“Artea ez da zerbait esateko egiten, zerbait ikusteko baizik”

  • Idatzi batetik bestera jauzika dabil Jon Mikel Euba. Hitzaldi-ohar bat editatzen hasi eta konturatzerako Vulnerario (Caniche, 2021) erne zitzaion, bere jardun propioan oinarritutako arte-teoria liburua. Larraskituko bere lokalean hartu gaitu, eta Bilboko panoramika parean dugula aritu gara liburuan aipatzen diren hainbat auziri buruz: erabaki pertsonalen atzean dagoenaz, arte-sistema anglosaxoiaren malurez, bere genealogiaz, eta beste.


2021eko azaroaren 07an
Argazkiak: Dani Blanco
Argazkiak: Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Holandan arte kolektibo batekin lanean ari zela gertatu zitzaion. Performance “izugarri garestia” egiten zuen orduan Jon Mikel Eubak (Zornotza, 1967), “benetako zaldi eta guzti”. Emanaldiak ezaugarri mordoa bete behar zituen: zaldia testuinguruz kanpo aurkitzea, ez irristatzea, bolumen handiko musika jasatea, jende artera ez ihes egitea… Ekoizpenak hainbeste buruhauste sortzen zizkion, e-mailak bidaltzen igarotzen baitzuen eguna. “Ohartzerako, idazten amaitu nuen”. Gainera, tartean ziren argazkilariak, soinulariak eta beste dozenaka pertsona –performer-ez gain–, eta denei azaldu behar izaten zien bere asmoen berri. “Edozein erabaki hartzerakoan norberak barneratuta duen ideologia hitzez esplizitatu behar izan nuen etengabe”. Oharkabean hasitako ariketa horri jarraipena eman zion gerora, eta egun, bere zeregin nagusia du idazketa. 2016ko Writing Out Loud (If I Can´t Dance) liburuan hitzaldi sorta bat bildu zuen, eta berriki argitaratu du Vulnerario, aski egitura konplexukoa, eta balantzaka dabilena saiakeraren, egunerokoaren eta autobiografiaren mugetan. Erabaki pertsonalen atzean dagoenaren disekzio zorrotza egiten du –eta baita liburua idatzi bitartean piztutako gogoetak jaso ere, matrioxka ariketa betean–.

Dinamika negatibo batean trabatuta zeunden une batean sortu zen Vulnerario, eta, nolabait, liburua idaztea izan da dinamika positibatzeko zure modua. Nola, zehazki?

Oteizaren aipu batekin du zerikusia. Harentzat, izate estetikoa –artelana– hiru izateren nahasketa da: batetik, izate bitala –artelana egitera bultzatzen zaituen faktore humanoa–; bigarrenik, izate ideala –geometriarekin lotutako ideiak, esaterako–; eta, azkenik, material erreala –lanerako darabilzun materiala–. Batzuetan frustrazioak zaramatza zerbait egitera, baina hori besterik ez badaukazu, inori inporta ez dion asmo txarreko lan bat besterik ez duzu egingo. Vulnerario-ren lehen zirriborroari borborka zerion frustrazioa, baina –Ferlosiok esaten zuen bezala– zertarako hasiko naiz inor iraintzen, harengandik zerk sumintzen nauen pentsa badezaket? Orduan otu zitzaidan lehen kapituluko ideia: pertsona batek erabaki behar du ea lana utziko duen ala ez, eta azken erabakia hartzera daramaten pausoak ahalik eta xeheen jasotzen ditut. Auzia liburura nola eraman ulertu arte ezin izan nuen nire baitan konpondu. Hortaz, liburuko material bital-humano hori material errealaren mendean dago, nolabait.

Erabaki indibidual bakoitzaren atzean dagoenaren erradiografia modukoa egiten duzu. Une batez aipatzen duzu zure planteamendua linealegia dela ziur asko, instante batean gertatzen den fenomenoa modu sekuentzialean azaltzeak kausa-efektu erlazioa nabarmentzen duelako.

Bai, oso zaila da gertakari errealak geure bitartekoekin azaltzea, gauzak askoz konplexuagoak direlako. Hori izan da erronka zailena: nola irudikatu erabaki bakoitzaren atzeko konplexutasuna? Konplexutasun hori nolabait bilduko duen trikimailua asmatu beharra daukazu. Errepresentazio arazo bat da, finean. Azkenean, erabaki nuen kasu bakoitzean ageri ziren pertsonei A eta B hizkiz deitzea, garbi ikus zedin edonork izan dezakeela errua besteari botatzeko tentazioa.

