argia.eus
INPRIMATU
Maitasun ekintza bat
Castillo Suárez @casti_suarez 2021eko urriaren 06a

María do Cebreiro galiziar poetari irakurri diot berriki idazleen artean ezinezkoa dela lagunak izatea, lagun bakarrak hildakoak direla, eta behar bada bai, nago ingurura etengabe begiratzeko dugun joera horrek egiten gaituela sentiberago ingurukoen akatsak, mespretxuak eta gabeziak ikusteko. Nik egia esan, literaturari lotuta bizi izan ditut nire bizitzako nahigaberik handienak, edo, arrenkurarik luzeenak, hobeki esan. Nolanahi ere, Cebreirok salbuespenak badirela esaten du, eta zerrendatzen ditu bere bizitzan era batera edo bestera presente izan diren beste idazle batzuk, aholku onak eman dizkiotenak, edo baieztapen gogoangarriak, betiko gogoan iltzatuta geratzen zaizkigun horietakoak. Areago, esaten du idazten duen bezala idazten duela, hain zuzen ere, irakurri dituen liburuengatik eta batik bat liburu horien idazleekin izan dituen topaketengatik. Bere hitzetan, lagunekin ditugun harremanak, eta oro har maitetasunak, historia kristalizatzeko modu bat dira. Idaztea maitasun ekintza bat da beretako. Eta eskola.