argia.eus
INPRIMATU
Intentsitate eta energia neurtua
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko irailaren 17a
King Kong Baby | Sonic Trash | La Motta Records.

Sonic Trash talde bilbotarra –eta bere aurrekari Ya Te Digo– ezkutuko altxorra da, publikoarentzat ezezaguna. David Honok gidatutako taldeek dozenaka urte daramatzate 90eko hamarkadako altxortegian arakatzen eta tiraka, hori guztia berrasmatu eta energiaz, sentsualitatez eta aberastasunez betetako emaitza lantzen eta erdiesten.

Hainbat urte pasa dira estudioko azken lan luzea (Latigo) kaleratu zutenetik. Itzela izan zen lan horren kolpea, kiribildua –taldearen izaerarekin bat datorrena– eta amorrazio zein irmotasunez betea. A zer astindua eman ziguten diskoarekin eta zuzenekoekin! Ordutik, 2015etik, luze jo du itxaronaldiak, nahiz eta tartean Totem EPa argitara eman zuten.

 Horregatik, ilusioz hartu ditugu King Kong Baby osatzen duten hamar kantak, Submarino Records eta Tio Pete estudioetan grabatutakoak. Nabaria da diskoa egiteko denbora hartu dutela eta halakoa da emaitza. Gainera, gai izan dira taldeak barnean duen urgentzia modu neurtuagoan plazaratzeko. Kalamity (zure zapore berria) berezia da: lehen aldiz euskaraz abestu dute eta, gainera, Birkit-ek ere parte hartu du. Emaitza? Kantu intrigazkoa, sentsuala, tarteka beltza tarteka kutsu ekialdetarra duena, noise-a eta Flying Nun-en low giroak uztartzen dituena. Bilbao speed city-k taldearen marka dauka: presazkoa, iluna, gautiarra, rockeroa eta industriaurrekoa. Orient Ltd 90eko hamarkadako indie-rock dotorea da, new wave-etik ere edan du, jostaria eta ospakizunekoa ere bada. Sexy bass-ek ere hamarkada hura dauka oinarri, baina indartsuagoa, distortsionatuagoa eta eroagoa da. Amnesia-ren introa Stooges-en parekoa da. Jarraian, Velvet eta Cancer Moon-en bidetik, psikodelikoagoa da eta pisutsuago bilakatzen da ilargi paisaiarantz. Acelerado, Eduardo Benaventek anfetaminaz leporaino idatziko lukeen rock-and-roll eskizoa. Kamazotz rock maltzurra, samba eta Pixies batzen dituen entsalada. Amarcore Beast Of Bourbonen tamainako malenkonia arriskutsua eta psikodelia tantak batzen dituen balada. Cortes Touch and Go-ren marka diren gitarra zorrotz metalikoek jantzitako post-rocka. Azkenik, Alma canibal esperimentu korala.