Batzuek irailaren 27a eta beste batzuek azaroaren 20a markatuta daukaten bezala egutegian, nik neukan gorri deigarriz urriaren 6a. Zer eta Rafael Chirbes idazlearen egunkarien lehen alea merkaturatzen zelako. Goizean goizetik eskatu nion liburu-dealer partikularrari. Abisatuko zidala iristean. Handik gutxira mezua: “Rafa is in da house”. Noski lehena izan nintzen liburua eskuratzen; auskalo hiri osoan. Badut bilobei kontatzeko moduko istorio bat.
Nahiz eta ez dakidan zergatik irakurtzen ditudan idazleen egunkariak. Are gustuko ditudan idazleen egunkariak. Idazle batzuk bertatik bertara ezagutzearen zaputz antzekoa hartzen baitut ez gutxitan. Edo, besterik ez bada, pertsona baten intimitateari egindako ia bortxaketa bat iruditzen zaidalako, are egunkaria ez denean traizio bat, idazleak argitaratzeko txukundu baitzuen –hil ondoren, hori bai–. Ni ere saiatzen naiz, Marta Sanz bezala, bazter uzten egunkariek zakarkeriatik daukatena. Eta hartzen ia jolas baten moduan: egin ditudan hipotesiak ezeztatuz edo berretsiz, idazlearen izaera imajinatuaren eta egunkarietan eraikitzen den izaeraren artean. Gauza interesgarriak ere badaudelako, beti, lehen lerroetatik: “Behin-behinekotasun sentsazioa. Aulkiaren ertzean esertzen naiz jarri beharrean erabat, ipurmasailak eroso kokatuz: izateko modu urduri bat”. Eta egunkari hauek, hain justu, aspalditik espero nituelako, uda aurretik iragarri zituztenetik; are Beniarbeig, Alacanteko etxean Chirbesen iloba Manolok eskuizkribuak erakutsi zizkigunetik.
Literatura genero menostua izan arren, betidanik gogoko izan ditut memoriak, oroitzapen bildumak, biografiak, autobiografiak, egunkariak. Hemen aipatu ditugu Carlos Blanco Aguinaga –Chirbesen maisua literatura kontuetan–, Iñaki Uriarte, Miguel Sanchez-Ostiz (denak gizonezko, puntu negatiboa). Nahiz eta egunkariek beti sortu izan didaten ezinegona; izango da idazleen egunerokoak ere gure egunerokoaren antz handiegia izan ohi duelako.