Tubacexeko akordioaz enpresak egin balorazioan, txintik ez borrokaren balioaz. Buruen ahotan, akordioa ona da Tubacex lehiakorragoa delako orain. Auzia ez zen bideragarritasuna, errentagarritasuna baizik. Langileek arrazoi. Zaharrak berri. Baina gehiago ere esan zuten: Tubacex trantsizio ekologikorako prestatuagoa dagoela akordioari esker.
Ekoizpenaren kostu ekologikoa ez da eztabaidagai izan. Industria oinarri izan duen bailararen etorkizun ekonomiko eta sozialak ekoizpen eredua auzitan jartzea eskatzen duela, ezta ere. Trantsizioaren premiaz hitz egin eta erabakiak hartuko badira, ez da izango Tubacexeko eta gainontzeko multinazionalen errentagarritasuna ziurtatuko duen irtenbidea bilatzeko.
Ez gaitezen okertu, arazoa ez da borroka eredugarri baten ondorioz Tubacexeko batzordeak sinatu duen akordioa. Kapitalak boterea du erabakitzeko guk ordainduko ditugula berak sortzen eta elikatzen dituen krisiak
Enpresak esandakotik, krisi energetikoaren kostuak (ere) langileen bizkar jarriko dituztela iragar liteke. EAJ-PSEren gobernua berekin izan du enpresak helburu horretan, eta hasierako asmoak aldatu arren, lortu du neurri handi batean. Ekoizpen kostuak %18 igo dira urte betean Espainiako Estatuan. Soldatak lau urterako izoztuz, lanaldia luzatuz eta langile kopurua txikituz, langileen gain jarri dira krisi energetikoaren ondorioak.
Ez gaitezen okertu, arazoa ez da borroka eredugarri baten ondorioz Tubacexeko batzordeak sinatu duen akordioa. Kapitalak boterea du erabakitzeko guk ordainduko ditugula berak sortzen eta elikatzen dituen krisiak. Legeak neurrira, politika alde eta gobernuak ondoan edukitzeak ematen dion boterea du krisi honetan ere. Aiaraldean inolako konplexurik gabe borrokatu dira botere hori mugatzeko. Aberastasunaren banaketaz, lanaldiaren murrizketaz, pribatuaren kontrol sozialaz edota ekonomian behar-beharrezkoa den esku-hartze publikoaz konplexurik gabe aritzea, hori ere izango da bidea ezarritako normaltasunari berria deitzen hasteko.