argia.eus
INPRIMATU
Biografia feminista bat
Ainhoa Aldazabal Gallastegui 2021eko urriaren 06a
Empar Pineda Erdozia: Gorputzak hala eskatua | Kattalin Miner | Hernaniko Udala/ Berdintasun arloa, 2020.

Gaurkoan aurkeztuko dizuedan liburua berezia da. Ez dut liburudenda askotan ikusi. Katakrakera egindako bisita batean aurkitu nuen, ez bainuen bere berririk. Akaso izango da Hernaniko Udala/ Berdintasun arloa delako argitaratzailea. Eta sarri, liburu hauek bide motzagoa izaten dute. Pena da, niretzat ezezaguna bazen ere interesgarria baita kontakizuna.

Hernaniko emakume talde batek egindako ekimen batean du hasiera liburuak, herriko emakumeek egin dituzten ekarpenak eta borrokak omendu eta balioan jartzeko asmoarekin antolatua. Ekimen horretan, liburuko protagonista den Empar Pineda Erdoziaren bizitza azaltzeko proposamena jasoa eta onartua izan zen.

Liburua Kattalin Minerrek Pinedari egindako elkarrizketaren ondorio da. Empar Pineda Erdoziaren biografia bat, azken finean. Baina biografia soil izatetik urruti, dimentsio kolektiboa ematen diote bien artean. Izan ere, Miner eta Pineda, biak ala biak dira militante feminista hernaniarrak.

Elkarrizketa batean oinarritua egonagatik ez ditugu galdera-erantzunak irakurriko. Minerrek lehenengo pertsonan kontatuko dizkigu elkarrizketaren nondik norakoak. Pinedaren erantzunak batzuetan lehenengo pertsonan egongo dira kakotx artean. Bestetan, zeharka kontatuko dizkigu autoreak. Honek tonu gertukoagoa ematen dio testuari, Minerrek bere bizipen eta oroitzapenekin lotutako hausnarketak tartekatzen dituelako. Erantzunek sortzen dioten emozio eta miresmena agerian uzten ditu. Parez pare hitz egin dutela nabari da.

Niretzat ezezaguna zen protagonista. Emakume aktiboa, segurua eta ausarta. Garaiko lesbiana ezaguna eta abortu eskubidearen defentsan aritua. Hainbat antolakunde, mugimendu eta elkarretaratze ditu hizpide. Bere historia da, baina historia orokorragotik ere badago zerbait liburuan.

Ariketa bereziki interesgarria iruditzen zait gaur egungo Euskal Herrian gure emakumeen genealogia propioa egitea. Genealogia politikoa egiten tematu gara, eta emakumeak oro har baina feministak bereziki, albo batera uzten dira liburu gehienetan. Horretarako liburu  sakon eta zehatza da Gure genealogia feministak liburua, mugimendu feministaren kronika jasotzen duena.

Minerrek idatzitako liburua argazki eta ilustrazio gutxi batzuekin dago osatuta. Baina bakarra motza dela da. Gustura jarraituko nuke emakume honen inguruan irakurtzen.