Tokiko hizkuntzetan bideraturiko murgiltze eredua eskola publiko eta pribatuetan eskaintzeko eskubide historikoa ezeztatu zuen Frantziako Konstituzio Kontseiluak maiatzaren 21ean, garaipen hau zekarren Molac Legearen bozketatik 44 egunetara. Ebazpen horrek dakarrena xeheki azaldu digu Eneritz Zabaletak, nola ez, murgiltze eredua bermatu eta garatu ahal izateko bideetan arreta jarriz.
Murgiltze eredua tokiko hizkuntzetan eskaintzea Konstituzioaren kontra doala ebatzi zuen maiatzean Konstituzio Kontseiluak. Harritu zintuen epaiak?
Egia da beti ukan duen ildoa segitu zuela, baina hala ere gogorra iruditu zitzaidan. Harridura pixka bat eragin zidan, iraganean baino gogorragoa zelako. Jada 2001ean murgiltzeari buruzko epai bat atera zuen, zeinetan nolabait bereizten zituen eskola publikoak –hauentzat kontrakotasuna sendi zen– eta ikastola eta diwanen gisako hitzarmen bidezko eskolak –hauentzat baimentzen zuen–. Pentsatzen nuen aldi honetan ere horretan geldituko zela, ez zituela zalantzan emanen kontratu peko eskolak. Azkenean bai eta biziki gogorra iduritzen zait.
Alta, hortik egun batzuetara, Konstituzio Kontseiluak berak ohar bidez jakinarazi zuen bakarrik eskola publikoentzat balioko zuela epaiak. Ebazpena ala oharra, zeinek du balore juridikoa?
Erabakiak du balio. Konstituzio Kontseiluaren baitan kalapitak edo eztabaidak egon direla agertzen da, zeren ohar hori plazaratu eta egun batzuetara berriro aldatu zuten oharra, gibelera eginez, zerbitzu publikoa bere osotasunean kontuan hartzen zela erranez –ez bakarrik eskola publikoak–. Geroztik jakin dugu kontseilari batzuk ez zutela bortxaz gaia ezagutzen, eta beste batzuek baliatu zutela aukera lekuko hizkuntzetan bideratu murgiltzearen kontra joateko.
Ebazpenak ondorioak ukan ditzake kontratu peko eskolen diruztatze publikoan?
Funtzionamendu gastuak estaltzeko herriko etxeek diru bat banatu behar dute eta horrek balio du ere herriko umea ondoko herriko eskolara baldin badoa. Praktikan, betebehar hau ez da beti betetzen. Zer gertatuko da? Kontratu horiek mantentzen diren heinean ordaindu beharko dute, legeak hori dioelako. Baina galdera da: Zer gertatuko da kontratu horiekin? Ez ote du ministerioak noizbait galdeginen kontratuekin segitu ahal izateko murgiltze eredua aldatzea? Ziurgabetasunean gara.
Murgiltze eredua eskola publikoan eskaini ahal izateko esperimentazio eskubidea erabili izan da. Mekanismo horren bukaera ere dakar Konstituzio Kontseiluaren epaiak?
Esperimentazio mekanismoa plantan eman ahal izateko baldintza bat jarri zuten: legearen kontra joatea esperimentatu daiteke (mekanismo berri bat esperimentatu, ondotik ikusteko ea lege bidez orokortzen den mekanismoa), baina ezin daiteke Konstituzioaren kontra doan zerbait esperimentatu. Orain arte murgiltzea esperimentatzen ahal zen, ez zelako argi eta garbi erraten Konstituzioaren kontra zioala. Baina orain badugu epai argi hau dioena Konstituzioaren 2. artikuluaren kontra doala eta eskola publikoetan ezin dela eredu hori aplikatu. Hor dago zalantza eta dagoen borrokan landutako bidea da erratea eskola publikoan esperimentatzen dena ez dela Konstituzio Kontseiluak definituriko murgiltze eredua. Dena dela, berriro ere ziurgabetasun handia bada: zer jarrera hartuko ote du errektoreak esperimentazio horiekin? Eskola sartze hau normalki iraganen dela erran dute, baina gerora begira galdera ikur handi bat bada. Zer gertatuko da etorkizunean? Errektoretzak zer erabakiko du?
Azkenean, iraganean garatu bideak moztu ditzakete.
