Agnes Heller da pentsalari bat zeinaren biografia gurutzatu duen XX. mende ia osoak. 1929an jaioa, judua, hungariarra, emakumea, ezer onik iragartzen ez zuten hiru identitate, haren esanetara. Naziak joan zitzaizkion bila, Danubio ia izoztura salto egitekotan egon zen, lortu zuen iskin egitea; txiripaz, aurrera atera ziren guztiek hala atera baitziren, txiripa hutsez. Komunista izanik, stalinistek jazarri zuten gero, eta alde egin behar izan zuen Australiara, Estatu Batuetara. Budapestera itzuli ahal izan zenean berriz, zer aurkituko, eta Viktor Orban ultraeskuindarra. Ez da zail ulertzen, hala, Hellerren pentsamendua ideia nagusi baten bueltan egituratu izana, askatasunarena; baina ez biharkoa, ideala, utopikoa, baizik eta gaur-gaurkoa, gizabanakoarena, eguneroko bizimoduan eragiten duena.
Gaur hona ekarri nahi izan badut, ordea, da elkarrizketa batean irakurri niolako ondorengoa: “Inork galdetuko balit, filosofo gisa, zer ikasi beharko litzatekeen institutuan, erantzungo nioke: beste ezer baino lehen, soilik gauza inutilak, antzinako greziera, latina, matematika purua eta filosofia. Bizitzan inutila den guztia. Ederrena baita, hala, 18 urterekin, denetarik egin ahal izateko ezagutza inutil sorta bat daukazula. Ezagutza utilekin bakarrik gauza txikiak egin daitezke eta”. Filosofia derrigorrezko hezkuntzatik desagerrarazi nahi duten honetan, pentsatzen dut Enpresen balioespena, Finantza-arriskuen gestioa, Cash Management eta antzeko gauza utilak ikasteko, ez dago gaizki Hellerren hitzak gogoratzea. Orain filosofia baita, ondoren izango da literatura, eta aurrerago gizabanako egiten gaituen gainerako guztia.
Heriotzak harrapatu zuen 90 urterekin Heller, igeri egiten, bere pasio handienetarik, Balaton lakuko uretan. Ez dut heriotza isil, baketsu, lasaiagorik irudikatzen. Halatsu desagertuko dira seguruenik filosofia, literatura, eta gizabanako egiten gaituzten gainerako gauzak; gauza, guztiak ere, zalantzarik gabe, inutilak.