Irailaren 16an Scott Morrison, Boris Johnson eta Joe Bidenek aurkeztu zuten AUKUS, Txinak omen dakarren mehatxuari aurre egiteko Australiak, Erresuma Batuak eta AEBek (AU+UK+US) sortu itun militar berria. Agerraldian Australiak jakinarazi zuen bertan behera uzten zuela Frantziari Attack klaseko hamabi Shortfin Barracuda urpeko ontzi erosteko enkargua, horien ordez Virginia klaseko sei edo zortzi urpeko –energia nuklearrez mugituak– enkargatuz AEBei.
Europan asko hitz egin da AUKUSen sortzaileek Frantziari eman dioten muturrekoaz. 31.000 milioi euroko kontratu baten porrota ez da erraz barkatzekoa. Baina hori bezain mingarria da AUKUSetik kanpo utzi izana Frantzia, Ozeano Barean ‘brexit’-aren ostean Europar Batasunak daukan potentzia nuklear bakarra.
John Keiger historia irakasle ingelesak definitu duenez, AUKUS sortu dute II. Mundu Gerraz geroztik abian dagoen Anglosfera deitu klubaren baitan –AUKUSekoak gehi Zeelanda Berria eta Kanada–. “AUKUSeko kideek ziurrenik nahi zuten Frantzia ere barne egotea, zer eskaini asko daukalako diplomazian eta arlo militarrean, itsas armada sendoa urpeko ontzi eta armaz, inteligentzia mailako presentzia eta fisikoa ere bai Ozeano Bare hegoaldean. Fite erreakzionatzeko garaian, ordea, ziurrenik asko tematuko zen neurri eta erabaki bakoitza definitzeko daukaten joera kulturalean”. Ingalaterran ondo saltzeko moduko interpretazioa dirudi.
AUKUSen oso bestelako ikuspegia eman du Kevin Rudd Australiako lehen ministro ohiak Alemaniako Der Spiegel-i emandako elkarrizketan. Australiako gobernuak denbora gutxian 180º-ko itzulia eman baitio bere estrategia militarrari. Rudd, Alderdi Laboristakoa, lehen ministro zela 2009an Australiaren behar estrategikoak definitzeko “Defentsarako liburu zuria” abiarazi zuen. Azken txostenak ondorio nagusien artean proposatu zuen eraikitzea hamabi urpeko ontzi erregai konbentzionalez mugituak; horiekin Australia bihurtuz Asiako Ekialdeko bigarren urpeko ontzidi handienaren jabe.
“Zortzi urteren buruan –dio Ruddek– bat-batean erabaki dute nuklearrez mugitutako urpekoetara aldatzea, gauez eta ezkutuan ezabatu dute “Defentsarako liburua zuria”-ren baldintzak betez Naval Group konpainia frantsesak 2016an irabazitako kontratua. Bat-bateko aldaketa horiek ez dira australiarron izaerakoak, guk ez dugu horrela jokatzen. Zuk iritzia aldatu eta erabaki baduzu erregai konbentzionaleko ontzien ordez nuklearrezkoak enkargatzea, behartuta zaude Frantziari esatera eskakizunak aldatu egin dituzula eta hura gonbidatzera deialdi berrian. Frantsesak gai baitira nuklearrez mugitutako urpekariak ere eraiki eta mantentzeko”.
Frantziako Naval Groupek hasieran eskaini zituen motore nuklearrez mugitutako Shortfin Barracuda urpekoak, baina Australiak gasolinazko motoreen hautua egina zuenez, konpainiak urpekoak baldintza horietara egokitu behar izan zituen, honek berekin zekartzan atzerapen eta guzti. AUKUSen ostikadaren ostean galderak baizik ez dauzka Rudd lehen ministro ohiak: “Australian ez badaukagu industria nuklearrik, nola hornituko ditugu urpeko berriak? (…) Hornikuntza AEBk egin behar baldin badigu eta gainera AEBetan bertan, horrelako urpeko atomikoak AEBen itsas armadaren unitate soil bat baizik ez ote dira izango, Australiaren armada burujabe eta autonomoaren adar estrategiko izateko ordez?”
