XX. mendeko teoria makroekonomiko garrantzitsuenetakoaren sortzaile izateaz gain, artezale amorratua eta Bloomsburyko kidea ere bazen John Maynard Keynes.
Firle (Ekialdeko Sussex, Ingalaterra), 1918ko martxoaren 28a. John Maynard Keynes (1883-1946) ekonomialaria Charleston etxaldera, Bloomsbury arte eta literatura taldea bildu ohi zen etxera iritsi zen gauez, Paristik 24 orduko bidaia luze eta neketsua egin ondoren. “Errepidera jaisten bazarete, Cézanne bat topatuko duzue burdin hesiaren atzean” esan zien bertan bildutakoei. Bidaiak erabat ahituta, ez zuen mihisea etxeraino eramateko indarrik izan eta zuhaixka baten azpian ezkutatu zuen.
XX. mendeko teoria makroekonomiko garrantzitsuenetakoaren sortzaile izateaz gain, artezale amorratua eta Bloomsburyko kidea ere bazen Keynes, eta bi arloak uztartu zituen Parisen egin berri zen arte enkante arriskutsuan; Lehen Mundu Gerra betean, alemaniarrak Frantziako hiriburuaren atarian zeuden egun haietan.
1916tik Keynesek britainiar gobernuarentzat lan egiten zuen, Ogasun Ministerioko Altxor Publikoko sailean. Parisen urtebete lehenago hil zen Edgar Degas margolariaren bilduma enkantean salduko zela jakin zuen; Degasen beraren lanez gain, besteak beste, Manet, Ingres, Delacroix, Gauguin eta Cézanneren lanek osatzen zuten bilduma hura. Gobernutik 20.000 libra lortu eta enkantean, uste baino merkeago, egun milioi asko balio dituen 13 artelaneko sorta erostea lortu zuen. Eta, gainera, 5.000 libra sobera izan zituen.
Keynesek, arte bilduma erosita, inbertsio biribila egin zuen britainiar gobernuarentzat eta, hala, bere teoriaren zati bat praktikara eramatea lortu zuen nolabait
Batetik, alemaniarren mehatxuak enkantera oso erosle gutxi inguratzea eragin zuen eta, bestetik, margolari horien lanek ez zeukaten oraindik gerora aitortuko zitzaien balioa. Keynesek, hori aurreikusita, inbertsio biribila egin zuen britainiar gobernuarentzat eta, hala, bere teoriaren zati bat praktikara eramatea lortu zuen nolabait. Keynesek uste zuen krisialdi ekonomikoei aurre egiteko Estatua indartu eta, horretarako, baliabidez hornitu behar zela. Eta erosketa horren bidez, bere harri koskorra ekarri zion Estatuari; britainiar estatuari, jakina, frantziar estatuarentzat ez baitzen negozio batere errentagarria izan.
Bere poltsikotik ere koadro bat erosi zuen Keynesek, arestian aipatutako Cézanneren sagarren bodegoia. 2013an Cézanneren beste sagar bodegoi bat 4 milioi dolarren truke saldu zen eta Keynesenak antzeko prezioa izan dezakeela uste da, bere eta inguruko mikroekonomia luzaroan konpontzeko nahikoa. Baina ekonomialariak ez zituen sagar horiek inbertsiotzat erabili.
Keynesek berak Bloomsbury taldearen helburua “esperientzia estetikoaren sorrera eta gozamena” zela esan zuen. Eta horixe egin zuen koadro horrekin, bide bazterretik erreskatatu ondoren: urte luzez bere oheburuan zintzilik izan zen, besterik gabe, esperientzia estetikoaz gozatzeko.