argia.eus
INPRIMATU
Eta 2021eko uda hartan Kubaren osasun sistema ia arnasarik gabe utzi zuten Covid-19ak eta Joe Bidenen zigorrek
  • Nekez ahantziko dute 2021eko uztaila kubatarrek. Beren osasun sistema eredugarria, pandemiaren larrialdian laguntzera mundu osora ehunka mediku eta erizain bidaltzeko gai izan dena, bat-batean K.O. geratzeko zorian aurkitu da joan den uztailean, AEBek ezarritako blokeo ekonomikoaren ondorioz botika faltan, azpiegiturak erabat ahulduta. Oxigenoa ekoizteko fabrikaren matxurak ia eman zion azken errematea.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2021eko urriaren 24a
Larrialdiko ospitalea Holguín hirian. Covid-19 pandemiak zenbait astez itota eduki du Kubako osasun sistema, baliabide faltagatik. Argazkia: Canal Caribe.
Larrialdiko ospitalea Holguín hirian. Covid-19 pandemiak zenbait astez itota eduki du Kubako osasun sistema, baliabide faltagatik. Argazkia: Canal Caribe.

Oso bestelakoak ziren aurreikuspenak urte hasieran. Urtarrilean Net Hurbil-en iragarri genuen udarako Kubak bere populazioaren zati handi bat COVID-19aren kontra txertatuta edukiko zuela, uhartean bertako teknologiaz garatutako txertoz. Helburua uda amaieran lortu du. Baina tartean, aspaldiko ekaitzik bortitzenak astindu du Kuba, koronabirusaren delta aldagaiak eta AEBek eragindako estutasun ekonomikoen kontrako protestek osatutako ekaitz bikoitzak.

Fidel Castrok agintea hartuz geroztik ez da 2021eko udakoak bezalako protestaldirik ezagutu uhartean, ez bada 1994an Sobiet Batasuna amilduta Kubak bere aterki handia galdu ondorengo Período Especial latzaren erdian Habanako itsas hegian lehertutako Maleconazo hartan. Janari eskasia hirietan, argindar mozketak behin eta berriro, turismoaren etenak eragindako langabezia, Alderdi Komunistako agintariek iragarri bai baina abian jartzen ez dituzten erreforma ekonomikoak, belaunaldi berrien urruntasuna sistemarekiko, telefono mugikorren eta sare sozialen eragina… horiek eta beste hainbat arrazoi aipatu dira uztaileko beroaldiaren piztailetzat.

Denak ere estu lotuta daude AEBek hamarkada luzez ezarritako blokeoari, Barack Obamak agindu bai baina arindu ez, Donald Trumpek are gehiago gogortu eta Joe Bidenek hauteskundeetako hitza janda, muturreraino eramandako zigor ekonomikoari. Pilatutako ezinegonak sutzeko txinparta COVID-19ak eragin du, antza, bai kutsatze katea eteteko agintariek ezarritako itxialdiagatik eta baita Kubako osasun sistema ia lehertzeko zorian utzi duelako ere. Habanatik The Guardian-eko korrespontsalak honela laburbildu zuen larrialdia: “Kubako osasun sistemak hondoa jo du koronabirusa andui ikaragarri batek zanpatuta. Medikuntzako hornidura gabeziak paralizatu du COVID-19aren kontrako erantzuna, pandemiak eta AEBen zigorrek eragindako krisi ekonomikoaren erdian”.

Emakumeak Habanan Abdala txertoa hartzeko zain. Argazkia: Ramon Espinosa

Kontua da udaberrian egoerak kontrolpean zirudiela Kuban. Osasun sistema publikoak bazeukan indarra etxekoak artatzeaz gain, atzerrira bidaltzeko mediku eta erizainak laguntza brigadetan. Maiatzean Kuban egunero kutsatuak ez ziren milara iristen, hilak ere ez hamarrera eta txertaketan lehen urratsak ematen hasia zen.

Bertako teknologiaz sortutako Soberana 02 eta Abdala txertoak artean proba klinikoen 3. fasea amaitzeke zeuzkatela, Habanako agintariek erabaki zuten txertatzen hastea bai uharte osoko osasun sistemako langileak eta bai COVID-19 beroaldi gogorrenak nozitzen ari ziren eskualdeetako populazio jakin batzuk, hala nola Habanako zenbait auzune eta Matanzas eskualdekoak, denera 1,1 milioi.

