argia.eus
INPRIMATU
Pogoak, rallyak eta ur sakonak
  • Bilboko Autonomia kalea gurutzatu eta Iparragirre kalea gorantz jarraituta, adreiluzko eraikin erraldoi baten azpian, supermerkatu txinatarra, ileapaindegi dominikarra, bodega latinoamerikarra, urdaiazpiko eta gaztak saltzen dituen almazena eta liburu-denda ebanjelista aurkitu ditugu gure ibilbidean. Negozio bizi horien artean, 66. zenbakian, argiztapen sotil eta goxoa duen lokala topatu dugu, art déco estiloko urre-koloreko atearekin. Barrura begiratu eta hiru eskulturaz eta argazki handi batez zipriztindutako espazio dotore eta arrazionalistarekin egin dugu topo. Eskailerak ikusi ditugu, bai gorakoan, nola beherakoan. Atea bultzatu eta Atoi-ra sartu gara.

Jone Alaitz Uriarte 2021eko urriaren 13a
Argazkia: Mikel Eskauriaza
Argazkia: Mikel Eskauriaza

Asko disfrutatzen dut arteari eskainitako ezohiko espazioak aurkitzen, eta Bilboko erdigune zaratatsuan proiektu artistikoei eskainitako lan-espazio berri hau topatu izana gozagarria da. Tractora Koop E. artisten kooperatibak martxan jarri duen proiektua da Atoi, eta egun Usue Arrieta eta Ainara Elgoibar artistek kudeatzen dute espazioa. Haien ibilbide artistikoa ezagututa, erabateko zentzua dauka espazioa inauguratzeko lehen erakusketa, edo fokua, Iñaki Garmendiari eskaintzea; bideogintza-lanean izan duen ibilbideagatik, eta bere lana jada erreferente bilakatu delako bideoan eta ikus-entzunezkoan jarduten duten artista askorentzako.

Iñaki Garmendia (Ordizia, 1972) bideogintzan ibilbide oparoa duen artista da, nahiz eta argazkigintzan eta eskulturan ere zabal aritu izan den. Egun, eskulturan ari da lanean, ezohiko formak esperimentatu nahian, nagusiki eskaiola erabilita lehengai gisa. Garmendiaren bideo-lanek, orokorrean, ez dute apaindurarik, forman gordinak dira eta punk estetikaren oinordeko direla esan daiteke. Askotan, gure testuinguru politikoko eta kulturaleko elementu eta gaiak hartzen ditu aitzakiatzat edo abiapuntutzat: gure kostaldeko diskoteken arkitektura, punk eta hardcore kontzertuetako publikoa edota gazteen aisialdirekin lotutako hainbat barne-istorio eta paisaia sozial; horietatik abiatuz, oso bestelako irakurketak proposatzen dizkigu. Bere bideogintza-lanetan badaude zenbait errekurtso estetiko errepikatzen direnak eta bere estiloaren nolabaiteko marka bilakatu direnak: esposizio-denbora luzeak, kamera plano finko batean mantentzea, beltzera egindako itzaltzeak txertatzea, edota audioaren eta ikusizkoaren arteko gainjartzeekin aritzea. Bere bideoetan musika eta soinua badago, baina ageriko dialogorik ez.

Horren adierazle, Kolpez kolpe (2003) bideo-lan mitiko bilakatu dela esan daiteke. Taipeiko Bienalaren testuinguruan grabatuta, Garmendiak musika talde taiwandar bati –Le petit nurse– Kortatu, Eskorbuto edo Zarama taldeen abestiak jotzen ikas zezaten eskatu zion. Bost egunez egon ziren Bienaleko aretoetako batean Fermin Muguruzaren eta Roberto Mosoren euskarazko abestiak eta akordeak ikasten, azken egunean eskainiko zuten kontzerturako. Artistak lan horrekin itzulpen-ariketa bat proposatzen du, bai linguistikoa, baina, batez ere, kulturala. Abesti horiek berezkoa duten karga sinbolikoa eta politikoa –egoera politiko eta sozial jakin baterako sortuak–, guztiz galtzen dira karikatura bihurtzeraino. Interesgarria da ikustea taiwandarrek nola ikasten dituzten letrak, eta nola artistak, backstagean, letron esanahiak eta horien testuingurua azaltzen dizkien.

