Eskolako liburutegia ere ez dago eredu sexistetatik salbu

  • Ikas-prozesuan eta munduarekiko eraikitzen dugun begiradan ipuinak zein inportanteak diren aintzat hartuta, ikastetxeetako liburutegiei ematen al diegu duten garrantzia? Ba al dakigu zer dugun bertako apaletan eta zer gomendatu ikasle bati eta besteari? Zehazki, genero ikuspegitik aztertu ditu eskolako liburutegiak Parean elkarteak: ipuinetan erreproduzitzen diren joera eta estereotipo batzuk espero zituzten, beste hainbat datuk txarrerako harritu ditu, eta hirugarren ondorio bat atera dute: liburutegiak ez ditugu behar bezain ongi zainduta.

Shu Oteroren irudian, ateratako datuetako batzuk.

Haur eta Lehen Hezkuntzako (2-12 urte inguruko ikasleak) Irungo Eguzkitza ikastetxea aukeratu dute ikerketa egiteko. 21 ikasgelako eskola publiko honetan, liburutegiak dituen 4.000 liburuetatik 973 aztertu dituzte, genero-ikuspegia abiapuntu hartuta. Ikerketaz gain, ipuinen gomendio sorta ere osatu du Parean elkarteak, irudimena eta jakin-mina pizten duten hezkuntzarako altxor preziatua baitira ipuinak. Elkartearen ustez, ateratako ondorioak badira beste eskoletan aurki daitekeen errealitatearen ispilu, baina oharra ere egin dute: “Hezkidetza plan indartsua du Eguzkitzak, ez da edozer gauza sartzen liburutegian, eta horregatik susmoa dugu hainbat ikastetxetan panorama ziurrenik okerragoa dela”.

Azterturiko ipuinen idazleak gizonak dira nagusiki, mutil protagonistak gehiago dira neskak baino, istorioek sarri estereotipo sexistak erreproduzitzen dituzte… Aurreikusten zuten halako ondoriorik ikerketaren egileek, eta hala ere, datu batzuek harritu egin dituztela aitortu digu Oihana Llorente Arretxea Pareaneko kideak: esaterako, emakumeak lan munduan nola irudikatzen (ez) diren ikusteak. Aztertutako ipuinen %13an baino ez dira ageri emakumeak zaintzan ez den bestelako rol batean, eta lan egiten agertu direnean, gehientsuenetan irakasle edo dendari lanetan baino ez. Alegia, emakumeak ez dira langile gisa islatzen eta agertzen direnean, oso profesio feminizatuetan ari dira. “Ez dira ikusten emakume abokatu edo alkateak –kexu da Llorente–. Askotan diogu neskak astronauta izan daitezkeela eta halako erreferenteak jarri behar direla mahai gainean, baina oso urrun gaude horretatik; pentsa, gure alabek ez dute ikusten emakumeak lan munduan gaudenik ere!”.

Neskak protagonista diren ipuin askotan, talde gisa dira protagonista.  Geronimo da Geronimo Stilton bildumako protagonista, baina Tea Stilton bilduman, Tearen kluba da protagonista

Eta zein roletan ikusten ditugu emakumeak? Bada, zaintzaile. Zaintzak gutxitan du protagonismoa ipuinetan, baina agertzen delarik, emakumeen ardura da –ipuinen %95ean emakumeak dira zaintza lanetan ari direnak–. “Asko eta asko dira ipuinetan ama edo amona paperean soil-soilik ikusten ditugun emakumeak”.

Emakume langileak ez, sorginak bai
Lan munduan apenas, baina hori bai, asko dira sorgin paperean irudikatzen diren emakumeak, hain juxtu aurreiritzi jakin batzuk islatzeko: “Itsusi eta zatar izateaz gainera, gaizkiaren eredu izan ohi dira –dio ikerketak–. Sorgina etiketa erabili izan da feminitatearen arauekin apurtzen duten emakumeak estigmatizatzeko, eta tamalez, haur eta gazte literaturan ikusten dugu oraindik ere indarrean dagoen estigma dela”. Sorginei buruzko ipuinek duten tiradizoa aprobetxatu beharko litzatekeela uste dute Pareaneko kideek, sorginen inguruko bestelako irudi bat eskaintzeko.

