Irudikatu ezazue areto handi bat arkitektoz betea, momentuko nazioarteko ahots esanguratsuen berbaldiak entzuten. Jakin ezazue agertoki hori berriki gorpuztu dela, irailaren 8tik 10era, gure etxeetatik oso hurbil, Iruñeko Baluarten. Arkitekturaren sustapenaz arduratzen den fundazio pribatu batek antolatu du, gaztelania eta ingelera nagusi eta euskararen presentziarik gabe.
“Nolakoa izan behar du nahi dugun hiriak?“ galderaren bueltan aritu dira arkitekto, ekonomialari, soziologo eta bestelako diziplinak, diziplinartekotasuna hiria egiteko funtsezko oinarria dela aitortuz. Argi gelditu da hirien etorkizunak jardun beharko duela klima aldaketaren erresilientziaz, auzoen birgaitzeaz, etxebizitza parke duina sortzeaz, mugikortasun ereduaz, espazio publikoaren eskubideaz, berdintasuna bermatzeaz eta osasunaz. Konplexutasun maila handia eta zeharkatzen diren arazo mordoa dira guztiak, eta denek aho batez onartu dute etorkizuneko erronken izaera eta dimentsio berriagatik, orain arte erabilitako errezeta urbanoek ez dutela balio. Hiriaren kontzeptua krisian dago.
Azpimarragarria hiriek sortzen duten hildako eta gaixotasun kopurua eta zenbateko desberdintasun egoera sorrarazten dituzten. Zeren eta arkitektook zaleak gara egurrez, baliabide lokal eta berrerabilitako materialez egindako eraikinak eta kale berdeagoak izateko lan egiten –teknika eta estetika tarteko–, baina deserosoagoa zaigu zaintzen eta pertsona helduen aferei aurre egiteko hiri sistema egokietan pentsatzea, beste batzuen eginkizuna dela argudiatuz. Hiria tresna politiko eraldatzailea da gustatu ala ez, eta arkitektoaren eginkizuna ezinbestekoa bezain beharrezkoa da eraikuntza sozial horretan, baldin eta gutasun zabal batean –izaki bizidun ororentzat– pentsatzeko trebatua badago.