"Arteak hori du ona, zu zeu izatera derrigortzen zaituela. Eta ez bazara zu zeu, segituan nabaritzen da"

Fokua faktore psikologikoetan jartzen duzunez, alde batera uzten dira bestelako faktoreak –materialak, adibidez–. Erabaki horrek ez al du indartzen norbanako autonomoaren ideia xaloa –hartzen ditugun erabakiak soilik norbere baitakoak balira bezala–?

Interesgarria da hori. Ez dakit, niretzat indibidualtasuna ez da existitzen. Ni ez naiz ni soilik, egunero elkar kontsultatzen dugun jende hori guztia ere banaiz. Denok gara denok. Egia da badudala joera ekintza bakoitzaren nolakotasunaz eta zergatiaz gogoetatzeko. Feldenkrais egitearekin dauka zerikusia, ziur asko. Gorputz mugimenduarekin lotutako metodoa da, eta arreta inklusiboa lantzen du etengabe. Bost urte daramatzat zerbaitetan arreta jartzen den unea lantzen, zerbaiti bere osotasunean erreparatzen ikasten. Zerbaitetan kontzentratzean, arreta galtzen da beste eremu askotan. Idazle batek idazmahaian lanpara pizten duenean sortzen den irudiak balio du adibide bezala: artista argiztatuaren aldean sortzen da eremu ilun bat. Liburu honetan saiatu naiz eremu ilun hori guztia eremu argitsura eramaten. Vulnerario idatzi bitartean asko kontzentratu behar izan nuen, baina gero, idatzitakoaren konplexutasuna zenbaterainokoa zen jakiteko, marko hura puskatu besterik ezin nuen egin, hura idatzi bitartean zer ari zen gertatzen gehitzeko. Horixe izan da liburu hau: marko baten barnean zerbait sortzera zihoala ematen zuenean markoa puskatzea, eta gero, puska horiek guztiak liburuan nola kabitu zitezkeen pentsatzea.

Artista-belakiaren kasua aipatzen duzu: nola zenbaiten obrak joera duen besteenen oso antzekoa izateko, baina azaleko plano formal batean bakarrik –eta ez egiturazkoan–.

Artea egitura baten ondorioa da niretzat. Beti. Gai naiz oso denbora gutxian edozein artistaren teknika antzemateko. Hiruzpalau aldiz zer egiten duen ikusiz gero, kito: posible dut hark egingo lukeen bezala zerbait lantzea. Besteen teknika ikastetik landu izan dut neure teknika, betidanik. Porositate handiko jendea dago artean –ofizio guztietan bezala–, edozerk eragiten die segituan. Ez dute asmo txarrez egiten, izaera kontua da. Baina zure jarduna horretara mugatzea oso tristea da, pertsona erdia izatea bezalako zerbait. Arteak hori du ona, zu zeu izatera derrigortzen zaituela. Eta ez bazara zu zeu, segituan nabaritzen da. Bada beste jende mota bat ez dena oso gogoetatsua, gauzak oso modu intuitiboan egiten dituena, baina ohartzerako artelan bat sortuko dizuna.

Eta artelan intuitibo horietan ere badago egitura, noski.

Hori da. Ez duzu zertan marrazki hobea egin gehiago pentsatzeagatik. Bi egitura mota dira bata zein bestea, baina egiturak, finean.

Jaso duzu laguntzaileaz aprobetxatzen den artista handiaren kasua ere, bere obra sortzen duena laguntzailearen obraren erreakzioan.

Artista oso ezagun baten kasua da. Hori zen bere teknika: laguntzailea lanean jartzen zuen, eta hark egindakoaren gainean sortzen zuen bere lana. Laguntzailea teknifikatzen zuen, zimino bati bezala iseka egiteko ordaintzen zion. Despota ankerra zen. Hori bai, gero bere obrak oparitzen zizkion, eta egun, egurtzen zuenaren obretatik bizi da laguntzailea. Edonola, niri kasu horretatik interesatzen zait azaltzea nola teknikoki askoz ere errazagoa den gaizki egindako zerbait zuzentzea, ezerezetik sortzea baino. Masa kimatzea beti da errazagoa masara heltzea baino.  