Urtebete lehenago grabatu zuen Goierri konpeti (2002), Asier Mendizabal artistarekin elkarlanean egin zuen road movie-a. Goierriko mutil gazte koadrila batean nahasten dira bi artistak eta kotxe lasterketetan murgiltzen dira dokumentalean. Gazteen elkarrizketen, txantxen eta lasterketen parte egiten gaituzte, artisten eskuhartzea oso soila den operazioan. Punka, hardcorea eta makina musika, eta horien tenpluak –kontzertu-aretoak eta diskotekak–,  oso presente daude Harder, Better, Faster, Stronger (2004) lanean (Daft Punk musika taldeari maileguan hartutako izenburua) edo Bolueta (2011) bideo-lanetan.

"Arkaka Tri-Stan" bideoaren fotograma.

Beranduago egin zituen S/T Orbea (Orduña) (2007) eta Bomber (2013) lanetan adibidez –azken horretan Itziar Okarizen parte hartzearekin–, bizikleta eta jaka bat xehetasun osoz grabatzen ditu, objektu horiek eskaneatzen ariko balitz bezala, plano itxi eta zehatzekin, eskultura baten trataera ematen. Ez dago ezer ikusgarririk, ekintza baten erregistroa besterik ez da, bizi ditugun garai azeleratu hauen aurkako erritmo geldo eta kontrajarria duena.

Atoi espazioko galeria nagusian Garmendiaren azken lanak ikus ditzakegu Ratatatat izenburua daraman erakusketan. Eskaiolaz eginiko hiru eskultura handi daude, eta horietako bik hormetatik ateratzen diren gailuak dirudite; zimurtsuak, dinamikoak eta material ezberdinen mihiztaduraren ondorio dira. Galeriaren albo batera beheraka daramaten eskailerak daude, eta bertan, proiekzio gela txukuna aurkitzen dugu. Garmendiak urte askoren ondoren egin duen bideoa dago ikusgai: Arkaka Tri-Stan (2021). Artistak, Zaldibian dagoen Arkakako urtegia aukeratu du bideoa grabatzeko, urte luzez CAFen fabrika urez hornitu duena; artistak, berriro ere, bere jaioterriko Goierrira garamatza. Gau iluna da, urtegiaren ertzean daude pelikulako protagonistak, eta soinean daramatzaten linterna eta argiengatik izango ez balitz, apenas ikusiko genuke ezer. Sokak eta zingilak estutzen dabiltza, zerbait lotu eta inguratu nahian. Buztin egosiz egindako busto baten positiboa da lotu eta ur sakonetan murgildu nahi dutena; busto hori, baina, ez da edonolako bustoa: JS siglez izendatuta –José Sarriegi–, 2013. urtean Garmendiak Guggenheimen egin zuen erakusketarako egindako eskulturatik eratorritako lana dela dirudi –polemika handia sortu zen eskultura horren ustezko eskubideen harira–.

Espazioan gora eginez, Garmendiaren argazki instalazioa dago, paper distiratsuan inprimatuta; eskaiolarekin egindako lan prozesuaren sormenezko erregistroa da. Azken solairuan dago Atoiko bulegoa, altzari eder eta landuez osaturiko lan-espazioa. Altzariak Carlos Garcia artistak egin ditu, funtzionalak dira eta lokalaren eta eraikinaren esentziarekin bat egiten dute.

Ez da erraza artistaren bideo guztiak elkarrekin ikusteko aukera izatea, horregatik merezi du aipamena Atoikoek goierritarraren lana ikuskatzeko sortu duten web-orriak. Artxibo baten estetikaz eta taxuz, 1999 urtetik 2021 urtera bitarteko lanak ikusteko abagunea dago. Bideoak biltzeaz aparte, bideo bakoitzaren gaineko ikerketa egin da, eta lan hori burutzeko Leire Vergara komisarioaren laguntza izan dute. Vergarak Garmendiaren lanak testuinguratu eta analizatu ditu, XXI. mendeko lehen hamarkadetako atmosfera birsortuz, garaiko erresonantziak gogoraraziz, eta bertako eta nazioarteko artistekin erlazioan jarriz. Bideogintza-lan horiek erakutsi ziren erakusketa, katalogo eta liburuen erreferentziak berreskuratzeaz arduratu da Mikel Onaindia arte-historialaria, Garmendiaren lanak izan zuen garrantzia eta inpaktua jasotzen duten testuak eta iruzkinak batuz eta publikoari eskuragarri jarriz. Euskal artean interesa duen ikerlari orori interesa dakiokeen web-orria da eta aktibo egongo urriaren 30a arte. Txalogarria Iñaki Garmendiari proiektu honekin egin zaion omenaldia.