Ekaina amaitzerako, txerto baten ordez, Kubak bi zeuzkan proba klinikoen 3. fasea gaindituta, biak ere Munduko Osasun Erakundearen parametroetan %90eko eraginkortasuna gainditzen dutenak, hiru dosiren ondoren. Biak ere Mendebaldean (Pfizer, Moderna…) nagusitu diren ARN txertoena ez baina aurreko belaunaldiko teknologiaz sortuak. Ordurako, ordea, Delta anduia sartua zen herrialdean, hasi ziren ugaritzen kasuak eta heriotzak... eta uztailean eztanda egin zuen izurriak bazter guztietan.

TXERTAKETAN MARKAK HAUTSIZ

Worldometer estatistika zerbitzuaren grafikoetan nabarmen ageri da uda zein hilgarria suertatu den Kuban. Uztailetik hasita irail amaieraraino, egunero 8.000 eta 9.000 kutsatu berri artean hauteman dituzte eta heriotzak 98taraino iritsi dira, hiru hilabeteetan egun bakar batean jaitsi gabe 40tatik.

Covid-19aren eraginez egunero hildakoak, 2020ko otsailaren 15etik 2021eko urriaren 7a arte: nabarmena da nola egin zuten eztanda heriotzeek joan den uztailean. Irudia: Worldometers

Koronabirusari aurre egiteko klase guztietako materialen faltan aurkitu dira uharteko mediku eta erizainak: botika beharrezkoenak, testak, musuko egokiak, injekzioak –txertoak barne– jartzeko orratz eta xiringak, jantziak... Baina esanguratsuena suertatu zen herrialdean ospitaleetarako oxigenoa ekoizten duen fabrikarik handiena egun horiexetan matxuratzea. Hura konpondu arteko egunetan zabaldu zen panikoa lekuko prentsa ofizialistan ere usain zitekeen. Aspaldiko eztabaida mingotsenak ezagutu dira hilabete horietan, herritarren eta osasun langileen artean, hauen eta alderdi komunistako funtzionarioen artean... Miguel Díaz-Canel lehendakariagandik hasita, Habanako gobernuko kideek lana gogotik egin behar izan dute herritarrak baretu eta lasaitzeko.

Miguel Díaz-Canel Bermúdez lehendakaria Cotorroko oxigeno fabrika matxuratuan azaldu zen, konponketa lanak nola zihoazen ikustera abuzt 27an. Argazkia: ACN

Irailean baretu dira urak Kuban, gutxienez COVID-19ari dagokionez. Urri erditsutan, eguneko 3.500 kutsatu berri eta 30-40 heriotzatan zebilen, tartean, munduak ikusi duen txertaketa kanpainarik sendoena burututa. Urriaren 9an kubatarren %85ak COVID-19aren kontrako txertoaren dosi bat bederen hartua zuen eta %54,6k dosi guztiak. Datuak Our World in Data izeneko estatistika zerbitzuak eskainiak dira. Bitxia da nola ez duten aipatu ere egin lorpen hori gurean COVID-19aren kontrako itxaropen guztia txertoetan jarrita daukatenek. Dosi bat hartutakoetan, Kuba munduko herrialde txapeldunetan kokatu da irail amaieran; konparaziorako, irailaren 26an hartu zion aurrea Espainiari, lehen dosia herritarren %80ari emanda. Txertaketa protokoloa (bi dosi txerto gehienekin, hiru dosi kubatarrekin) osatu dutenen kopuruetan Kubak %70 gainditua izango du azaroaren 15erako.

Mundu mailako estatistiken grafikoei begiratuz gero, Kubaren txertaketa kanpainan berezitasun handi bat ikusten da: herrialde aurreratuak urtarrilean hasi ziren eta Kuba askoz beranduago, baina hasiz geroztik abiada harrigarrian ari dira amaitzen. Maiatzaren 12an populazioaren %0,6 baino ez zeukan lehen dosia jarrita –Espainiak ordurako %30,1 zeramatzan, Frantziak %28,7, Estatu Batuek %52…–. Baina txertaketa masiboari ekin dionetik, inork ez du berak adina txerto jarri egunero. Irailaren 23an markak hautsi zituzten, 100 herritarretik 2,8ri dosi bat ipinita. Oso herrialde gutxik gainditu dute eguneko %1eko kopurua kanpaina osoan.

Urriaren 13an COVID-19aren munduko estatistiketan Kuba hirurogeigarrena zen kutsatu kopuruetan, baina laurogeita hamalaugarrena heriotzetan –milioi biztanleko 700–. Kutsatuen eta hilen arteko proportzio horrek ere zerbait adierazten du kubatarren osasun sistemaren kalitateaz.

100 biztanleko zenbat herritarrek hartu duten gutxienez txerto dosi bat eta zenbatek dosi guztiak -berde ilunean- urriaren 20a arte: Kuban %84k bat eta %60,2k guztiak. Irudia: Our World in Data