Bai. Gainera Konstituzioko 62. artikuluak dio Konstituzio Kontseiluaren epaiak derrigorrez aplikatu behar dituztela autoritate publikoek. Horrek erran nahi du gauzak lehen bezala segitzen badira epai hori ez dutela betetzen eta momentu bat etorriko dela zeinetan erranen zaien epaia aplikatzea. Gaur egun diren eredu guztiak dira zalantzan ematen eta hor dago arriskua.
140 parlamentarik Konstituzioa aldatzea eskatu zuten ekainean. Teknikoki nola aldatzen da Konstituzioa?
Iniziatiba hau badugu bai eta horrez gain, uztailean bi parlamentarik ateratako txostena ere hor dugu. Azken honetan ere agertzen da Konstituzioa aldatu ezean ez dela aukera handirik. Macronen legegintzaldi honetan ez da eginen, hauteskundeak laster direlako. Egitekotan 2022tik aitzina eginen litzateke. Badira bi bide Konstituzioa aldatzeko. Bata, erreferendum bidez bukatzen dena, hau da, parlamentariek Legebiltzarrean eta Senatuan testu bera bozkatu ondoren erreferendum bidez berrestea –ez dut uste ikusiko dugunik egun batez hori–. Bestea da bide presidentziala, hor ere testu berdina bozkatu behar dute eta ondotik Frantziako lehendakariak erabakitzen du testua bide parlamentariora bideratzea, Kongresua deitu parlamentu berezira, Legebiltzarreko eta Senatuko kide guztiak ganbera berean biltzen dira eta bozketan %60ko gehiengoa behar da aldaketa lortzeko.
Uztailaren 21ean Kerlogot eta Euzet parlamentariek gobernuari aurkeztu txostena aipatu duzu. Zein da zure irakurketa?
Niri iduritzen zait oso txosten timidoa dela. Txosten honek alternatibak aurkeztu behar zituen, baina azkenean egiten duena da arazo juridikoa berretsi. Hainbat pista planteatzen ditu, baina beti zehaztuz juridikoki arriskutsuak direla. Hori horrela, Konstituzioaren aldaketa da juridikoki egoera konpontzeko bide bakarra, hori gabe beti ziurgabetasunean izango garelako.
Horrentzat nahikeria politikoa behar da eta hau ez dugu sendi.
Parlamentarien txostenean ere hori erraten da, ez dira baitezpada Konstituzioa aldatzearen alde, ez dira lekuko hizkuntzei buruzko eztabaidaren alde. Aldarria plaza publikoan jarri beharko da, hautagaiek engaiamenduak hartzeko gisan eta ondotik presidente izendatuak promesa betetzeko gisan. Tamalez badakigu promesak ez direla beti betetzen, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berrestearen promesa bi aldiz egin izan da eta alta, ez da sekula egin.
Plaza publikoan egon da aldarria. Gero hurbil-ertainean ere horrela segituko duela uste duzu?
Hurrengo borroka hori izango dela uste dut. Ongi antolatu beharko da, Konstituzioa aldatzea galdegiten duen plataforma berezi bat osatu beharko da. Presidentzialak direnean beti egoten da lekuko hizkuntzei buruzko interpelazio lana, baina uste dut lan handiagoa egin beharko dela aldi honetan: lobby lana eginez, mobilizatuz eta hautagaien programetan engaiamendua sarraraziz. Hori izanen da oraingo borroka.
Europa izan daiteke hizkuntza gutxituen aitortza lortzeko bidea?
Juridikoki erran nezake ezetz. Hizkuntza politikarena ez da Europar Batasunaren eskumenetan eta nahiko askatasun handia uzten die estatuei hizkuntzen trataera arautzeko. Beraz hortik juridikoki ez dut bide handirik ikusten. Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren pista ere aipatu da. Europako Kontseiluak sortu zuen organo hau baina honek ere askatasun handia uzten die estatuei hizkuntza eskubideen arloan, kontsideratzen duelako 1951n adosturiko Europako Giza Eskubideen Konbentzioak ez dituela hizkuntza eskubideak bere babespeko hartzen. Beraz nekez ikusten dut juridikoki Frantzia zigortzeko edo kondenatzeko bidea Europatik.
Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berretsia balitz, honek Konstituzio Kontseiluaren epaia baino balore handiagoa luke?
Kontua da itun hau berresteko Konstituzioa aldatu behar litzatekeela, epaileek diotelako itun honek sortzen dituela Konstituzioarekin bateragarriak ez diren eskubide batzuk. Azkenean arazo beraren aitzinean gara. Arazoa konstituzionala denez Konstituzioa aldatu beharko da, hori gabe gauden egoera zalantzatian edo are egoera okerragoan izanen garelako.