Protagonismo partekatuak, eredu estereotipatuak eta maitasun erromantikoa
Ondorio ugari utzi du ikerketak. Ipuineko protagonisten inguruan, adibidez, adierazgarriak dira emaitzak: gehienetan mutila edo gizona da protagonista (ipuinen %62an), eta protagonismoa bikote batek edo taldeak partekatzen duenean ere, iniziatiba daramatenak eta ekintzaileagoak direnak mutilak izan ohi dira. Eta datu oso esanguratsua: neskak protagonista diren ipuin askotan, talde gisa dira protagonista, alegia taldean partekatzen dute protagonismoa, mutil protagonistekin gertatzen ez dena. Adibiderako, Geronimo da Geronimo Stilton bilduma ezaguneko protagonista, baina Tea Stilton bilduman, Tearen kluba da protagonista, talde osoa.

Arlo ezberdinetan gizakiek egin duten ekarpen historiko eta soziala biltzen duten liburu didaktikoetan ere, askoz urriagoa da emakumeen presentzia. Haurrak historiara hurbiltzeko Gabai komiki-bilduman adibidez, gizonen protagonismoa da nagusi, eta Vascos con Historia bildumako hamaika aleetan, bakarrak jasotzen du emakume baten historia: Maria de Maezturena.
Azterturiko ipuinen bi herenak gizonek idatziak dira eta pertsonaiek maiz estereotipoak islatzen dituzte –“neskato txukun, garbi, antolatuak; mutil alproja, desordenatu, zikinak”–, baita ilustrazioetan ere –“koloreetatik hasi eta janzkeraraino”–.

Maitasun erromantikoak atal berezia merezi duela dio ikerketak: neskatoei zuzenduta egon ohi diren istorio hauek maitasunaren irudi idealizatuan eta printzesa salbatuko duen printzearen klixean sakontzen dute, etorkizunean “harreman sano eta orekatuak izatea oztopatuz”. Azken finean, bikote harreman toxikoak normalizatzeari eta indarkeria matxistari mesede egiten diote halako kontakizunek.

Oihana Llorente: "Gai zehatzak lantzea helburu duten ipuinak interesgarriak dira, baina literaturaren ikuspegitik maiz ez dira bereziki erakargarriak, eta gai horiek transbertsalago jasotzen dituzten ipuinak ere inportanteak dira"

Liburu instrumentalak nahi ditugu ala literatura?
Liburuetan, familia tradizionala da jaun eta jabe (liburuen %95etan), eta bestelako familia ereduak agertzen badira, gaia espresuki jorratzen duten liburuak dira (Mila bi etxeetan bizi da). Berdin zuri mendebaldarra ez den arraza eta kultura duten pertsonaiekin: aniztasuna lantzeko liburuetan baino ez dute lekua. Gai zehatzak lantzea helburu duten ipuinak ugaritu direla kontatu digu Oihana Llorentek, eta aurrerapausoa dela, garrantzitsua baita ikasgelan gaia landu nahi denerako tresna hauek eskura izatea, “baina aldi berean, literaturaren ikuspegitik maiz ez dira bereziki erakargarriak, eta horregatik halako ipuinez gain, gai horiek transbertsalago jasotzen dituzten ipuinak ere inportanteak dira”. Aberastasun hori guztia ezagutu eta ongi katalogatzean dago giltza: “Familia eredu anitzak landu nahi badituzu, ez jo bakarrik ipuin instrumentalera, Ametsek bi ama ditu horretara, aholkatu baita ere istorioak zerikusirik ez duen arren gaiak nolabaiteko presentzia duen ipuina (bi ama dituen familia agertzen delako momenturen batean, adibidez)”.

Nor arduratzen da liburutegiaz?
Aipaturiko aberastasun hori guztia ongi ordenatu eta katalogatzeko, apaletan duguna gaurkotu eta interesgarri deritzoguna liburutegira ekartzeko, aukeratzen eta aholkatzen jakiteko… merezi duen garrantzia eman behar zaio liburutegiari, baina ez ditugula behar bezainbeste zaintzen ondorioztatu du Parean elkarteak. “Hezkuntza Saila bera da liburutegien aldeko apusturik egiten ez duena: lehen, eskola guztietan zegoen liburutegi arduraduna eta leku batzuetan jardunaldi osoko lanaldia izaten zen, baina hori poliki-poliki desagertzen joan da. Kasu honetan, Eguzkitzan, liburutegi arduraduna jangelako arduraduna ere bada, beraz atera kontuak zenbat denbora eskaini diezaiokeen liburutegiari”, dio Llorentek. Horrez gain, nabarmendu du liburutegia txukun mantentzeko ikas-komunitate osoaren inplikazioa behar dela.

Llorente: "Sarri diogu neskak astronauta izan daitezkeela, halako erreferenteak jarri behar direla mahai gainean, baina oso urrun gaude; pentsa, gure alabek ez dute ikusten emakumeak lan munduan gaudenik ere!"

