Telebista pizten duzun aldiro, hor daude: etxeak zaharberritzeari buruzko programak. Eskema bera errepikatzen da guztietan: bikote bati etxea txiki geratu zaio eta bi aukera dauzka: berritu eta bertan gelditzea edota beste batera aldatzea. Denek dituzte arazo berberak: armairuak behar dituzte han eta hemen dauden trasteak gordetzeko, eta sukaldea eta egongela batera nahi dituzte eta horretarako paretak bota behar dituzte. Trama korapilatzeko beti da ustekaberen bat, teilatuan, eskaileretan edo sotoan, berdin da. Baina inoiz ez dute diru nahikorik etxea nahiko luketen bezala uzteko. Eta, hala ere, gelditu egiten dira gehienetan, trasteak parean ez ikusteak ematen dien lasaitasunarekin. Eta zuri ere paretak botatzeko gogoa sartzen zaizu, eta irla handi bat egitekoa sukaldearen erdian, zure lagunekin batera kozinatzeko –nahiz eta inoiz ez zaituen plan horrek erakarri–, eta gauza pila bat erosteko –internet bidez, esan gabe doa– armairu berrietan izanen duzulako tokia guztia sartzeko. Lasai biziko zara iragarkietan hamaika aldiz ikusi duzun alarma jarriko duzulako. Zure bizilagunek jarri dutelako jada. Eta zu ez zara gutxiago.