"Fikzioa omen da komunikazioa, norberaren interpretazioa ez bezala. Fikzioa omen da egia, gezurra ez bezala. Fikzioa omen da errealitatea, fikzioa bera ez bezala" (A. Alieva).
Kosta egiten zaizu zuk hala jokatzen duzula ikustea. Erraz ohartzen zara, ordea, inguruko solaskideak, maiteak izan zein ez, beti aritzen direla gogoan xederen bat dutela. Gordeago nahiz ageriago, orain arte zure bizitzako oholtzara agertutako pertsonaiek hizkuntza modu pragmatiko batean erabili izan dutela urteek berretsitako gidoia da. Gaur den egunean ere halatsu gertatzen da: inguruan dituzun horiek zer lortu nahi duten, kontzienteago nahiz inkontzienteago, hala darabiltzate hitzak. Denak dira, hortaz, helburuzko perpausak. Alabaina, itsusia da norberak dituen helburuez argi mintzatzea. Baita pandemian ere. Azken aldian, harreman bat baino gehiago zapuztu omen duzu “hain zintzoa eta zuzena” izate alde.
Hainbatetan gogoeta egin ondotik, sinetsia zaude zure kasua bestelakoa dela. Izan ere, zure errepertorio komunikatiboaren ehuneko ezin apalagoa da helburuzko perpausei dagokiena. -t(z)eko urri horiek lekuko.