Mugarik Gabek, elkartasunerako eta nazioarteko lankidetzarako erakundeak, argi du transnazionalak hainbat herrialde ustiatzen ari diren bitartean, baliabide naturalen defentsarako protesta sozialen kriminalizazioa eta eskubideen urraketak gero eta larriagoak direla. Nazioarteko lankidetzatik eta elkartasunetik abiatuta, kanpaina berri batean ari dira lanean, Maite Ezquerro Saenz eta Jesús González Pazosek kontatu digutenez.
Zeintzuk dira Mugarik Gabe erakundeak dituen erronka eta proiektuak hurrengo hilabeteetarako?
Jesús González: Normalean naturaren aurkako erasoak eta gizakien kontrakoak elkarren artean harremanik ez duten gauzak bailiran aurkezten dira; alde batetik klima aldaketa eragiten ari den hondamendia, natura eta animaliei eragiten diena batez ere, eta bertzetik giza eskubideen kontrako gehiegikeriak. Ongi diseinatutako diskurtso honek ez duena kontatzen da naturaren kontra egiten diren ekintza guztiek berehalako ondorioak dituztela gizakiongan eta giza eskubideen urraketak sistematikoak direla horrelako kasuetan; kriminalizazioa, hilketak, kartzelaratzeak edo jende multzo handien desplazamendua, adibidez. Batzuetan badirudi klima aldaketaz hitz egiten denean “zerutik eroritako” zerbait dela eta etorkizunean sufrituko dugula horren guztiaren eragina, baina ez da horrela, oraintxe gertatzen ari da eta hori ikusarazi behar da. Horregatik, “Bizitza jokoan. Lurra, bizitzak eta eskubideak” kanpainan ari gara lanean, ingurumen eskubideen urraketak eta giza eskubideenak hagitz lotuta daudela ulertaraztea helburu.
Zein ekimen aurreikusten dituzue kanpainaren baitan?
Maite Ezquerro: Enpresa transnazional bat herrialde batera sartu eta mega-proiektu bat eraikitzen hasten denean, ingurumena hondatu eta kutsatzeaz gain, lehen erran bezala, bertan bizi direnen giza eskubideak urratzen dituela ulertarazi behar zaio gizarteari. Hori lantzeko, lau lan ardatz nagusi ditugu.
González: Lehena formakuntza litzateke, 2021 eta 2022an Euskal Herriko unibertsitateetan gaiaren inguruko mintegiak antolatuko ditugu. Bigarrena, kongresu nagusi bat antolatzea izanen da, hurrengo urte hasiera aldera. Hirugarrena, Latinoamerikako hainbat herrialdetan emandako kasu konkretuen inguruko ikerketa da eta horri lotuta, argitalpen bat ere bai. Azkenik, politikoki eragiteko kanpaina ere aurreikusten dugu, gai hauen inguruan jarrera eta konpromiso politiko zehatzak har ditzaten lanketa sakona egitea, bai instituzioekin baita Euskal Herriko erakunde sozialekin ere.
González: "Herri indigenak beraien lurretatik botatzen dituzte ehunka hidroelektriko eta parke eoliko erraldoi eraikitzeko. Baina hemen erakusten digute proiektu eder eta jasangarriak direla"
Larrialdi klimatikoak gero eta kezkagarriagoa dirudi. Gure esku dago gelditzea?
Ezquerro: Bizitza jokoan dagoela ulertzen dugu Mugarik Gaben, krisi klimatikoak bizitza bera mehatxatzen duela, gizakion eta inguratzen gaituen guztiaren bizitza. Gaur egun, inork ez du klima-krisia ukatzen, baina gizarteari ulertarazten zaio bere gain dagoela erantzukizun nagusia. Egia da denon esku dagoela neurriak hartzea, baina benetan aldatu behar dena ekoizpen eredua da, enpresa kutsakorrek eta estatuek dute arazo honen giltza nagusia eta beraiek dira krisi honen erantzule zuzenak. Hor jarri behar da fokua eta hori da gure helburuetako bat.
González: Erantzukizun maila ezberdinak daude, gutariko bakoitzak etxetik zerbait egin genezake eta egin behar dugu noski, baina arazoa sistema neoliberala da, estatuek enpresa eta erauzketa-proiektuei ematen dieten babesa.
Transnazionalek hainbat herrialdetan egiten dutena ez al da kolonizatzeko modu eguneratu bat?
González: Kapitalismo basatiaren maila gorena da, bai. Ez da ahantzi behar, egungo eredu neoliberalak bilatzen duen bakarra gehienezko irabazia lortzea dela, edozein modutan gainera, eta hori lortzeko erremintak enpresa transnazionalak dira.
Azken urteetan, enpresa anitzek diskurtso eta irudia moldatu dute “berdeagoak” izateko gizartearen begietara.
González: Euren irudia garbitu nahi dute horrelako aldaketekin, baina negozioa eta dirua ez galtzea da azken helburua. Iraultza berdearen bandera hartzen dute, baina aldi berean kutsatzen eta ustiatzen jarraitzen dute, inoiz baino bortitzago.
