argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Zaharra zara, Bilbo
  • SBAU 2021 hirigintza eta arkitekturari buruzko nazioarteko biurtekaria Seulen egiten ari dira uneotan. Bilbo hiria bertan da, beste hiriekin proiektuak aurkezten, baina besteak baino stand gehiago okupatzen (!). Bilboko Udalak Seulen egindako kolonizazioan erakutsi ditu diseinuarekin jantzi dituen proiektuak: Fosterrek egingo duen Arte Eder museoaren zabalpena, Kunsthal-Design institutua, Auzo Factory Matiko, As Fabrik, Bilbao CT Lab, Azkuna Zentroa. Bilboko Plan Estrategikoen zinegotzia da pastela azaltzeko ordezkaria. Menua zerbitzaturik dago.

Ula Iruretagoiena 2021eko urriaren 19a

Oharkabeko eta munta gutxiko albistea da arkitekturako ikuspegitik; bienalean bildutakoak etorkizunetik gutxi du, zaharrak berri jantzirik, ez besterik. Eraikinak hiriko azpiegitura klabeak bilakatuko diren ideiatik burutu da, eraikinek etorkizuneko edabe magikoa izango balute bezala. Arkitekturak gaitasun eraldatzailea izan dezakeen arren, plan baten gainean egin behar da, saretze sozial eta politiko baten emaitza gisa, bestela espazio hutsa izateko arriskua du.

Bilboko Udalari trebezia handia onartu behar zaio hiriaren marketin kanpainak egiten, “Bilboren transformazioa” munduko ertz askotara eramaten jakin duelako. Ez dezagun ahantz hirien komertzializazio fenomeno globalaren hasiera Bilbon gertatu zela, Guggenheim efektuarekin. Baina oiloak bere arrautza guztiak ez al ditu eman dagoeneko? Ezaguna zaigun matrakak, asperdura eta lotsa baino gehiago, larritasuna sorrarazten du. Bestelako foroetan esaten denagatik, hurrengo pantaila batean gaude. Hiriei eskatuko zaie datorren baliabideen eskasia aroa berregituratzea, gizartearen segregazioa, klimako errefuxiatuak edo hirien osasuna kudeatzea, eta dagoeneko berandu goaz.

Gurean, “Mugak” Euskadiko Nazioarteko Arkitektura bienalaren 3. edizioa  martxan da. Ea bertan esperantzarako osagairik eskaintzen duten.