Hiru edo sei tona uranio oso puru
Nazioarteko goi politikaren analista finenetakoa den Moon of Alabama-k galderotatik aurrera jota AUKUS jokaldiaren sakoneko azalpen bat aurreratu du. Australiak gasolinazko motoreen ordez energia atomikoz mugiarazitakoak aukeratuta, eskuratuko ditu urpeko isilagoak, abiadura handiagokoak eta erregai bila itzuli beharrik gabe askoz denbora luzeagoz iraungo dutenak. Alabaina, ontziok handiagoak dira eta askoz garestiagoak, %50 karioago. Kai eta azpiegitura berriak eta eskifaien prestaketa askoz sofistikatuagoa beharko dituzte.
Australiak, bestalde, ez dauka industria nuklearrik horiek hornitzeko, beraz, mantenuan ere yankien menpeko egongo dira. Beste ñabardura garrantzitsua, hiru ontzi militar eduki behar direnez bakar bat itsasoan patruilatzen edukitzeko –beste biak portuan daudela mantenu lanetan edo birmoldaketan– Australiak hamabi ontzi konbentzionaletatik beti lau prest edukiko zituen, baina, nuklearrez mugitutakoekin zortzitik bizpahiru baizik ezingo ditu atera itsasora.
“Dena kontutan hartuta –dio Moon of Alabama-k– ez da inondik ikusten zer irabazi duen Australiak. Orduan, zerk eraman du urrats hori ematera? Australia politikoki eta militarki Txinaren aurka jarri izanaren arrazoi bakarra AEBen xantaia da”. Txina da askogatik Australiaren bazkide nagusia salerosketetan eta ez zaio interesatzen harekin haserretzea. Australiarrei ohartarazpena egitera AEBetik duela bi urte John Mearsheimer aholkularia joan omen zen, bideoz jasotako hitzaldi publiko batean: “Zenbait australiarrek pentsa dezake badagoela alternatiba bat, Txinarekin alineatzea. OK, aukeran daukazue, zoazte Txinarekin AEBekin joateko ordez. Baina gauza bat esango dizuet horretaz: Txinarekin baldin bazoazte jakin behar duzue gure etsaiak zaretela, AEBen etsai izatea erabaki duzue. Segurtasun alorrean sekulako lehia baitago”.
AUKUSen aurkezpenean Joe Bidenek behin eta berriro ahanzten omen zuen Australiako lehen ministroaren izena. Scott Morrison australiarrak ez zeukan ahaztuta Gough Whitlamena, 1975ean AEBk eta Erresuma Batuak estatu kolpea eman zioten lehen ministro laborista harena. 2020ko Net Hurbil batean kontatu genuen. “Beraz –dio Moon of Alabama-k– hau da saltsa honen laburpena: Australia ez da lerrokatu AEBekin Txinagandik babesteko, bere burua AEBengandik babesteko baizik”. Albiste txarra mundu osoarentzako, Bulletin of Atomic Scientists ospetsuan Sébastien Philippek erakutsi duenez. Ikusi zenbakiak. Camberrak erosiko dituen urpeko atomiko berriak baldin badira uranio oso aberatsez (Highly Ennriched Uranium HEU) mugitutakoak, 30 urteko lanean kontsumituko dituzte hiru edo sei tona uranio, edo AEBetatik ekarrita edo Australian bertan ekoiztuta –agur arma nuklearren ez ugaltzeko itun guztiak–.
Imajinatu du nolako izerdiak aterako zaizkien Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako buruei australiarrek aipatzen dietenean albistea: hiru edo sei tona uranio HEU. Gogoratzen zer kalapita pizten diren Iranen asmo atomikoekin? Iranek aipatzen du ekoiztea… 25 kilo uranio HEU. Australiak horiek bider 200 eduki eta erabiliko duela sinatu du AUKUSek.
