argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Dirua
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2021eko irailaren 21a

Azken garaiotan inposatzen ari zaidan pentsamendu bat: dirua ez da inportantea. Edo, bestela esanda, dirua ez zait inporta. Are bere existentzia zait erabat trabagarria. Kontxo, onura baino gehiago, ondoeza eragiten didala. Hau da, existituko ez balitz, hobeto. Eta diruaz hitz egitea tabu izango da, baina diruak gutaz hitz egiten duela esan daiteke, erabiltzeko dugun moduak definitzen gaituela. Ni neu ez naiz gastatzaile konpultsiboa, ez aurreztaile patologikoa. Ez eta tartekorik ere. Ez. Indiferentzia da erabatekoa. Eguneroko behar oinarrizkoenak asetzeko –eta, ados, tarteka libururen bat erosteko– nahikoa badut, aurrera. Zentzu horretan inbidia pixka bat ere badiot Martin Amisen Money eleberriko protagonistari, Jon Neroni: adikzioak ugari ditu, edana, tabakoa, janari azkarra, pornografia; baina, batez ere, dirua da bere droga nagusia.

David Graeberrek esango digu hasieratik daudela kreditua, zorra, dirua. Eta agian ez dago elkartrukerako bitarteko eraginkorragorik –eta kasu horretan nire arazoa litzateke, ez hainbeste dirua, baizik eta beste jende batekin elkartrukatu beharra–. Eta agian arazoa da diruaren gehiegizko goratzea, gorazarrea, jainkotzea, elkarreraginen erdi-erdian jarri izana –eta hartara berreskuratuko nuke fede apur bat elkarreraginean, eta bilatuko nuke beste modu batekoa–. Bada, seguru, dirua neurriz goiti pilatu duenarekiko halako mesfidantza bat, San Agustin gogoan: aberatsa, edo da lapurra, edo lapurren seme-alaba. Ambrose Biercek beste definizio bat dauka: “Nagien, ezgaien, etxekalteen, bekaiztien eta zorigaiztokoen ondasunak kudeatzen dituena” –eta, ez naizenez aberats, jakin nahi nuke kategoria horietako zeinetan, edo zenbatetan sartzen naizen–. Alegia, errazagoa dela orratzaren begitik gamelua igarotzea, aberatsa nire erreinuan sartzea baino. Eta, aldiz, pertsona guzti-guztiek behar materialak aseta izatea iruditzen zait dela, politikaren zeregin nagusi, ez esateagatik bakarra.