argia.eus
INPRIMATU
Salbamendurako letrak
Ainhoa Aldazabal Gallastegui 2021eko irailaren 23a
112 poema Biziari hegalak jartzeko | Egilea: Begoña Abad de la Parte | Itzultzailea: Fernando Rey Escalera
Denonartean, 2020.

Liburuaren hitzaurrean autoreak berak eta itzultzaileak kontatzen dute bigarren horrek aukeratutako 112 poemen antologia aurkituko dugula. Zenbaki hori da larrialdietan erabiltzen duguna. Arriskuan gaudenean laguntzarako telefono unibertsala. Salbamendurako poemak dira, beraz, Begoña Abad de la Parterenak.

Gustatu zait argitalpenak jatorrizko hizkuntza, gaztelania, eta euskarazko itzulpena jasotzea. Modu desberdinetan irakurtzeko aukera ematen digu: lehenengo osorik gaztelaniaz eta gero dena euskaraz edo poemak banan-banan bi hizkuntzak tartekatuz. Azkenengo modu hori aukeratu dut eta gustura aritu naiz jolasean: itzultzaileak nola pentsatu, esan eta idatzi duen kontrasta daitekeelako jatorrizko hizkuntza ezagutuz gero. Zein soinu ematen dion hizkuntza bakoitzak eta nola edo nora iristen diren  poemok.

Antologiaren egileak proposatutako ordena jarrai daiteke edo liburua zabaldu eta parean egokitu den orrialdea irakurri. Azken hori izan da nik hautatutakoa. Poema batzuk bi, hiru eta lau aldiz irakurri ditut. Beste batzuk behin eta ez ditut ongi gogoratzen.
Eguneroko gauza txikiak eta mezu sakonak nahasten dira. Poema batzuk deskribatzaileagoak, narratiboagoak dira, beste batzuk aldarrikapen zuzenekin osatuta daude. Hausnarketez josi ditu hitzak eta borborka darie maitasuna; bere buruari, inguruari eta bizitzari. Politika, desobedientzia, murrizketak bezalako hitzak irakur ditzakegu. Paradisua, infinitua, duintasuna eta barkamena bezalako ideia abstraktuagoak ere badaude.

Idazle eta poeta izateaz hausnartzen du Eta zer… poeman, eta Gloria Fuertesen poemaren bat ekarri dit gogora. Galdera erretorikoak, bere identitatearen inguruko galderak, zalantzak eta baieztapenak egiten ditu.

Topikoa izango da istorioek salbatzen gaituztela esatea, baina ideia hori defendatzea gustatzen zait, nahiz eta Manifiesto por la lectura (Irakurketaren aldeko manifestua) liburuan Irene Vallejok askoz hobeto azaltzen duen. Udarako maletan etorri da azken hori ere. Bikiniz, kuleroz eta liburuz bete dut motxila. Errazagoa litzateke liburu elektronikoa eramango banu; espazio txikiagoan letra gehiago eraman ahal izateko. Baina papera eramatea gustatzen zait eta aurten zeharo asmatu dut aukeraketarekin. Eta zuek, zer irakurri duzue uda honetan?