argia.eus
INPRIMATU
Umorea eta geure buruaren ezagutza
Xabier Etxaniz Erle 2021eko irailaren 09a
Mundua ulertzeko ipuinak | Egilea: Eloy Moreno | Itzultzailea: Fernando Rey Escalera | Ilustrazioak: Pablo Zerda | Denonartean, 2021

Izenburuak iradoki dezake liburu honek helburu praktikoa duela, bertako ipuinek erabilera nagusiki instrumentala (formatzailea) dutela, eta alde horretatik mesfidantza puntu batez barneratu nintzen ipuinon irakurketan.

Hasieratik, baina, sorpresa atsegina izan dudala aitortu behar dut. Egileak –gure artean ezaguna izan daiteke aurretik argitaraturiko Ikusezin gazte literaturako obragatik– herri ipuinetatik abiatuta, berak “antzinako ipuinak” dio, hauen aldaera berria eta gaurkotua egin du: “Gaur egungo denboretara egokitu nahi izan ditut: egoerak aldatu ditut, pertsonaiak, hizkera… baina mamia, mamia betikoa da: mundua ulertzen laguntzen digun hori”.

38 ipuin laburrek osatzen dute liburu hau –bigarren eta hirugarren liburuak iragarrita daude horren amaieran– eta nahiko arin irakurtzen diren piezak dira. Gehienetan gertakari bat kontatzen zaigu amaiera ironiko, barregarri edo harrigarri batekin. Eta amaiera horrek, narrazioaren ondorengo amaierak ematen du zer pentsa, gogoeta egitera bultzatzen gaitu gizakion jokabideez.

Hona hemen, adibidez, Errespetua, liburuko ipuinik laburrena, kontakizunen estiloa eta nondik norakoa argi erakusten duena:
“Emakume bat loreak jartzen ari zen bere senarra zenaren hilobian, eta, agure bat ikusi zuen ondoko hilobian plater bat bete arroz uzten.

Emakumea hurbildu, eta, burlaizez, galdetu zion:

-Egiatan uste duzu zure ahaidea zena etorriko dela arroz hori jatera?

-Bai, jakina –erantzun zion agureak–, zurea lore horiek usaintzera etortzen den egun berean”.

Ipuinak sinpleak dira, irakurtzeko zailtasunik gabeak, eta ez oso luzeak –hiru orrialde gehienez–; alde horretatik oso aproposak dira egileak proposatzen duen bezala egunero pare bat irakurtzeko, baina baita ere arratsalde batean, lasai asko, liburuko kontakizun hauekin irribarre egiteko; gehienetan, horixe delako irakurleari sorrarazten dion lehen inpresioa gogoeta egitera ere bultzatzen duten ipuin hauek.

Beraz, liburu oso gomendagarria da beste bati irakurtzeko –zergatik ez ohera doazen haur txikiagoei?– edo norberak une atsegina igarotzeko; hori bai, ipuinok lagunduko digute mundua ulertzen, baina, batez ere, lagunduko digute une goxoa igarotzen.