argia.eus
INPRIMATU
Otsoaren aurrean ez zaudete bakarrik
Nekane Txapartegi 2021eko irailaren 16a

Azteka Inperioaren mendekotasun kolonialaren 500. urteurrenean, ordezkaritza zapatista bat Europa bisitatzen ari da. Helburua: mugaz gaindiko sareak sortzea eta ikuspegi orokorra izatea. 421 deituriko eskuadroia ez da sinbologiazko hizkietan gelditu. Lau emakumek, bi gizonek eta 'beste' batek (otroa, esaten dute zapatistek gazteleraz) osatutako taldeak, hainbat ikasgai eman dizkigu egun gutxi hauetan.

"Borroka berdinak egiten ari gara". Hitz horiekin agurtu gintuen zapatisten bozeramaile batek Basileako kanpalekuan. Abuztuaren 27-29 bitarte, elkarren borroka eta iraultza txikiak ezagutarazteko parada izan genuen. Hitz apalez eta kidetasunez, zapatistak ez baitzaizkigu irakastera etorri, nola borrokatzen dugun ikustera eta entzutera baizik, gero bueltan beraien herrian kontatzeko.
Lehenengo ekintza epaiketa feminista da, egitura patriarkalen menpean dauden guztiek aukera dute egileak eta zapalkuntzak publikoki salatzeko. Emakumeek eta genero disidenteek hainbat hizkuntzatan egin zituzten salaketak. Lupita, Yuli, Ximena, Carolina, Mari Jose, Bernal eta Felipe begira, entzuten, beren kaieretan apunteak hartuz.

"Zapatistak ez baitzaizkigu irakastera etorri, nola borrokatzen dugun ikustera eta entzutera baizik, gero bueltan beraien herrian kontatzeko"

Handik Jurako mendietara joan ziren eskuadroiko zazpi kideak, eta beste bi egunez Zürichen izan genituen solaskide. Hitz gutxikoak zirela esan ziguten zapatista emakumeek, ekintza edo praxi zaleak direla gehiago. Baina esandako hitz gutxi eta xumeetan eman zizkiguten zertzelada ederrak... Beren borroken eta egiteko moduen adibide praktikoak kontatu zizkiguten. Nola parte hartzen duten antolaketa politikoan eta gizarte mailan. Patriarkatu hitza aipatu gabe biolentzia estrukturalari nola egiten dioten aurre. Galderen tartean, ihes egiten zioten gure borrokari buruzko proposamenik egiteari: “Zuek bilatu behar duzue zuen bidea. Asko poztu gaitu emakume askok borrokan diharduzuela ikusteak. Baina konturatzen gara ze zaila den antolatzea eta horregatik gure mezua: ez zaudete bakarrik”. Hori esatera ere etorri gara bidai honetan…

Beste hitzaldi batean, honakoa galdetu zien batek: Ze abantaila eta desabantaila ikusi dituzue zuen eta gure egoeraren artean? “Zuek otsoa oso hurbil daukazue eta horrek borroka eta antolaketa zailtzen du, guk otsoa aspalditxo aldendu genuen”. Zapatistak sistema kapitalistatik kanpo eraiki zuten autonomiari buruz ari ziren. 1994. urteko altxamenduaren ondoren herritik eta herriarentzako eraiki eta autogobernatzen baitute, otsoarengandik urrun…