Japonia, 1945eko abuztuaren 6a eta 9a. AEBek bonba atomiko bana bota zuten Hiroshima eta Nagasaki hirietan milaka eta milaka hildako eraginez; kopuru zehatzik ez dagoen arren, urte horren bukaeran hildakoak gutxienez 210.000 inguru izan zirela diote kalkulu zuhurrenek. Baina... [+]
Tel Avivek Irango programa nuklearra erasotzea hipotesia baino gerta litekeen zerbait dela esateko, atzera begiratu du hedabide ugarik: 1981ean Iraken eta 2007an Sirian, ehiza-hegazkin israeldarrek erreaktore bana birrindu zuten. Baina aurrekari horiek ez dute zer ikusirik... [+]
Urrats berri horren berri eman du Errusiako Defentsa ministerioak maiatzaren 21ean, zehaztuz "Mendebaldeko arduradun batzuen mehatxuei" bideraturiko erantzuna dela. Oraingoz, arma nuklear taktikoak ez dira inoiz erabiliak izan, hain zuzen, suntsiketa gaitasun... [+]
Burua dardaratu eta ikaratu zigun ginkgoak (Ginkgo biloba). Lizar-makila denboran ginkgoa aspaldi galdutako zuhaitz espezietzat jotzen zen. Bere hostoen fosilak ezagutzen ziren, beste arrastorik ez.
Arma nuklearrak dituzten bederatzi herrialdeek 82.900 milioi dolar gastatu zituzten iaz arma horietan, 2021ean baino %3 gehiago. Arma Nuklearren Indargabetzerako Nazioarteko Kanpainak (ICAN) argitaratutako txosteneko datuak dira. Minutuko 157.000 dolar baino gehiago.
Vladimir Putinek iragarri du prest daudela jada hamar hegazkin armak Bielorrusian zabaltzeko. Europak mehatxu egin dio Bielorrusiari, eta planarekin aurrera jarraitu ezkero "zigor gehiagorekin" erantzungo diola adierazi du.
Ofizialki bederatzi estatuk dituzte arma atomikoak, eta horien %90 Errusiaren eta AEBen eskuetan da. 1945eko abuztuaren 6an eta 9an AEBek Hiroshimara eta Nagasakira jaurtikitakoez geroztik eraso atomikorik berriz bideratu ez izana "disuasio-printzipioari" lotu zaio... [+]
Putinek nazioari buruzko urteroko hitzaldian jakinarazi du “antzerki hutsa” dela akordio hori. Mendebaldeari egotzi dio gerraren erantzule izatea, eta Errusia soilik “indarra erabiltzen” ari dela “defendatzeko”. Armak “masan... [+]
Galtzeko arrisku handirik gabeko apustua da gainean dugun Kubako misilen krisiaren 60. urteurrenaren harira norbaitek gogora ekarriko duela “telefono gorria” abian jarri zela orduko bi potentzia nuklear nagusien artean. Besterik ez bada, esateko ditxosozko telefono... [+]
Kubako misilen krisiak hirurogei urte beteko ditu hilabete honetan. Gaur egun antzeko egoera batera hurbiltzen ari gara, baina iritzi publikoa ilargian dago.
Gerra atomikoa, uranio meatzeek lagatako kalteak, zentral nuklearren hondakinak, klima aldaketari aurre egiteko balio ote dezakeen industria nuklearrak… Horiek eta energia atomikoaren beste hainbat osagai eta ikuspegi jorratzen dituzten filmak erakutsiko dira... [+]
2022ko otsailean gerra berpiztu da Europan, herrialde baten inbasiotik harago kontinente osoa eta agian mundua sutuko lukeen gerraren beldurra. 24an Errusiako armadak Ukraina inbaditu zuela jakin araztearekin batera deklaratu zuen Vladimir Putinek: “Norbaitek asmorik... [+]