Liburuan erabaki pertsonalak disekzionatzen dituzun arren, erabaki artistikoek antzeko forma daukatela iradokitzen duzu. Zertan dira antzekoak batzuk zein besteak?

Ez da hainbeste antzekoak direla, ezpada Vulnerario-ko pertsonaiak antzeko moduan ebazten dituela biak. Frogatuta dago gutako bakoitzak hartzen ditugun erabakien atzean eragin pila bat daudela. Ateratzen badizute kafe bat plastikozko edalontzian, eta beste bat zeure aurrean pertsona izugarri atsegin batek prestatua, askoz ere gehiago gustatuko zaizu bigarrena –nahiz eta biak kafe berbera izan–. Edo jendeari galdetuz gero zergatik erosi duen aspiragailu zehatz bat, erantzungo dizu itxuragatik edo funtzioagatik dela, baina egiaztatuta dago soinuagatik dela –soinu mota batzuek ez digute segurtasunik ematen–. Edo pentsa dezakezu alderdi bat bozkatzen duzula zure ideiengatik, eta benetan hautagaiaren jertsearen koloreagatik ari zara bozkatzen. Oso manipulagarria da geure buruaz daukagun ideia, erabaki baten arrazoitze prozesua gezurra da kasuen %90ean. Liburuan aipatzen dut lana oso modu martzianoan uztera doan baten kasua, eta esaten dut martzianoa dirudien erabakitzeko modu horren egitura oso bat datorrela artearen funtzionatzeko moduarekin –non sekula ez duen agintzen zentzuaren marra zuzenak–. Baina egun arte eskoletan hori erakusten da: herrialde anglosaxoi batean bazaude, ildo postkoloniala landuko duzu; portugaldarra bazara, koko palmeraren ez dakit zer… Dena da oso agerikoa.

Hainbesterako al da?

Eskolan erakusten dizute dirua eskatu behar duzun unerako prestatzen, eman dezala badakizula zer egingo duzun. Lehen esaten zenuen: “Emadazu dirua, ez baitakit zer egingo dudan –baina ondo egongo den zerbait izango da–”. Orain dena oinarritzen da proiektuan, eta ez prozesuan. Baina arteak prozesuarekin du zerikusia: piezako erabakiak piezan bertan txertatu behar dituzu. Aldiz, arkitektura, adibidez, gauzatzen den proiektu bat da. Ezin dituzu desegin eraikitako pareten erdiak, ez daukazulako horretarako astirik. Praktika batzuek tempo bat daukate, eta beste batzuek beste bat. Artean gaur egun artikulatuta egoteko eskatzen dizute, eta horrek ez dauka batere graziarik. Jo dezakezu larrua, eta, horretan aritu zarenez, haurdun gelditu; edo izan ditzakezu 40 urte, ume bat edukitzeko gogoa, eta, beraz, ostiralean arratsaldeko bostetan larrua jotzeko gelditu: ez daukate zerikusirik larrujotze produktibo horrek eta umerik bilatzen ez duen plazeraren produktuak. Artistak instituzioen hizkuntzan dabiltza gero eta gehiago, arrazoi ekonomikoengatik. Dirua nahi baduzu, jakin behar duzu egingo duzunak zenbat balioko duen eta zenbat iraungo duen. Absurdua da. Ekoizpen moduak ere instituzionalizatzen ari dira. Adibidez, hezkuntzatik gero eta ikasle gehiago ateratzen dira pentsatuz artea egitea dela ideia bat ilustratzea. Zirrikitu guztietatik sartzen ari den sistema anglosaxoiarekin du zerikusia, eta kultura protestantearekin ere bai. Katolikoek, kulparen auziarekin, askoz ere martxa gehiago daukate. Protestantismoaren ikuspuntua, aldiz, askoz ere puristagoa da, izugarri erreprimitua.

"Artistak instituzioen hizkuntzan dabiltza gero eta gehiago, arrazoi ekonomikoengatik"

Paradigma aldaketa hori belaunaldi arteko auzia da, ala zerbait zabalagoa?

