argia.eus
INPRIMATU
Erromantizismotik ihes
Marta Sendiu Zulaika @martasendiu 2021eko urriaren 06a
Argazkia: Marta Sendiu Zulaika

Amaia Arrazolak bazekien alaba bat izango zuela, baina ez zekiena zen alaba horrek ama bat izango zuela eta ama hori bera izango zela. Amatasuna ez da bat eta bakarra, baizik eta ama bezainbeste amatasun mota egon daitezke, eta Arrazolak bere amatasunaz jarduten du El meteorito liburuan. Ilustrazio bidez ama izateak zer nolako gogoetak ekarri dizkion ikus daiteke bertan. Izan ere, Amaia amak Amaia bidaiaria, Amaia ilustratzailea, Amaia irakurlea… ordeztu zituela zirudien alaba jaio berritan.

'El meteorito' erakusketa
Noiz: irailak 25 / azaroak 13
Non: Gasteizko Zuloa liburu denda

Bizitzako garai horretan sentitzen diren sentimendu nahasiak adieraztea izan da gasteiztarraren asmo nagusia. Amatasunak sortzen dituen maitasun absolutuaren eta urduritasunaren arteko dualtasuna azaleratu nahi izan du, beti ere haren esperientzia pertsonaletik abiatuta. Ane izeneko meteorito bat heldu zen Arrazolaren bizitzara duela bi urte eta bizipen berri horrek sorturiko segurtasun eza, ausardia eta eskuzabaltasuna ageri dira marrazkietan.

Amatasunak hankaz gora jartzen ditu gure bizitzak zentzu guztietan eta meteoritoaren metaforak ezin hobeto deskribatzen du aldaketa hori. Liburuaren izenburuan agertzen den meteoritoaren metafora erabiltzen du ilustrazio askotan eta ilargi eta izarrek presentzia handia dute erakusketan.

Izar iheskor batek zeruan haur bat duela irudikatu du, planetaz eta satelitez inguratuta ageri da zuri beltzezko ilustrazioan. Amak umeari titia ematean sortzen duten zirkulu batek ere ilargia irudikatzen du eta harekin batera esaldi bat ageri da: “Ama izatea beti beldurra izatea da, baina baita indarra eta bizitzarekin konexioa eta maitasuna izatea ere. Ziztu bizian taupadak egiten dituen bihotza izatea da.”

Amaiaren liburu eta erakusketa horrek amatasunaren irudizko ideia horretatik aldentzen gaitu eta benetako amatasunaren ikuspegia zabaltzen du, ama izateak dituen argi eta itzalak, beldur eta pozak, neke eta gogo bizia azaleratuz.

Gogoetatik eta bizitzaren askotariko eskarmentuetatik sortutako liburua erakusketara eraman nahi izan du Bartzelonan bizi den gasteiztarrak. Zuloa liburu dendak hartu du Arrazolaren esposizioa eta bertako hormak liburuko ilustrazioez bete dira.

'El Meteorito' liburua du oinarri erakusketa. Argazkia: Amaia Arrazola