Errektoreak du lekuan leku eskaerei erantzuten. Jarrera jakobinoan dira, ala noiztenka lekuko hizkuntzen aldeko posturak ere ageri dira?
Errektoretza azkenean hierarkiaren printzipioari lotua da eta Hezkuntza Ministerioaren manuak aplikatu behar ditu. Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministro denetik, jarrera gogorrago batean daude errektoretzan eta inspekzioan. Hala ere, gaia ez bada puri-purian, agian askatasun eta aukera gehiago dauka errektoreak, baina hor gaia puri-purian izanki, saiatuko dira hautsi-mautsi bat lortzen, beti ere ministerioko printzipioak aplikatuz. Gobernutik eman den kontsigna da aurtengo eskola sartzea lehen bezala, hau da, deus hunki gabe bideratzea. Aurtengoa horrela pasako da, baina hemendik aitzina egoera zailduko da.
Sexu-erasotzaile gehienak biktimaren inguru sozialekoak direla eta “kaleko bortxatzaile mamuaren ideiatik” aldendu beharra dagoela nabarmendu du Nafarroako Emakume Gazteen kontrako Sexu Indarkeriari buruzko I. Azterketak. Ikerketak gazteengan jarri du arreta,... [+]
Memoria Demokratikoaren Legea bete eta Lasa eta Zabala bahitu eta torturatu zituzten Donostiako La Cumbre eraikina memoria historikorako gune bihur dezaten exijitu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Jauregia 2023an Donostiako Udalari utzi behar zion estatuak, baina prozedura... [+]
ChatGPT ez da dagoeneko "hainbesterako". Lehiakide biziago, eskuragarriago eta merkeago bat jarri zaio parean AEBetako eta mundu mailako liderrari: enpresa txinatar baten eskutik ikusi du argia DeepSeekek. Dantzan jarri da mundua, eta ez espresuki onerako. Mikrotxipen... [+]
Laudioko lantegiko zuzendaritzak astelehen honetan jakinarazi dio enpresa batzordeari behin betiko itxiko duela enpresa. Urtarrilaren 29an abiatuko dute ixteko prozesua. Egun berean egingo dute elkarretaratzea langileek eta ostegunean hasiko dute greba.
Plan berriak Baztango bailara lau zonalde historikoetan bereiztea proposatzen du. Ostatu turistiko berriak irekitzeko araudia ere hartuko du bere gain, definitutako hiri iraunkortasun adierazleen araberakoa izango dena.
Eredu berriak ikasleek milaka euro aurreztea ekar lezake. Autoeskoletako irakasleek plana kritikatu eta errepideetan sor daitekeen arriskua mahaigaineratu dute. Neurri berriak “milaka irakasleren enplegua arriskuan jartzen duela” ohartarazi dute.
Sistema duala abian da ikasturte honetan Hego Euskal Herriko Lanbide Heziketan, eta eredugarri saldu duten arren, arazotsua izaten ari da hainbat zentrotan: ikasle guztiek derrigorrezko praktikak egin ditzaten enpresak bilatzen “gorriak pasatzen ari dira” irakasleak,... [+]
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak egin ditu asteburuan Atarrabian. Sistema judiziala jarri dute ezbaian, justizia eta autodefentsa feministaren balioak aztertu dituzte.
"Sexu-hezkuntzaikasgeletatik haratago" ikastaroa emango du UEUrekin online Itsaso Bakedano Moreno (Baldorba, 1992) sexologoak. INCISEXeko Sexu-hezkuntza eta -aholkularitza masterra du, Biko Arloak-eko Training sexologia klinikoko formakuntza du eta Lanbide Heziketako... [+]
EHGAMek Axel hotelaren irregulartasunei jarritako helegitearen inguruko isiltasun administratiboaren ondoren, hotelaren itxiera eskatzen du eta hainbat eragileekin batera prentsaurrekoa eman dute.
Bretainian, bretoiera oso ondo edo nahiko ondo hitz egiten duten herritarrak %2,7 dira, 2018an baino hiru puntu gutxiago. 107.000 dira gaur egun. Hiztunak gazteagoak dira. Galo hiztunen kopuruak ere behera egin du, baina ez bretoierak bezainbesteko abiadan.
“Urumeako mendiak bizirik” herri-ekimenak jende andana elkartu du Hernaniko plazan. Mendi horietan egin nahi dituzten bi makroproiektu eolikoen berri eman du, ekarriko lituzketen kalteak azaldu ditu eta Urumea bailarako eta inguruetako herritar guztiei dei egin diete... [+]