Askok izan dugu aborturen bat, nahita batzuk, nahigabe beste batzuk. Nirea azken horietakoa izan zen, haurdunaldiak hiru hilabete egin zituenean. Kontsultan ez zen hitza aipatu. Berehala pasa nintzen hirugarren pertsonara, niretzat ez zen errepresentazio baten ikusle ulerkor. Bene-benetan ulertzen dut hasieran hala behar zuela, askorentzat berri lazgarria da, eta heriotza baten berri eman balute bezala jokatu zuten. Tonua ez zen arindu handik aterata ere. Eta ni oso lasai nengoen: “Ez da larria, eskerrak”, pentsatzen nuen. Bi pastilla, mina, baina mugatua, eta kito. Umea edukitzeko prozesuan pauso bat gehiago. Ez hain ingurukoek dolumin mezuak bidali zizkidaten, ingurukoak adi ibili ziren nire lasaitasuna ukazio faseren bat ote zen. Amak eta ahizpak gaua eta eguna pasa zuten nirekin, eta min-momentua kenduta (eta motza izan zen, behar zen guztia irentsi nuen hala izan zedin), nire bizitzako une zoriontsuetako bat bilakatu zuten, ondo pasa baikenuen elkarrekin. Alegia, doako abortu seguru bat oso gauza lasaia izan daiteke. Baita aukeratua denean ere.
"Garrantzitsua iruditzen zait norbaitek gogoraraztea abortua, berez, alaia ere izan daitekeela: horretarako zenbait baldintza (eskubide) bermatu behar dira"
Berriki, gaiaz berriketan aritu ondoren, lagun batek Abortos felices fanzinea oparitu zidan. Egileak, Elisabeth Falomirrek, aukeratutako abortuak pozgarriak, kulpa-sentimendurik gabeak, are ospatzekoak izan daitezkeela aldarrikatzen du. Eta testuak gorputza alaitu zidan. Egia da abortuak dibertimendu bat ez izateko arrazoi asko daudela, abortua oztopo-segida askotan dramatikoa bilakatzen dutenak. Hainbat lekutan legez kanpokoa izateak milaka emakume hiltzen ditu edo uzten ditu ondorio atzeraezinekin. Titularrek abortuaz kontatu diguten azkenekotako gauza izan da abortua legezkoa den Madrilen emakume batek ezin izan duela ospitale publiko batean abortatu. Hori egiten duten klinika batera bideratu zuten. Eta kontakizunaren berri izan dugu emakumeak etsi ez duelako, norbaitek entzun dion arte. Eta horrez gain, abortu hori terapeutikoa zelako. Amaren bizitza zegoen jokoan. “Nire lanbidea dena izanik, lankide batzuek hari batzuei tira, eta ebakuntza arratsalde hartan bertan egin ziezadaten lortu zuten. Baina osasun-arloan lan egiten ez duten emakumeak? Ba etxera joan, eta bizpahiru egunez egongo zara zain, odolusten eta zangoak estu, fetua oraindik bizirik edo hilik dagoen jakin gabe” dio protagonistak. Batek titularra lortzen duenetan gertatu ohi denez, baten kontakizuna beste milaka emakumerena dela azaleratu da. Titularra lortu ez duten hamaikarena. Ez dirudi abortuari bide publikotik ekiten diotenek hori egingo dioten lekura iristeko ibili beharrekoa festa baten atarikoa denik; zortea baldin baduzu, txarra, klinikaren aurrean iraindu egingo zaituzte, edo beldurgarriago, otoitz egingo dizute; otoitzak botako dizkizute.
Eta horren erdian, garrantzitsua iruditzen zait norbaitek gogoraraztea abortua, berez, alaia ere izan daitekeela: horretarako zenbait baldintza (eskubide) bermatu behar dira. Lekukotza bakoitzak erakusten digu, gainera, abortuaren aurrean jokaerak fintzen. Falomirrena irakurtzen ezin nuen gogotik atera 2014ko azal hura: “Nik ere abortatu egin dut”. Maite Asensio Lozanok hamar emakume (María Jesús Berrotaran, Idoia Eizmendi, Mari Luz Esteban, Gema Lasarte, Monika Sojo Plazaola, Sorkun Rubio, Ana Etxarte, Alaitz Tresserras, Hegoa Ugalde eta Ekiñe Zurutuza) beren abortuez hizketan jarri, eta Berria egunkarian argitaratu zuen haien kontakizuna. Ez du zertan pozgarria izan, alaia... baina izan dadila emakume bakoitzaren berezitasunen araberakoa, ez abortatu ahal izateko ibili behar izan dituen zailtasunen, horien ondorioen eta abiapuntua dena izanik ere beti kulpara iristen diren diskurtsoen araberakoa. Izan dadila, behintzat, gurea.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Pertsona nagusiekin edo aniztasun fisiko eta neuronalak dituzten pertsonekin lanean zaudenean, dugun gizartean gaitasunaren ideiak espezie bezala asko mugatzen gaituela ohartzen zara. Hau da, dugun sistemak gauzak modu espezifiko batean egiteagatik jartzen zaitu balioan, eta... [+]
Idatzi nahi nuen gabonetako argien alde, eta urteroko ohitura bilakatu aldarrikatzea, kaleak argitzen dituzten aro honetan, espazio publiko apain, alai eta gozagarri bat, klase ikuspegitik. Baina, noski, espazio publiko epelak ere bai, zenbait gazte liburutegietan liburuak... [+]
Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.
Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]
Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.
Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]
Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.
Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]
Ez dakit zuek ere pertzepzio bera ote duzuen –aitor dut: modu azientifikoan hasi naiz idazten hemen–. Pereza hitzaren hedatze naturalaz ari naiz. Gero eta gehiago aditzen baitut Hego Euskal Herriko bazterretan: euskaraz, espainolez eta, jakina, euskañolez... [+]
Askok, Gabonetan, ilusioa baino alferkeria handiagoa sentitzen dugu familia-otordu eta -topaketetan pentsatzean. Baina aurreratzen dizuegu ez dela otordua bera kolektiboki deseroso sentiarazten gaituena, familia tradizionala definitzen duen normatibitatea baizik. Are gehiago,... [+]
Betidanik begitandu zait esanguratsuagoa han-hemenka topa daitezkeen guruztokiei gazteleraz esaten zaien modua: humilladero. Ez al da guruztoki edo santutxo izen nahiko light, zuri edo haragoko konnotaziorik gabekoa? Azken batez, bertatik pasatzen zen oro umiliatu behar zen... [+]
Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor... [+]
Nobedadea izan ohi da Durangoko Azokari lotzen zaion hitz entzunenetako bat. Nobedadea han, eta nobedadea hemen. Zenbaitetan, ordea, lehengokoari beste itxura ematea aski izaten da etiketa hori itsasteko. Talentu berriztagarriz birmasterizatutako CDek eta berrargitalpenek badute... [+]
Euskara txikitasunean handia den ur emaria dugu. Bertako tanta bakoitzak gure kultura ureztatzen eta biziberritzen du. Egarri den hari itsaso bete ur eskaini. Euskara putzu sakon eta ilun batetik etorri izan bada ere, guztiok atera dugu gure ur-gazi lagina, eta guztiok bilakatu... [+]
Gazteak gero eta lehenago hasten dira pornografia kontsumitzen; izan ere, bere sexu heziketa bakarra da pornoa. Nola demontre heldu gara honaino?
Gaur egun, onartu behar da Interneti esker pornografia ikustea askoz errazagoa dela. Tamalez, klik baten bidez 7-9 urte arteko... [+]