Ezquerro: Salaketak egiten ari gara, energia berriztagarria produzitzen duten enpresa batzuk giza eskubideak urratzen ari baitira. Gainera, eredu zentralizatua eta enpresa gutxi batzuen monopolioa dago, kutsatu egiten dute… Beraz, enpresa batek energia berriztagarria produzitzeak ez du ezer bermatzen. Aurpegia garbitu dute eredu berarekin jarraitzeko.
Latinoamerikan enpresa hidroelektriko pila bat dago eta gas isurketa ikaragarria da askotan, metanoa batez ere, ia erreaktore kimiko batek bezainbertze gas isuri dezakete.
González: Latinoamerikan erauzketa-proiektu bortitzak dituzte martxan: zeru zabaleko meategiak, soja edo palma landaketa erraldoiak… Natura eta basoak suntsitzen ari dira, baina “proiektu berde” gisa saltzen dituzten hidroelektriko eta parke eolikoen eraikuntza masiboak ere hagitz deigarriak dira. Herri indigenak beraien lurretatik botatzen dituzte proiektu hauek eraikitzeko, eta Latinoamerikan ez dira bat edo bi, ehunka hidroelektriko eraikitzen dituzte lur eremu hagitz txikian, baita parke eoliko erraldoiak ere. Bitartean, hemen erakusten digute energia berriztagarria sortzeko proiektu eder eta jasangarriak direla.
Norentzat da sortutako energia hori?
González: Enpresa hauetan sortutako energia ez da inoiz bertako biztanleentzat, produzitutako ia energia guztia meategientzat eta nekazaritza edo industriako proiektu erraldoientzat dira; energia eta ur pila bat behar izaten dute. Guatemalan esaterako, produzitzen den energia guztia esportatzeko da, eta ondoan bertako herritarrak daude etxean argirik eta urik ez dutela, pobrezian bizirauten.
Gure inguruko enpresak ere egonen dira atzean, ezta?
González: Iberdrola adibidez Mexikoko parke eoliko handien atzean dago, baita Brasileko enpresa hidroelektriko anitzen eraikuntzan ere. ACS enpresa espainiarrak Guatemalan hidroelektriko asko eraiki ditu, eta Europako enpresa mordoa dago antzera jokatzen. Eskubide urraketa kasuak ematen direnean eta enpresa hauei erantzukizunak eskatzen zaizkienean, erraten dute herrialde horietako bertze enpresak subkontratatutako enpresak direla, beraiek ez dutela zerikusirik gauza horiekin. Euren izena garbi mantentzen saiatzen dira eta enpresa eredugarri bezala saltzen dute beraien burua nazioartean. Gainera Espainiako Gobernuak babesa ematen die, hainbat programa eta dirulaguntzaren bidez.
Ezquerro: "Egia da denon esku dagoela neurriak hartzea, baina benetan aldatu behar dena ekoizpen eredua da, enpresa kutsakorrek eta estatuek dute arazo honen giltza nagusia"
Ekintzaile, lider sozial eta indigenen kontrako mehatxu eta are gehiago hilketak ezagunak zaizkigu, esaterako Hondurasen hil zuten Berta Cáceresen kasua.
González: Kriminalizazio prozesuak hasten dira herritarrak megaproiektuei aurre egiteko antolatzen direnean. Lider komunitarioen atxiloketa prebentiboak adibidez hagitz ohikoak dira, horrela enpresa hauek herritarrak geldiarazten dituzte eta denbora irabazten dute eraikuntza obrekin aurrera egiteko. Guatemalan, Hondurasen, Kolonbian, Mexikon… ingurumenaren, lurren eta giza eskubideen defendatzaileen kontrako eraso eta erailketa kasuak hagitz kezkagarriak dira. Berta Cáceresen kasua nazioartean ezagun bihurtu zen, bai, baina beste hilketa guztiez ez dakigu deus ere.
Ezquerro: Komunitate indigenak, nekazariak eta afroondorengoak dira kriminalizazio eta jazarpen gehien jasaten dutenak. Beraiengandik anitz ikasteko dugula uste dugu, Mendebaldeko gizarteetan ama lurrarekin konexioa galdu dugula baitirudi, ez gaude lurrari beraiek bezain lotuta eta ahaztu dugu denok ekosistema beraren zati garela. Eurek argiago dute naturaren kontrako edozein eraso gizakiaren kontrako eraso zuzena dela eta horregatik dela hain beharrezkoa ama lurraren defentsa egitea.
Krisi klimatikoak berdin eragiten digu guztioi?
Ezquerro: Ez, noski ez digula berdin eragiten pertsona eta gizarte-klase guztiei. Emakumeei bereziki eragiten dio klima-krisiak, batez ere etxeko lanez arduratzen direnak direlako; ura, argia, janaria, sua… bizirauteko beharrezkoak diren lan horiek guztiak emakumeek egiten dituzte herrialde gehienetan, eta horien falta dagoenean, emakumeak lan gehiago egin behar izaten du ura edo janaria lortzeko. Pobrezia tasek, energia-pobreziak adibidez, gehiago eragiten die emakumeei.