Globala da. Gertatzen da gu hemen pixka bat garaiko joerez kanpo egon ginela. 30 urteak igarota ikasi nuen ingelesez, kalean, eta orain, hizkuntza horretan eskolak ematen aritu ondoren, ulertu dut nola funtzionatzen duen sistema anglosaxoiak –zeinaren barruan bizi naizen–. Duela sei urte Holandan ez zeukan hainbesteko eraginik, baina gaur egun joan Koreara edo joan Kolonbiara, eta sistema anglosaxoia aurkituko duzu. Garai batean erlijioa zen bezain errepresiboa da: ez zaitez gehiegi ukitu, ez ezazu plazer gehiegirik izan, kontuz pekatuan erortzearekin… Beste argumentu batzuekin, baina sistema errepresorea da. Godardek zioen edonork duela Hitlerren antza ezpain gainean marra beltz bat marraztuz gero, guztiok daukagulako fatxa bat barruan. Iruditzen zait oharkabean fatxa bihurtzeko arriskuan gaudela, beste zerbaitetan gabiltzalakoan. Jendeak ingurukoak zikiratzen gozatzen du.

Zein toki izan dezake arteak hor?

Gero eta txikiagoa. Artean uneoro dena azaltzeko eskatzen dizute. Lehen erakusketa bat egiten zenuen, eta kito. Egun, erakusketa bat egitean eskatzen dizute testu bat idazteko, jendea ez dadin estutu. Baina nik arteari ezer eskatzen badiot hori da estutu nazala, zerbait ikustean galde dezadan: “Zer arraio da hau?”. Joera horrek, gainera, obraren kontrola areagotzen du. Ikasle batek esan zidan lehengoan: “Nire tesia nirea ez balitz bezala bizi dut”. Dela zure ingeles maila ez delako nahikoa, dela itzultzaile bat topatu behar duzulako, azkenean, beti esango dizute ez dela ulertzen, eta idazten ari zarenak amaituko du beste zerbait izaten. Zuzentasunak agintzen du. Ingelesa aski sintetikoa da berez, konplexutasuna ezabatzen du, onerako zein txarrerako. Adibidez, “artista plastiko” itzultzen dute “visual artist” bezala. Baina plastikotasuna oso gauza konplexua da, eta bisuala, soilik bisuala. Pentsa zenbat dimentsio ezabatzen diren. AEBetan bizi den filosofo espainiar batek zioen: “Saiatu naiz ingelesez idazten ahalik eta ideia ez-ingeles gehien”. Nik antzeko zerbait egiten dut: ingelesa gaizkiaren hizkuntza bada, saiatzen naiz hizkuntza horretan sartzen beste nonbaitetik datorren ideologia ahalik eta gehien.

Eta nondik dator ideologia hori, jakin badaiteke?

Bestelako idiosinkrasia batetik. Euskalduna naiz, elebiduna, nire gatazka izan dut eskolatzearekin, azentua kentzearekin… Etxean arrebak eta biok gazteleraz hitz egiten bagenuen gurasoek dirua ordainarazten ziguten, haiek umetan euskaraz arituz gero irakasleak ahotik kaiena pasatzen zien bezala. Beraz, etxean debekatuta geneukan gaztelaniaz aritzea, baina telebista iritsi zen, eta gu lelotuta gelditzen ginen gaztelaniarekin. Bestalde, 50eko hamarkadatik hemen arte testuinguru oso indartsua bizi izan dugu, harrigarria da zenbat artista distiratsu atera diren. Horrek testuinguru propio bat ematen dizu, inguruan gertatzen ari denetik halako autonomia bat.

Oteizak zioen gaztelaniaz idatzi arren euskaratik ari zela sakonean. Operazio bera egin nahi duzu zuk ingelesez?

Erabat. Eta ez ingelesez bakarrik, gaztelaniaz ari naizenean ere ahalik eta euskarazko sentsibilitate gehien sartzen saiatzen naiz, azken batean hori baita erosoen sentitzen naizen hizkuntza. Nire aitarekin ez dut gaztelaniaz hitz erdirik egin sekula, baina ez naiz gai kontu hauei buruz euskaraz aritzeko [gaztelaniaz egin dugu elkarrizketa]. Baina zera esan nahi dut: Frantzian ordu erdi menpeko perpausen bidez hizketan arituta ere ulertzen dizute, beren kulturagatik. AEBetan, zure lana azaltzean, galdetzen dizute: “Ok. What´s the point?” (Ados. Baina zein da kontua?). Edonola, gustatzen zait borroka horretan egotea. Idaztea etsaiaren hizkuntzan hitz egitea da niretzat. Oso dislexikoa izan naiz betidanik, paragrafo bat idazteko ezgauza. Ingelesa ikasteak eta ordenagailuz asko idazteak lagundu dit, eta orain oso azkar idazten dut. Baina ezintasun horrek balio izan dit konturatzeko idazketa legitimatzailea dela bere baitan. Asko idazten baduzu asko pentsatzen duzu, eta, azkenean, gauza bat bestearekin lotuz, ideiak sortzen dituzu. Eta bereziki gazteengan pentsatuz, niretzat ariketa garrantzitsua bihurtu da ideiak eramatea betidanik gorrotatu dudan hitzen lengoaiara.