Gaiak berak guraso eta hezitzaileen inplikazioa eskatzen du, beraien rola ezinbestekoa baita ikasleek irakurriko duten horretan –bai aukeraketan, baina baita aukeratutakoak zein ikuspegi ematen dituen eztabaidatzeko orduan ere–. Ikerketako galderei erantzunez, irakasleek diote liburuak hautatzeko irizpide nagusia, portzentaje oso handi batean, ikasleen interesa dela (gaiaren, curriculumaren eta abarren gainetik), eta liburua hautatzerakoan irakasle gehienek ez dute protagonistaren generoa aintzat hartzen.

Hezitzaileen formazioan indarra egin behar dela azpimarratu du Llorentek: “Iaz bukatu genuen ikerketa, eta aurten, ateratako ondorioekin, formakuntza bideratu dugu Irungo eskola publiko guztietako irakasleekin. Sarritan esaten da betaurreko moreak jantzi behar ditugula, baina horretarako formazioa behar da, eta horregatik, ikerketatik ateratako ondorioei tiraka hainbat irizpide eman dizkiegu irakasleei, ipuinak aukeratzean kontuan izan ditzaten. Gure maleta bete liburu ibili gara ikastetxez ikastetxe; aurrena, eskolan dituzten liburuak aztertzen ditugu ikuspegi kritiko batetik eta gero gure maletako ipuin eta liburuak erakusten dizkiegu”.

Momo, Tximeleta-belarriak, Daniela pirata, Tango
Maleta horretan zer duten irudika dezakegu, Katakrak liburu-denda eta editorialaren laguntzaz osatu duten ipuin bildumari erreparatzen badiogu. Asko dira Parean elkartearen gida ederrean aholkatu dituzten ipuinak: Munstro arrosa, Nik ere nahiko nuke mango bat, Arturo eta Klementina, Tximeleta-belarriak, Munduko karramarrorik ertainena, Printzesek ere puzker egiten dute, Gerrak ez du etenik, Hankaz gora du amak mundua, Daniela pirata, Leotolde, Pippi itsasorako asmotan, Momo, Gu gara marimatrakak, Marie Curie, Martin

Bat aukeratzeko esan diogu Llorenteri eta Tango aipatu digu, umerik izan ezin duten eta umea nahi duten bi pinguinoren istorio zoragarria, New Yorkeko zooan benetan gertatua.

Eta azken ohar bat ere egin digu: hizkuntza askotan daude lan polit askoak; ikerketak izan nahi du baita ere aldarrikapen bat euskarara itzultzeko inguruan dugun on hori guztia. “Nire alabak, adibidez, oso gustura irakurtzen du gaztelaniaz Good Night Stories for Rebel Girls bilduma, emakume esanguratsuen biografiak modu bikainean kontatzen dituena”.

“Lehen, eskola guztietan zegoen liburutegi arduraduna eta leku batzuetan jardunaldi osoko lanaldia izaten zen, baina hori poliki-poliki desagertzen joan da”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
“Mezu faxistak” zabaltzen dituen EHUko Arabako Campuseko irakaslea salatu du Ikamak

Gasteizko EHUko Farmazia Fakultateko irakasle batek sare sozialetan “mezu faxistak” zabaltzen dituela salatu du Ikama ikasle taldeak. Joan den irailean, EHUk Leioako Campuseko irakasle bat kanporatu zuen sare sozialetan zabaltzen zituen mezuengatik.


2025-02-07 | Gedar
Txantreako Eunate ikastetxeko irakasle erasotzaileak alde egitea lortu dute ikasleek

Iruñerriko IAk azaldu duenez, irakasle horrek ikasleak sexualizatu eta bortxaketak justifikatu zituen. Aurreko ostiralean eserialdi bat egin zuten eta sinadura bilketa bat izan dute martxan, irakaslea botatzeko.


Ez ei dakite zergatik

Hezkuntza Sailak ez ei du ulertzen publikoko langileak zergatik joan garen grebara. LAB sindikatuari galdetzea dauka. Sindikatu horrek akordioa sinatu zuen sailarekin, 2023ko apirilean. Urte bi geroago grebara deitu dute haiek ere, aurrekoetan ez bezala, Hezkuntza Sailak... [+]


Derrigorrezko hezkuntzaren etapa guztietan mugikorra debekatu nahi du Generalitateak

Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaieraraino, ikastetxeetan mugikorra debekatzea du helburu Kataluniako Generalitateko Hezkuntza kontseilariak. 6 urtera arteko haurren ikasgeletan material teknologikorik ez egotea eta eskolen digitalizazioa aztertzea... [+]


2025-02-05 | Tere Maldonado
Irakasle-klaustroak edo mundua nola hobetu

Erretiratu berri den lankide-ohi baten omenez, Historiako irakaslea. Bejondeizula!

