argia.eus
INPRIMATU
Yo soy español
Jose Ignazio Ansorena 2021eko irailaren 16a

Yo soy español. Zuetako asko ere bai eta beste euskaldun batzuk frantsesak. Orain gutxi, inork egunkarian kexa idatzi zuen, kontzertu batean bi obra euskaraz bakarrik aurkeztu nituelako: "Pido un poco de respeto para los que no hablamos euskera".

Donostiako Udalak irrigarri geratzeko ez du aukera askorik galtzen. Azkenekoa Zarataren ordenantza, orain gutxi berritua. Irakurtzean jabetu nintzen gure arau eta lege guztiak espainolez –oso espainol txarrez– idazten direla eta, zorterik badago, euskaratu egiten direla. Gaisoak gure erakundeetako itzultzaileak, erdarazko munstro linguistiko horiek erabat kontrara (soilik linguistikaz ari naiz) doan beste hizkuntzara itzuli beharrez. Eskabidea egin beharko genuke: gutxienez erdiak jatorriz euskaraz idaztea eta, zortea dagoenean, espainolera itzultzea. Denok, baita espainol elebakarrak ere, irabaztun gertatuko ginateke.

"Oiartzabal, Iturgaitz eta kuadrillarentzat zer da espainol izatea? Administratiboki bagarelako. Bandera gorri-horia dantzan ikustean zirrara sentitzea?"

Iñaki Oiartzabal –berak Oyarzábal idazten du– kexu agertu da, Iturgaitz –berak Iturgaiz idazten du– maisuaren ildoari jarraiki: euskal ikastetxeetan espainoltasunaren aurkako gorrotoa lantzen dela. Eta gaineratu: "Homosexuala naiz eta Arabako PPko presidente. Niri pasada ematen badidate homosexuala izateagatik, neure ideiengatik, pentsatzen edo sentitzen dudanarengatik egitearen desberdina al da?".

Onintza Enbeitak Berria-ko Amorru garaia artikuluan eta eraso homofoboen harira, dio badela amorrura pasatzeko garaia. Oiartzabalen erregela erabilita, itzul liteke amorru hori euskararen aurkako erasoa egunero sentitzen dugunontzat. Ez nator bat Onintzarekin. Amorruak batez ere duenari egiten dio kalte eta ekarpen sozial urri ematen du. Etengabe jardutea da eginkizuna: arlo guztietan pentsamendu kritikoa lantzea, sentsibilitate finean heztea, elkarren errespetua errainetan itsastea, zapaltzaileari ikusaraztea gure kailuak sakatzen ari dela...

Oiartzabal, Iturgaitz eta kuadrillarentzat zer da espainol izatea? Administratiboki bagarelako. Bandera gorri-horia dantzan ikustean zirrara sentitzea? Polizia patriotikoa ontzat ematea? Bozketa baten antolatzaileak sedizioz epaitzea? Espainoltasun hori zaharkitua dago eta ez da gazteentzat erakargarria. Sabinoren ipuinak bezala.

Eskoletan ez da dena ongi egiten, jakina. Ezta gure etxeetan ere. Niri oso grabea iruditzen zait, esaterako, haurrak zaratan heztea eta maiz sentitzen dut horixe egiten dela euskal eskoletan. Berdin da Yo soy español edo Eusko gudariak grabazioan jartzea: kanpoko zaratak berarekin dakar barrukoa. Zarataren ordenantzak ez du hori aldatuko. Pido un poco de silencio para los que hablamos euskera.