Artearen helburua lan-bitartekoaren muga materialak zein teknikoak aurkitzea dela diozu, eta horiek bortxatuz, beste leku batera eramatea. Garatu dezakezu ideia hori?

Artea mugetatik sortzen da, edo lan-bitartekoa bortxatzetik, edo norbera (norbere burua ?) mugaren bat gainditzera behartzetik. Munduko aukera guztiak eskura dituenak nekez egingo du artea, mugaren bat bilatu behar da beti. Edozein bitartekorekin lan egiten duzula ere, beti egingo dizu kontra. Bilatu behar duzu materia hori zuk nahi duzun tokira eramateko modua. Horregatik da errazagoa mugaren bat daukazunean, izan ekonomikoa, izan materiala. Niri ez dit balio esateak “ezin dut arterik egin ez dauzkadalako 20.000 euro”. Artista bazara, edozerekin zerbait egiteko gai izan behar duzu. Egoera idealak ez dizu inoiz obra ideala ekarriko. Mila aldiz egiaztatu dut: mugak handitzeak adierazpena handitzea dakar sarri. Eta irakasle bezala saiatzen naiz horrekin jokatzen: muga handiak jarriz lagunduko dizut toki batetara lehenago heltzen, eta agian zeure kabuz hamar urtean egingo zenukeen bidea azkartzen.

"Niretzat ariketa garrantzitsua bihurtu da ideiak eramatea betidanik gorrotatu dudan hitzen lengoaiara"

Aipatzen duzu artean motiboak existitzen direla, eta ez gaiak. Zer esan nahi duzu?

Anbiguo samarra da “motibo” hitza, eta kontuz ibili behar da, ez bainaiz motibazioaz ari. Nik errepresentazio ariketak egiten ditut. Margolan batean bodegoia baldin badago, sagarrez betetako saski hori da motiboa. Ez esan “fruta ustel batzuk jarriko ditut heriotzaz hitz egiteko”, mesedez. Hori literatura da, zentzurik txarrenean. Kultura latindarraren arazoa da –Oteizak esango lukeen bezala– pentsatzeko modu figuratiboa daukala. “Hori zeri buruzkoa da?”, galdetzen dute. Eta ez, nire lanak ez dira zerbaiti buruzkoak. Artista plastiko bezala, interesatzen zait zer errepresentatzen dudan liburu batekin, eta ez horri ematen zaion interpretazio osoa. Interpretazioa aldakorra da beti: nire bideo bat hemen terrorismoaren apologia zen, Txilen fikzioa, eta AEBetan pelikula bat, artelana zerbaiten metafora bezala ulertzen dutelako.

Susan Sontagek horixe salatzen zuen: artearen gaineko begirada interpretatiboa nagusitu dela.

Erabat. Jende asko dago bere tematika propioa sinesten amaitu duena. Baina arteak bestela funtzionatzen du: zerbait ikusi nahi duzu, eta egin ahala ikusten duzu. Aurrez esatea “heriotzaz eta maitasunaz hitz egingo dut”, hori zaborra da. Artea ez da zerbait esateko egiten, zerbait ikusteko baizik. Gero, noski zerbait esango duela egin dudan horrek, baina erabat bigarren mailakoa da hori. Godardek zioen: sagarra jaten duzunean ez duzu ulertzen, baina jan egiten duzu. Ez dago zer ulerturik, sagarrarekin esperientzia bat edukitzen ikastea besterik.

KOADRILA: “Afektuak dira zikiratzaileenak, eta, Euskal Herrian, bereziki, koadrila. Gure garaian, koadrilari zure bikotea gustatzen ez bazitzaion, mugida ederra zeneukan. Edo tabernan sartzean, zerbitzariak galdetzen zuen: zuria ala beltza? Ez okurritu Coca-Cola eskatzerik. Oinarri hori oso sendoa da, baina oso erreprimitzailea. Artista izateko erabat suntsitu behar da kontrol kolektiborako edozein egitura. Orain, inguru oso aberatsa daukat: Itziar Okariz, Sergio Prego, Ibon Aranberri, Asier Mendizabal, Iñaki Garmendia, Lorea Alfaro, Jon Otamendi… Oso desberdinak gara denok, baina etengabe elkarbanatzen ditugu gure lanak. Koadrila bat gara, alderdi txarra kenduta. Distantzia handiko kolektibotasuna daukagu”.


