Komikia da? Ikerketa? Testigantzen bilduma? Dom deituriko egileak Nafarroa Behereko zazpi 'bekatoros' elkarrizketatu ditu eta haien hitzekin eta bere irudiekin osatu du gaur aurkezten dizuegun lana. Bekatorosaren konnotazio negatiboa positibo bihurtuz gay, lesbiana eta bisexualak berbetan entzungo ditugu, letrak ere irudi bihurtzen direla tarteka, bihurgunetsu, espazioa okupatuz.
Bekatutzat, gaixotasuntzat eta delitutzat jo izan da sexualitatea heteroarautik at bizitzea denboran zehar, eta hortik datorkio izenburua. Ez da hautu isolatua izendapen horrena, izan ere, XXI. mendean egonda ere, tradizio eta erlijio kristauaren eragina pentsa baino itzal luzeagokoa da oraindik. Adibidez, iaz argitaratu zen Pecadoras capitales komiki kolektiboa edo aurtengo It’s a sin telesaila horren erakusgarri dira, Domen lanarekin batera.
Azala eta kontrazala dira kolorez jantzita agertzen zaizkigun bakarrak, barruko orrialdeetan zuri-beltza delako nagusi. Baina kanpoko aldean manifestazio bat topatuko dugu: azalean lehen lerrokoak guri begira, poza eta amorrua adierazten duten manifestariak jarraian, musika eta dantza kontrazalean, eta sexu askatasunaren aldeko aldarrikapen guztietan ikus daitekeen aniztasuna, harrotasuna eta komunitatea.
Glokala ere badela baieztatu dezakegu, Nafarroa Beherean kokatzen den arren, bertako ahotsek sexilioa aipatzen dutelako –Baionara, Iruñera, Londresera, Parisera edo Montrealera joandakoak direlako haien askatasunaren bila–.
"26 urte ditut. Bekatorosa naiz. Eta hala sortu nintzen". Horrela hasten da hitzaurrea, egilearen coming-out edo armairutik kanporako adierazpenarekin. Jarraian ditugu 25 eta 55 urte arteko elkarrizketatuen esperientziak. Amaieran, “hiztegi laguna”, Euskal Herriko hegoaldekoak ez daitezen galdu euskalkiaren bihurguneetan.
"Ni euskalduna, bisexuala eta paganoa naiz" irakurriko dugu, edo "20 urte nituelarik, homosexualitateak ez zuen euskal munduan tokirik, edo biziki guti, eta ez nuen ikusten nola integratzen ahal nintzen", zapalkuntzen eta pribilegioen intersekzionalitatea orriotara ekarriz. Homo-lesbo-fobiari aurre eginez urratu dute askapenerako bidea, irakurleari erakutsiz eurena ez dela bekatu.