argia.eus
INPRIMATU
Nork garbitzen du zuen etxea?
June Fernández @marikazetari 2021eko irailaren 16a

Etxea garbitzen lagunduko dizuen pertsona bat behar duzue”. Guraso naizenetik, hainbat senide eta lagun tematuta daude aholku horrekin. Nekatuta nagoela esaten dudanean, hori da otutzen zaien irtenbide bakarra: alegia, irtenbide indibiduala, pribatua eta merkantilizatua.

“Laguntza” eta “pertsona” eufemismoak erabili ohi dituzte. “Laguntza” deitzen diote lan prekarizatuari. “Pertsona” esaten dute, “emakume” esan ordez. Emakume horien gehiengoa, gainera, migratu eta/edo arrazializatuak dira; arrazakeriak haien lan aukerak murriztu dituztelako garbitzen dituzte “gure” etxeak. Gainerako emakumeen kasuetan ere erraza da diskriminazio faktore ugari topatzea.

Eta nori laguntzen diete andre horiek? Hain dira kaxkarrak etxeko langileen lan baldintzak, ezen mila euro ozta-ozta irabazten dugun bikoteok aise ordaindu dezakegula “laguntza” hori. Nire ustez, horrek klase ertainen langile kontzientziari kalte egiten dio; etxeko langilea izatea klase adierazlea delako. Familia heterosexualen kasuan, emakumeek bete ohi dute ugazabaren rola: patriarkatuak egotzi dienez lan hori, haien ardura da lana azpikontratatzea. Gizonezko bikotekideekin gatazka lausotzea da erabaki hori hartzeko motibazio bat.

"Hain dira kaxkarrak etxeko langileen lan baldintzak, ezen mila euro ozta-ozta irabazten dugun bikoteok aise ordaindu dezakegula 'laguntza' hori"

Sara Lafuente Funes soziologoaren arabera (irakurri ezazue Katakrak-ek argitaratu duen Mercados reproductivos saiakera), Espainiako Estatuak dituen “etxeko enpleguaren zifra handiek adierazten dute desberdintasun ekonomiko handia dagoela, harreman heteropatriarkaletan sakonak direla eta bizitzari eusteko erantzukizun kolektiborik ez dagoela”.

Lafuente Funesen esanetan, zaintza krisiaren osagai bat da, emakumeek esfera publikora mugitu diren bitartean, gizonek, estatuek eta jendarteak ez dutela esfera erreproduktiboari arreta jartzeko mugimendu handirik egin. Hortaz, zaintza ardurek feminizatuta jarraitzen dute, baina sistema ekonomikoaren bazterretan konpontzen dira: izan gainkarga, tentsio eta gatazka handiarekin; izan beste emakume prekarioak azpikontratatzearen irtenbidearekin.

Baina emakume feministontzat, azken irtenbide horrek ez du (edo ez luke) gatazka erabat lausotzen, kontziente garelako (izan beharko ginelako) genero, arraza/jatorri eta klase zapalkuntzak ardaztutako sektorea dela etxeko langileena. Bateragarria al da feminista izatea eta etxeko langilea izatea? artikulua idatzi zuen Beatriz Gimenok 2013. urtean eta argudiatu zuen, besteak beste, norbera bere zikinkeriaz arduratzea oinarrizko eginbehar etiko, feminista eta antikapitalista izan behar duela.

Aipatutako bi feministen ustez, gai honetan erreferente den Amaia Pérez Orozcoren ustez, etxeko langileen baldintzak hobetzea beharrezkoa da, baina ez da nahikoa: zaintza arduren banaketa parekidea sustatzea, zaintza sareen sendotzea eta lan merkatuko dinamikak iraultzea ezinbestekoa da. Iruditzen zait etxeko langile bat kontratatzen duenak (kontzientzia politikoa badu, behintzat) pentsatu beharko lukeela nola lagundu sakoneko eraldaketa horietan. Etxeko langileen borroka babestea izan beharko luke lehenengo pausoa.

Artikulu honek idaztea deserosotasun puntua eragin dit. Eztabaida honetan zaila da emakumeak jomugan ez jartzea. Horregatik, irakurtzen didazuen gizon ezkertiar eta profeministei bota nahi dizuet azken interpelazio zuzena: zenbat aldiz atera da gai hau zuen militantzia kideekin, kuadrilakoekin edo eskolako beste aitekin solasean?