ARTELEKU: “1994an Artelekura joan nintzenean mundua ireki zitzaidan. Fakultatea amaitzean ez neukan egin nahi nuenaren arrastorik. Garbi neukan bakarra zen ez zitzaidala galerien mundua interesatzen. Serigrafia tailer batetara joan nintzen hara, eta han klase guztietako jendea zebilen, argazki tailerretan, kritika tailerretan, arratsaldean denok batera pelikula bat ikusten genuen, gero hari buruz eztabaidatu… horrela bizi zarenean ia egunero bi urtez segidan, ohartzen zara zer ez zaizun interesatzen eta zer bai. Artelekuk balio izan zidan artista izan nahi nuela konturatzeko. Oso indartsua izan zen niretzat. Ezinbestekoa”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Kolono europarrek Afrikan lapurturiko 500.000 artelanak itzultzeko ariketa nekeza

Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]


Wikipediako 2023ko argazki onenak: naturako argazki ikusgarriak nagusi

Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]


Yun Ping. Aldiro etxera itzuli
“Inor ez da gauza bakar bat, ezta gauza oso itxi bat ere”

Uda osoan ikusgai egon dira Yun Ping artistaren argazkiak Donostiako Cibrian galerian. Identitate-prozesuak dituzte langai, generoaren eta arrazializazioaren bidegurutzean. Irailaren 12an, erakusketaren aktibazio eta itxiera gisa, Yun Pingek performance publiko bat egin zuen,... [+]


Zergatik daude Renfeko trenak inoiz baino grafiti gehiagorekin margotuta?

Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.


Montse Borda. Pinturaren artisaua kobazuloan
“25 urtez astebururo fabrikan ari naiz, baina horrek astegunetan tailerrean egotea ahalbidetzen dit”

Iruñeko Arrosadia auzotik pasatzen naizen aldiro sartzen dut burua Santa Marta kaleko tailerrean. Hor da Montse normalean: potetxoan pintzela sartu, trapu batean ia pintura dena kendu eta pintzela mihisean igurzten, begiztan. Bere espazio-denboran sartu naiz gaur eta... [+]


2024-09-24 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 4. eguna
Hurbilekoa beti da hunkigarria


2024-09-23 | Estitxu Eizagirre
"Ilargia eta landareak" 2025eko agendaren aurkezpena
Landareei eta piztiei buruzko hitzaldia, ilustrazioak eta bertsoak Tolosan irailaren 26an

Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]


Juan Luis Goenaga artista zendu da, 74 urterekin

Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


“Asmo politikoak ematen dio zentzua jakintza kolektibizatzeari”

Ekida Arte Ekimen Sozialistak arte eskola antolatu du Donostian, asteazkenean hasi eta larunbatera bitartean. Paraleloki, lau egunez, bi formakuntza saio egingo dira: muralismoari eta arte bisualei buruzkoa bata; eta antzerkiari eta arte eszenikoei loturikoa bestea. Sarbidea... [+]


Kronika: 'Liburu ausartak' jardunaldia
Isilak, mutuak, zuriak... eta ausartak

Otsailaren 23an abiatu ginen Zaragozara (Aragoi) lagun bat eta biok. Bera Haur Hezkuntzako maistra eta ni literatur dinamizatzailea. Album! elkarteak (haur eta gazte literatura argitaratzen duten argitaletxe independenteak biltzen dituen egitura) antolatutako ikastaroak gure... [+]


2024-06-21 | Sustatu
AA irudien lehiaketa batean tranpa, benetako argazkia aurkeztuta

Interneten oinarria duen argazkigintza lehiaketa batean, 1839 Color Photography Awards delakoan, tranpa gertatu da. Kategoria berezia sortu zuten 2024ko ediziorako, Adimen Artifizialeko irudiak aurkeztekoa, eta irabazleak tranpa egin zuen, argazki erreala aurkeztuta irabazi zuen... [+]


Eguneraketa berriak daude