Oinarrizko soldata igotzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Igoera eskasa, eta patronala argazkitik kanpo geratu delako urrats ausarta denik ezin esan. Euskal sindikatuek igoera kritikatu dute, ez da nahikoa bertako errealitate ekonomikoan, eta bizitza hori baino gehiago garestitu digute gainera. Salatu dute Madrilen eta hango eragileen artean adostu dela. Hego Euskal Herrian, 1.200 euroko oinarrizko soldataren alde atera gara kalera, hor kokatu dugu minimoa, eta eskakizuna ez dago elkarrizketa mahai horretan, ezta azken helburu bezala ere –1.059 euro da, euren iritziz, oinarrizkoa–.
Kontuan hartzekoa da Nafarroako eta EAEko patronalek –baita ondoan dituzten sailburu eta kontseilariek ere– egin duten zalaparta urria. Ez dira eskuzabalagoak, ez da begirune kontua, ezta prekarietatearekin eta pobreziaren hedapenarekin kezkatzen hasiak direla ere. Igoera horrek ez du apenas ondoriorik izango hemen. Hitzarmen gehienetan soldatak gainetik daude. Eta erraza, oso erraza zaie oinarrizko soldatatik behera ordaintzea, lanaldi partzialetan ordu-estrak baimendu direnetik adibidez. Prekarietateak balioa kendu dio oinarrizko soldatari, eta ez soilik kopuruz txikia delako. Lan merkatu formalean, formalidade hutsa bilakatzeko adina prekarietate dago, eta hortxe egin behar dira urratsak patronalaren baimenik gabe, emankorrak izango badira.
Sakoneko auzia lan merkatu ez-formalean dago dena den, oinarrizko lan eskubideak aitortu eta urtez urte hobetzea benetan eraginkorra izango litzatekeen eremuan. Etxeko Langileen Elkarteak salatu duenez, etxe barruan lan egiten duten 10etik 9k ez du oinarrizko soldata jasotzen, eta kanpoan lan egiten dutenen artean, soilik 4k jasotzen dute halakorik. Jakina denez, emakumeak gehien gehienak. Auzia ez da nolanahikoa, formalki lortzen diren hobekuntzek espazio ez-formalean ari direnak baztertzen dituzten bakoitzean, haustura handiagoa egiten da gure artean.