Laino itsuan zein gauaren erdian, joan zenaren bila edo inoiz izan ez zenaren xerka, nora ote doa Maixa Zugasti (Tolosa, 1973)? Ezin jakin. Hostoen hezurdura unatua trinko honen hiru zati bata bestearekin txirikordatuak dira Isiltasuna, Hitza eta Zarata. Isiltasuna izan baitaiteke zantzorik ozenena. Hitzek askotan ezer gutxi diote. Eta zarata izan daiteke, inoiz, Nick Caven errepika “Do you love me?” galdetuz.
Cave aipatzen du eta aipatzen du, baita Felipe Juaristi, edo osterantzean Caballero Bonald, edo Baudelaire, edo Margarit. Merezi du liburura ekarritako esaldi bakoitzak, poemarioaren atsegin iturrietarik bat dira poema edo abesti zatiok: Fran Pérez, Sarri, Rodriguez Castelló, María Zambrano... Aipu horien bitartez orrialdeek arnasa hartzen dute, arean astunak eta lausoak baitira piezetako asko, dena gandua, dena memoria, dena nekea: “hostoen hezurdura unatu, udazkenean./ Itxiko ditut begiak/ amets egarriz/ eta oroitzapenez beteko dut hustasuna./ Betiereko azal bakar izango gara,/ gau ilun-ilunean,/ lo hartu berritan”.
Maixa Zugastiren unibertsoan etorkizunak berak ere malenkonia puntu bat dauka, ohe hutsaren zapore urdina. Hostoen hezurdura unatua itxaroteari buruzko poema liburua dela uste dut, baina azken finean heriotza du esperantza-puntu. Ilargiaz maitemindu zirenen manifestua dirudi uneka: “Jada ez dut giltzarik behar/ errautsen gainean eraikitako etxe honetan sartzeko”.
Poema konfidentzialak dira nolabait, baina ez pribatuak. Idazlea ezkutatu da eite klasikoetan eta irudi aski unibertsaletan, eta bere esperientzia lau haizeetara daroa: erneko diren zuhaiska berriak, piano-soinu leuna taberna-zuloan, Gernika bonbapean, hil-kanpaien errepika…
Tonu arre, uherrekin, sakonago eta sakonago eroango zaitu Maixa Zugastik. Apatia moduko batek harrapa zaitzake, ostera, eta lehen aldiz betetako mezuen artean nahasi. Nahiz eta izan estetikoki landua eta nahiz eta egon idatzita txukun-txukun, Hostoen hezurdura unatua da errepikapenaren puruz, atmosfera ilunen ilunez, monotonoegia. Poemak izan baitaitezke desberdinak, baina azpiko korrontea betiberdin, beti bat.