ez dela denborarik pasa esan daiteke. Beno, denbora bai pasa da, baina badirudi denbora besterik ez dela pasa. Orain dela bi urte arduratzen gintuzten gauza berdinek arduratzen gaituzte gaur ere. Pandemiarekin gertatu dena parentesia izan balitz bezala. Eta erabat pasa ez bada ere, pasa izan balitz bezala jokatzen ari gara. Baina hau guztia gertatu aurretik konpondu gabe zeuden kontuek hortxe jarraitzen dute, egoera berdinean.
"Denok gatoz bat Hezkuntzaren baitan bere tokia behar dutela bai dantzak eta baita arte dramatikoak ere. Eta pausoak ematen hasteko garaia dela"
Hilabete honetan egin da EDADEI 3 izeneko topaketa. Dantza, arte dramatikoa, hezkuntza eta ikerketa lotu dituen jardunaldia. Bilboko BADen urriaren 16an eta Donostiako LABOn 23an aritu dira, eta déjà vu sentsazioa izan dut berriro ere. Gaiak utzi genituen tokian hartu ditugu, ez baita ezer berezirik gertatu aipatutakoen inguruan. Bai, zerbait nabarmen aldatu da; orain topaketa hauek online egiten ditugu, baina gainontzean denak berdin darrai. Mahai-inguruen gaiak ondorengoak izan dira: eskola artistikoak (anitzak eta diziplina artekoak); sorkuntza eta ikerkuntza dantzan eta arte dramatikoan; titulazioak eta errekonozimenduak dantza eta arte dramatikoan; eta, azkena, hezkuntza arautuan aantza eta arte dramatikoaren tokia edo presentzia.
Azken urteetan gurpil zoro batean sartuta gabiltzala esango nuke. Gai berdinen inguruan bueltaka, inora heldu gabe. Eta konfinamenduan kulturak jokatutako papera ahuntzaren gauerdiko eztula besterik ez zela ohartu gara. Hitz politak horretan geratu direla, hitzetan. Eta gu marmotaren egunean iratzarri gara berriro. Eta betiko gaien inguruan hasi gara berriro eztabaidan.
Eragile ugari eta oso bestelako jatorritakoak bildu gara mahaien bueltan eta denoi interesatu zaigu besteek esandakoa, gogoetatutakoa, hausnartutakoa. Denok gatoz bat hezkuntzan tokia behar dutela dantzak eta arte dramatikoak, eta pausoak ematen hasteko garaia dela.
Tira, den-denok ez dakit bat ote gatozen, hutsune inportanteak ere izan zirelako. Jaurlaritzako Kultur Saileko ordezkaritza azaldu zen. Hezkuntza saila ere gonbidatuta zegoen, jakina. Baina ez zen inor azaldu. Déjà vu.