Iraultza: Hitz potoloa eta zaharkitua omen. Historian atzera begiratzeko soilik balio duen kontzeptua, batzuen ustez. Post-modernismoaren etorrerarekin bere eduki eraldatzailea galdu omen zuen antza, nahiz eta zibilizazio krisi oso larri batean murgildurik egon. Ez al ditugu patriarkatua, kapitalismoa, teknolatria eta prometeismoa, arrazakeria edo militarismoa irauli behar? Iraultzaile askoren ustez helburu horiek Estatuaren boterea hartzearekin batera lor zitezkeen. Orain badakigu horrekin “bakarrik” ez dela posible harreman zapaltzaileekin amaitzea. Agian behetik, tokiko esparru komunitarioetatik hasi behar ditugu kapitalismoaren haratago “iraultzak”. Txikiak baina zabaltzeko gogoz egindakoak. Lokalak baina beste askorekin koordinatuak, hots, sektarismorik gabekoak. Xumeak baina eredugarriak. Pertsonen duintasuna eta “bizitza ona” erdi-erdian jartzen dituzten esperientziak. Gatazkak askatasunaren eta berdintasunaren sorburu kontsideratzen dituztenak eta utopiak eguneroko ogitzat hartzen dituztenak. Eduardo Galeanok zioen moduan, utopia dugu ibiltzeko balio duen zerumuga iraunkorra, iparrorratz gidaria. Horrela ulertzen dugu iraultza.
"Agian behetik, tokiko esparru komunitarioetatik hasi behar ditugu kapitalismoaren haratago 'iraultzak'. Txikiak baina zabaltzeko gogoz egindakoak"
Txikien ekimen berri bat antolatzen ari da. Hiru urte pasa dira Zubietan (Gipuzkoa) 400 lagun inguru kanpaldian bildu ginenetik eta bi urtero berriro elkar topatzeko erronka jarri genuen. Pandemia amaiezina tartean, aurten saio berri bat ari da antolatzen Euskal Herriko eta beste herrietako aktibisten bilgunea berreraikitzeko asmoarekin. Manifestuak dionez: “Ez aurrez prestatutako bide-orriak aurkezteko, ez eta ziurgabetasuna behin betiko erantzunen bidez argitzeko ere. Ez dago halakorik. Erantzunak baino gehiago, galderak plazaratu nahi ditu kanpaldiak, eta horien inguruan elkarrekin hausnartzeko, elkarrekin borrokatzeko eta elkarrekin eraikitzeko espazio komuna eskaini nahi die askotariko militanteei”.
Akanpada aurten Arratian izango da Basoa proiektu eta gune komunitarioan, abuztuaren 24tik 29ra. Antolatzaile lanetan ibilitakoen artean kezka bat izan da hasieratik: elkarrekin egongo garen egunetan, Ongi Bizitzearen saio orokor bat egin nahi dugu. Ume eta jubilatu, emakume zein gazte, bertokoak eta kanpotik etorritakoak ,denak batera, kapitalismoak eta patriarkatutik harago dagoen bestelako gizarte posible hori irudikatzen eta bizitzen.
P.D. Prestaketa lanetan egonik, beste deialdi bat etorri da: Atxondon uztailaren 30etik abuztuaren 1era AHTren aurka egingo den kanpaldia, Iruñean hasiko dena 28an bizikleta martxarekin. Bi su horiek energia mobilizatzailea ekar dezatela!!!