Hezkuntza-legeek azpimarratzen dute zein garrantzitsua den ikasleengan pentsamendu kritikoa sustatzea. Baina irakasle-klaustroak, garai batean ideien eztabaidarako eta proposamenak... [+]


Judimendi: A ereduko ikastetxe estigmatizatua D ereduko auzo-eskola bilakatzen

Eskola segregatua izan da Gasteizko Judimendi ikastetxe publikoa, hiri guztiko ikasleak hartu ditu, jatorri atzerritarreko familien seme-alabak. Baina A hizkuntza eredutik D eredura igarotzeaz gain, auzoak eskola bere sentitzeko eta auzoko familiak erakartzeko egindako... [+]


Greba Nafarroako hezkuntza publikoan
Ikasturteko hirugarren greba deialdia ere arrakastatsua izan dela diote sindikatuek

Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak... [+]


Etorkizuneko belaunaldiak gurpil gainean eramanez Gasteizen

Bizieskola ekimenaren bitartez Gasteizko Eraman kooperatiba ikastetxeetako umeak trebatzen hasi da ikasturte honetan, hirian bizikletaz segurtasunez eta modu independentean ibiltzeko. Gasteizko Udalarekin batera parte hartzen du ekimenean, eta kooperatibako kideek ikastetxeetako... [+]


2025-01-30 | Axier Lopez
Mugikorrik gabeko eskolak Brasilen

Gure bizitzetan pantailen inbasioa azkartu da azken urteotan. Euskal Herrian, alde batetik, “pantailak euskaraz” nahi ditugula diogu ikus-entzunezkoen eskaintza handitzeko, eta bestetik, antolatzen gara eskoletan askotariko pantailek irabazi dituzten eremuak... [+]


Hezkuntza sailari

Greba ataritan jaso nuen zuen e-maila, posta pertsonalean. Hasieran, beste askok bezala, grebaren aurrean ze aukera ditugun jakinarazteko zela pentsatu nuen. Baina ez, grebaren aurkako mugimendu politiko eta komunikatiboa zen jasotako e-maila.

Aitortuko dizuet ahozabalik utzi... [+]


2025-01-29 | ARGIA
Bi hamarkadatan euskarazko eta elebitako ikastetxeek gain hartu diete frantsesezkoei Ipar Euskal Herrian

Euskarazko murgiltze eredua eta eredu elebiduna duten ikastetxeak gutxiengo izatetik gehiengo izatera pasa dira Ipar Euskal Herrian hogei urteotan, Euskararen Erakunde Publikoaren azterketak erakutsi duenez.


Eskola kirola vs klubak eztabaida, pil-pilean

Kirol klub batean aritu nahi duen haurrak ez duela zertan Eskola Kirola egin dioen epaiari helegitea jarriko dio orain Gipuzkoako Diputazioak. Umeak nahi duen kirola aukeratzeko askatasuna batetik, helburu hezitzaile eta integratzaileak bultzatzen dituen eredua bestetik,... [+]


Lanbide Heziketako praktikak arazo-iturri izaten ari dira

Sistema duala abian da ikasturte honetan Hego Euskal Herriko Lanbide Heziketan, eta eredugarri saldu duten arren, arazotsua izaten ari da hainbat zentrotan: ikasle guztiek derrigorrezko praktikak egin ditzaten enpresak bilatzen “gorriak pasatzen ari dira” irakasleak,... [+]


2025-01-28 | UEU
Itsaso Bakedano Moreno
“Denok gara sexu-hezkuntzako erreferenteak”

"Sexu-hezkuntzaikasgeletatik haratago" ikastaroa emango du UEUrekin online Itsaso Bakedano Moreno (Baldorba, 1992) sexologoak. INCISEXeko Sexu-hezkuntza eta -aholkularitza masterra du, Biko Arloak-eko Training sexologia klinikoko formakuntza du eta Lanbide Heziketako... [+]


Bengoetxeak errektore kargua hartu du eta EHUren finantzazioak segitzen du izaten eztabaidagai

Aparteko iragarpenik egin gabe, "askatasun akademikoaren eta izpiritu kritikoaren" aldeko aldarria egin du Joxerra Bengoetxeak EHUko errektore karguaren zina egin duenean, Ajuria Enean: "Ebidentzia zientifikoak ukatzen dituztenen aurkako euste-horma izango da... [+]


Eguneraketa berriak daude