Urtero bezala, Nazioarteko Mugikortasun Astea ospatu berri da Europako hirigune askotan. Aurten mugikortasun eredu jasangarria izateko aldarrikapen leloari osasungarri hitza gehitu zaio: “Zure osasunaren alde, autorik gabeko eguna”. Azken urtean nagusitu den etxearen babes-gotorleku mezuen aurrean, kaleak ere zaintzen gaituela gogorarazteko unean gara, berreskuratu beharreko eremua dela. Eta kalea elkarbizitzarako espazio izateko, segurua eta garbia behar du izan ezinbestean. Autorik gabekoa, besteak beste. Horregatik geroz eta oihartzun handiagoa du hirietan “Emisio Baxuko Zonak” sortzeko ideiak, landa eremuetan naturako babesguneak egiten ditugun lez. Hirietako babesgune hauetan ziurtatzen da autoek jaurtitzen duten nitrogeno dioxidoa eta partikula finen presentzia onargarria dela. Literalki, hirietako arnasguneak dira, eta horretarako kutsatzaile handiko autoen presentzia mugatzen da. Emisore kutsatzaileak hirietatik gutxinaka desagertzeko beste hirigintza tresna bat da. Pentsa, aurreikusten ari dira Bartzelonan etorkizuneko Cerdà-ko hiri-traman ibiliko diren autoek ez dutela pertsonarik garraiatuko, kaleak objektuak eta produktuak mugitzeko izango omen direlako.
Mugitzeko askatasuna gizarte aurreratuaren garaipena da; pertsonak eta produktuak –eta birusak– distantzia luzeetara eta denbora laburrean alde batetik bestera eramateko gaitasuna. Horregatik mugitzeko aukera da lurraldearen, ekonomiaren eta elikaduraren ardatz. Eta mugikorkeriak, kutsaduraz gain, diru inbertitze eta espazio handia behar ditu, lurralde zein espazio publikoan. Etorkizuneko mugikortasun ereduak lurraldea autoz hustutzea ikusten badu, autoak liberatuko duen lurralde eta hirietako espazio publikoa herritarrek irabazi beharko lukete; adi egon beharko dugu.