argia.eus
INPRIMATU
Maskilu kontserbak
Hurbileko nekazarien produktuak eraldatzeko proiektua Zeberion
Garazi Zabaleta 2021eko irailaren 09a

2013an Zeberioko Udalak nekazaritzan jardun nahi zutenentzako lur eskaintza eta kontserbera bat sortzeko proposamena egin zuen, eta lur horretan lanean jarri ziren kideek herriko eta Arratia inguruko beste nekazariekin elkarlanean kontserbera proiektu komuna bultzatu zuten. Gunearen zati handiena auzolanean moldatu, autoklabea lortzeko diru-bilketa kanpaina egin, eta Maskilu Kontserbak proiektua jaio zen. “Lehenago Garaiora edo Leintz-Gatzagara joan beharra genuen kontserbak egitera. Orain, berriz, hemen bertan egin ditzakegu, eta inguruko baserritar asko daude proiektuan sartuta”, dio Jon Garcia kideak.

Soberakinak aprobetxatzeko tresna

Elkarte bat sortzea izan zen proiektuko kideek aukeratutako formula. “Baserritarrok bazkide moduan erabiltzen dugu gunea, eta bakoitzak bere produktuak eraldatzen ditu”, dio Garciak. Hogei bazkide inguru dira gaur egun, baina egunerokoan kontserbak egiten hamar bat biltzen direla dio. “Erreminta bat da guretzat kontserbera: nekazari bezala, soberan ditugun produktuekin kontserbak egitea da asmoa”. Elkarteko kide askok otzarak egin eta kontsumo talde desberdinetan banatzen dituzte; horregatik, baratzeko garai zailenetan, maiatzaren eta ekainaren bueltan, kontserbak eta marmeladak eskaini ahal izatea garrantzitsua da haientzat. “Edozein barazki edo fruitu eralda dezakegu. Marmeladak, tomatea, pistoa, lekak, zerba, piperminak ozpinetan… denetik egiten dugu”.

Elkarteko kide guztiek dute elikagaiak manipulatzeko karneta, eta hainbat ikastaro jaso dituzte kontserberako tresneria eta makineria nola erabili ikasteko. Bazkideek beren kontserbak egiteaz aparte, kanpokoei ere eskaintzen diete zerbitzua. “Gunea kudeatzen duen jendea arduratzen da normalean kanpokoei kontserbak egiteaz, kanpokoek ezin baitute lan hori egin”, dio. Produktu guztiak erregistro sanitarioarekin ateratzen dira eraldaketa gunetik; hori bai, Maskiluko zigilua elkarteko kideenek soilik daramate.

Agroekologiaren aldeko mugimenduaren parte

“Gure izateko arrazoia agroekologiaren alde lan egitea da, eta nekazaritzari eta elikadura burujabetzari lotutako beste mugimenduekin harremana dugu”, dio Garciak. Elkarteko kide guztiak ez dira eredu agroekologikoan ari, baina denek dituzte konpromiso minimo batzuk hartuak. “Arratian nahiko ezagunak gara, eta politikoki garrantzitsua da guretzat balore minimo batzuk argi izatea eta horren alde borrokatzea”, gehitzen du.

EHNE Bizkaia sindikatuarekin, Etxaldeko emakumeekin eta beste hainbat kolektiborekin dute lotura Maskiluko kideek, eta proiektuan interesa duten nekazari berrientzako ere ateak zabalik dituztela azpimarratzen dute. “Hemen zerbait egin nahi duenari edozer erakusteko eta ahal dugun moduan laguntzeko prest gaude”.