argia.eus
INPRIMATU
Gogoz berpiztu
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko urriaren 06a
Phoenix | The Clayton | Autoekoizpena
Phoenix | The Clayton | Autoekoizpena

Aramaio Arabako herri euskaldunena da, hurbiltasunagatik Arrasaterekin lotura handia daukana. Hala, aramaioarrek gertutik bizi izan dute alboko herriak (izan) duen musika bizitza handia. Dena den, gutxi dira han sortutako taldeak eta are gutxiago oihartzuna izan dutenak, Xementerioz gain.

The Clayton 2018an sortu zuten 18 urte pasa zituzten gazte batzuek. Bertsioak egiten hasi –The Clash, Ramones, Barricada, The Hellacopters…– eta jarraian lau kantuz osatutako maketa eman zuten argitara. Discípulos de Dionisos-ekin egindako emanaldi batean zeresana eman zuten eta entzuleak harritu zituzten. Horren ostean, pandemia etorrita, lortutakoa izoztuta gelditu zen.

Bada, pandemian lanean gogor aritu dira, taldekideen aldaketak izan dituzte –Txerrikumeak taldeko kide bat batu zaie–, eta Capsula taldeko Martin L Guevarak Bilbon duen Silver Recordings estudioan honako lan luzea grabatu dute. Aramaion kokatutako Pletina Films-ek egin ditu diseinuak eta taldeak argitaratu du diskoa.

Urgentziaz kaleratutako maketa atzean utzi du taldeak eta hazi egin da; are gehiago, erabaki dute ingelesa eta euskara tartekatzea –kantu berean askotan–, eta gaztelania alboratzea. Garapen dezenteko kantuak egin dituzte, ama askotarikoak.

Tight fitting pants-en zikintzen dute punk-rocka, Hot Dogs!-en glam eta harrokeriarekin. Kendu gorbata da Perlata taldeko lagunek ukitu bereizgarria ematen dioten punk-rock melodikoa, The Hellacopters-en High Visibility-ren gitarra gardenek irekitakoa. Out of the box-ek bluesetik edaten du, parranda giroko rock-and-rolla ere bada eta Detroit-eko soula ere ekartzen du. American dreamer-ek gogorarazten du Ingalaterrako labeldun heavyaren iturria, trenaren parekoa. Rush hour-ek barneratuta dauka outlaw rock-and-roll hilbillya, tempo erdiak tartekatuta. Listaria efektua rock-and-roll bizia eta eroa da. Uauu! Phoenix feathers abiatzen da pausatutako blues-etik, Zen Guerrillaren pareko rock-and-roll eztanda egin artean. Flammable fingers-ek gorazarre egiten dio lotsagabe berriro hard-rockari, Zentzumenak galtzeraino-rako bidean.