Krisi klimatikoaren ondorioz, milioika desplazatu daude urtero munduan. 2020an, 30,7 milioiek beraien etxea utzi behar izan zuten (Internal Displacement Monitoring Centre).
González: Uraren kontrolagatik ari dira ematen gatazka eta gerrak gaur egun eta horrek milaka eta milaka herritarren desplazamendua eragiten du. Idorteak, suteak, uholdeak… Gero eta gehiago ikusten ari garen fenomenoak dira; azken hilabeteotan Kanadan ikusi ditugun tenperatura altuak eta suteak aurretik ikusi gabeko gertakariak dira. Sistema honek behin eta berriz errepikatzen digu gauza anekdotikoak direla, guri ez digula guztiz eragiten, gure etxeetan ez dela ezer gertatuko, baina hori gezurra da. Horrelako hondamendiak milaka eta milaka herritarren desplazamendua eragiten ari dira momentu honetan berean Afrikan, Asian… eta hori, hein handi batean, hartzen ari diren erabaki politikoen ondorioa da. Kontua da, herrialde horietan pasatzen dena ez dela telebistan agertzen, Kanadarekin bezala.
Nola ikusarazten da hau guztia eta nola lantzen da elkartasuna Euskal Herritik?
Ezquerro: Alternatibak bilatu behar dira, indibidualki eta kolektiboki. Antolatzea, mobilizatzea eta gertatzen dena ikusaraztea ezinbertzekoa da. Borrokak elkarrekin lotu behar ditugu eta sektoreen arteko elkarlana bultzatu, maila globalean. Alternatibak, gainera, anitza izan behar du, leku bakoitzera egokitua, bertzela ez du funtzionatzen, ez dagoelako egiteko modu hegemoniko eta bakarra.
Horregatik zuen kanpaina…
González: Kanpaina honek ez du erreforma txikiak egitea bilatzen, sistema guztia errotik aldatzea baizik. Gure sistemak ez du balio, ikusi dugu ez duela funtzionatzen, beraz, transformazioak erradikala izan behar du, sistemaren errora joan eta dena aldatu. Kanpaina gure ekarpena da presio sozial hori handitzeko eta nolabait aldaketa eragiteko ekonomikoki, sozialki eta politikoki. Egungo sistemak natura gero eta bortitzago hondatzen du eta herri eta gizakion eskubideak urratzen ditu.
Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik kanpo beste bat egiteko... [+]
Laga hondartzaren ezaugarri naturalen leheneratzea duela hiru hamarkada abiatu zen, eta aurrera darrai etenik gabe, erlojuz kontrako lehengoratze mailakatuan.
Laga (Bizkaia) gune aparta da, natura eta gizarte ikuspegitik oso esanguratsua. Kostaldeko legeak eta Urdaibaiko... [+]
“Uste dugu distopien eta orokorrean errealitate indibidualista eta etsituaren ofentsiba kulturalaren aurrean utopiak irudikatu behar ditugula, mentalki eta emozionalki indartsuagoak izateko”, erranez banatu berri ditu ipuin eta itzulpen lehiaketako sariak Sukar Horia... [+]
NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.
EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.
Gobernuak aurkeztu... [+]
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]
Eragile ekologista ezagutzeko edo gai ekosozialetara hurbiltzeko interesa duen edonor gonbidatu dute aurkezpenetara. Aurkezpenak egiteaz gain, hitzaldiak, proiekzioak eta kontzerturen bat ere eskainiko dute zita horietan. Albistearen amaieran egitaraua.
Ingurumena kaltetzen duten proiektuen aurrean laguntza tekniko, juridiko eta administratiboa eskaintzen du Sustrai Erakuntza fundazioak Nafarroan. Urteetako ibilbidea dute eta hamaika helegite eta informe osatu dituzte hainbat proiekturi aurka egiteko: AHT, harrobiak, zentral... [+]
Latinoamerikako hainbat herri-eragiletako hamabost bat kide izango dira Bizkaia Aretoan azaroaren 14an eta 15ean Latinoamerikako Multinazionalen Behatokia OMAL-ek antolatutako topaketetan. Ekintza guztiak trantsizio ekosozialarekin lotutako alderdi desberdinak lantzen dituzten... [+]
50 inguru herritarrek egun osoko jardunaldia egin dute azaroaren 9an Maeztun, EHn ekofeminismoak gorpuzten lelopean. Goizean Euskal Herriko ekofeminismoak nolakoak diren deskribatzeko hainbat dinamika egin dituzte. Elkarrekin bazkaldu eta kantatu dute eguerdian, eta arratsaldean... [+]
Hendaiako ikastetxean komun klasikoak kendu eta komun idorrak eraiki zituzten martxoan. Ikuspegi ekologikoari tiraka, egitasmo orokorrago baten barne dute aldaketa: hondarrak jangelako konpostari gehitu eta guzia baliatzen dute ikastetxean duten baratze pedagogikoan, Hendaiako... [+]