argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Munduan parte hartu
Aritz Galarraga 2021eko irailaren 05

Pentsatzen dut garai batean nik ere esperoko nuela, Rimbaud poetak bezala, dena bizi, dena esan, dena asmatu, lehen buruan dena suntsitzea. Proiektu bat eraman: mundua hitzen bidez eraldatzea. Hamabost eta hemeretzi urteen artean esan zuen esan beharreko guztia. Hitzak behingoagatik jarri gabe klasikoki pentsamendu jakin baten menera. Hunkigarria da obra hain urriak, Une saison en enfer eta Illuminations liburuek, abangoardien zikloa ireki izana. Eta gero isiltasuna. Eta bidaia, Europa, Afrika, 1881ko letra batean: “zaldi bat erosiko dut eta banoa”. Jakinik, sendatu ustean, bizitzeko ezintasuna alde batetik bestera eramatea dela bidaiatzea. Azkenik, hogeita hamazazpi urterekin, hezurretako minbiziaz, hiltzeko Marseillako ohe batean.

Pentsatzen dut garai batean nik ere esperoko nuela hori guztia, baina orain espero ditut, Rimbaud poetak bezala halaber, eguzki bainuak, paseo infinituak, atsedena, bidaiak, abenturak, bohemiokeriak finean. Askotarikoa baita bizitza, kontraesanez betea, anbiguoa. Rimbauden gisara, ezin da makurtu arketipo bakar batera, orain santu, orain zikin, tarteka dena batera. Adibidez uda, abuztua, uda ofiziala, zeina pasa dugun zalapartaren erdian batzuetan, bakarrago, Sylvain Tesson eta beste idazle batzuen konpainian gehienetan. Eta tentazioa handia da, beste poeta batek, Baudelairek zioen hura jarraitzeko: “berdin dio non, mundutik kanpo”. Baina iraila etorri duk hitaz galdezka, munduan parte hartu behar da, nahiz izan gogoz bestera, hitzaren baitako arma pobreekin besterik ez bada. Luzaz pausatzen denak denik eta gaitzik handiena arriskatzen baitu: bere burua aurrez aurre begiratzea. Bizitzari bai esan, beraz, udaz kanpoko eguzkiari, guztiaz gozatu, hariari heldu, Zaratustra izan. “Oinezko bat naiz, ez besterik”, zioen Rimbaud poetak. Ibiltzeko gogoz dabilena, hori bai.