argia.eus
INPRIMATU
Basterretxean barrena
Marta Sendiu Zulaika @martasendiu 2021eko azaroaren 04a
Argazkia: Dospordos

Gasteizko Foru enparantzan metalezko eskultura berri bat agertu da, Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) erakusketara ongi etorria ematen duena. Eremu anitzetan jardundako artistak sortutako 300 artelan baino gehiago biltzen ditu esposizioak, hala nola, kartelak, obra grafikoak, argazki esperimentalak, erretratuak, altzariak, mahai-jolasak, pelikulak…
Erakusketaren ibilbideari hasiera ematen diote bermeotarrak Argentinako erbestealdian egindako gurutze-bidea irudikatzen duten koadroek. Artelan ilunetatik Arantzazuko basilikako kriptarako egindako muralen zirriborroek eta eskultura proposamenek ematen diote jarraipena.

'Sakratua' erakusketa
Noiz: azaroak 7 - abenduak 8
Non: Gasteizko Vital Fundazioaren erakusketa aretoan

Horrekin batera, gau bakar batean sortutako euskal segida kosmogonikoa ageri da. Pertsonaia mitologikoak dira 1970eko hamarkadan egin zuen obra horren inspirazio iturri. Basterretxeak uste zuen euskal mitologiak beste trataera bat behar zuela, aldizkarietako komikietatik kanpo. Hamazortzi irudien zirriborroak garapena izan zuen 70eko urteetan barrena, eta sortzaile poliedriko eta geldiezinak egurrean landu zituen irudiak.

Sakratua erakusketaren lehenengo atal honetan, ilargi-amonaren maskarak, disko formako hilarriak eta Lasarteko (Araba) elizarentzat egin zituen gurtzarako objektuen argazki eta zirrimarrak aurkituko ditugu. Basterretxearen hitzetan, haren obran topa dezakegun bereizgarria da sakratutasuna. Izan ere, sakratua denak ematen duen askatasuna bilatzen du artistak, sakratua irudimen hutsa baita. 

Argazkia: Dospordos

Erakusketaren bigarren gunean sortzailearen formakuntzaren ibilbidea dago. Argitaratu gabeko pieza ugari dago, eta horrek aldendu egingo gaitu Basterretxea eskultore huts gisa ikustetik, haren alderdi ez hain ezagunera hurbiltzeko aukera emanez.
Hirugarren eta azkenengo eremuari dagokionez, pinturatik espaziorako ibilbidea dago. Alde batetik, herri-lanak pisu handia dauka; adibidez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa irudikatzen dituzten bi egurrezko eskultura eta harrizko beste bat. Bestetik, diseinu industrialari egindako ekarpena ikusgai dago. Gaur egun guztiz modan egongo liratekeen aulki eta besaulkien diseinu zirriborroak eta miniaturazko zein errealitatezko ereduak ikus daitezke, gara haietako ukitu vintagearekin.

Familiako kideen erretratuak, fotomuntaketak, argazkigintza esperimentala, kartelak eta lan grafiko ugari ere aurkituko ditugu artista ezagun honen atzera begirako ariketa honetan. GAUR abanguardiako euskal artisten taldeko bultzatzaile eta kidearen historia pertsonala ezagutzeko aukera zabaltzen digu erakusketak, iragana ezagutuz oraina eraikitzeko.

Argazkia: Dospordos
Argazkia: Dospordos