argia.eus
INPRIMATU
Leihoak, lumak eta ateak
Itziar Moreno Martínez 2021eko irailaren 16a

Leihotik begira igaro dut arratsaldea. Hauxe topiko galanta, ezta? Presoa, bere sorterritik urrun, herriminak jota, burdin hesitik haraindian begirada galduta, ordu luzez zeru karratuari so, erlojuak tik-tak... Ez, ez. Ez nago hodeien formei begira, ez; gabaiaren zain nago. Arratsaldero dator, baina gaur berandu dabil. Noski, kalatxoriak ez dauka erlojurik, arima askea da bera; ez dio kartzelariari, edo nagusiari, edo senarrari, edo bankariari, edo jaungoikoari konturik eman behar. No, beha hor, badator. Airean bizpahiru itzulipurdi osatu ostean, nire leiho-ertzerainoko lurreratze lerdena eskaini dit; burgoi horrek badaki aiduru nauela, bai horixe. Une batez, elkarri begira geratu gara, leku-denbora-logika ezaren linboan zintzilik. Emeki-emeki, barroteen artetik sartu dut eskua eta... zart! Ez-ez, ez dut lepotik heldu, lasai; luma bat baino ez diot hartu. Antxeta bera ere ez da kexatu, luma hori ekartzera etorri da-eta. Ene ninietara azken begiratu bat luzatu ostean (“Emaiozu erabilera egokia!”, diost, baina ez dut asmatu aholkatu, erregutu edo mehatxatu nahi ote nauen), hegoak ireki ditu, luze, zabal, dotore; emaro hegaldatu da orduan, urrun, aske, eskuraezin. Hasperen batek ihes egin behar zidan... ez dut klixe gehiagorako astirik, ordea. Bada, goazen.

"Tinta ontzia ireki dudanean zalantza baten mehatxuak estutu nau. Bai...? Ziur...?
Zer, nola, norentzat...? Eta gero...?"

Ziegako mahaitxoaren aurrean eseri naiz. Sorbatzik gabeko aizto borobilarekin zorrozkailuaren torlojutxoa biratu dut, xafla txikia askatzeko. Jarraian, boligrafo bati tinta-hodia kendu eta, pizgailu batekin, puntari su eman diot. Ketzarra! Plastikoa bigundu denean, mugimendu bakarrean, garra amatatu eta xafla txertatu dut, listuarekin bustitako hatz puntekin estutuz. Listo! Apur bat erre naizen arren, poz-pozik begiratu diot ene maistra-lanari. Atzamarren artean biratu dut, pentsakor... Eskulanak egiteko kuterra ote da, ala arma zuri arriskutsua?

Arma-kuterra irmoki heldu dut azkenean: denbora lar eman dut leihotik begira, ekiteko garaia da! Bi aiztokada kolperekin zorroztu dut gabaiaren luma. Zist-zast. A, begira, idazluma bat daukat orain esku ahurrean. Tinta ontzia ireki dudanean, aldiz, zalantza baten mehatxuak estutu nau. Bai...? Ziur...? Zer, nola, norentzat...? Eta gero...? Tik-tak. Hmm. Bai, hori da. Arma-kuterra berriro jaso eta, oraingoan, idazluma erabat zorroztu dut. Zist-zast-zist-zast. Hmmm... A, bai, orain bai.

Punta ezin zorrotzagoa dut orain. Idazluma sarrailan sartu eta... Klik! Eskerrik asko, ARGIA, ate hau irekitzeagatik. Laster arte!