argia.eus
INPRIMATU
Jose Ametzola, ezer irabazi ez zuen txapeldun olinpikoa
  • Paris, 1900. Aro modernoko bigarren joko olinpikoetan lehen eta azken  aldiz jokatu zen ofizialki zesta puntako lehiaketa; ondoren, 1968ko Mexikoko jokoetan eta 1992ko Bartzelonakoetan ere pilota erakustaldiak izan ziren, baina ez  zen lehiaketa ofizialik jokatu.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko abuztuaren 01a
Ezkerrean, Jose Ametzola puntista amateur bizkaitarra. Eskuinean, ustez, 1900eko parisko joko olinpikoetan ametzolak eta beste hiru puntistek jokatu (ez) zuten zesta puntako finalaren argazkia.
Ezkerrean, Jose Ametzola puntista amateur bizkaitarra. Eskuinean, ustez, 1900eko parisko joko olinpikoetan ametzolak eta beste hiru puntistek jokatu (ez) zuten zesta puntako finalaren argazkia.

Parisko zesta punta proban soilik bi bikotek hartu behar zuten parte: Ipar Euskal Herriko Durquetty-Etchegaray bikoteak Frantziako taldea ordezkatuko zuen eta Espainiarekin, aldiz, Villota kantabriarra eta Ametzola bizkaitarra arituko ziren. Neuilly-sur-Seineko frontoian jokatzekoa zen lehiaketako partida bakarra eta, beraz, finala. Horrenbestez, euskaldunek hiru domina eta titulu olinpikoa ziurtatuta zeuzkaten, baina lauak esku hutsik itzuli ziren etxera.

Iparraldeko bikotea deskalifikatu zutela badakigu, baina, zenbait iturriren arabera partida hasita erretiratu ziren eta, beste iturri batzuk diotenez, azaldu ere ez ziren egin, lehiaketaren antolakuntzari eta arauei buruzko desadostasunak medio. Neully-sur-Seinen uda hartan jokatutako zesta punta partida baten irudiak badaude (horietako bat dago hemen jasota), baina egun haietan, amateurren proba olinpikoaz gain, profesionalen munduko txapelketa ere jokatu zen –Angel Barrenetxea eta Juan Ituartek irabazi zutena– eta baliteke argazkiok lehiaketa horretakoak izatea.

Jose Ametzola (1874-1922) Urkabustaizen (Araba) jaio zen, baina Bilbon bizi izan zen txikitatik. Familia aberats bateko semea, Banco de Bilbao-ren batzordekide eta antzerki eta zezenketa enpresaburua izan zen. Madrilgo kongresuan diputatu kontserbadore ere izan zen, Durangoko ordezkari gisa. Baina bizi zen artean eta hil ondoren ere urte luzez, inork ez zion aitortu puntista amateur gisa txapeldun olinpikoa izan zela.

1998an Bill Mallon historialariak Parisko jokoen errebisio kritikoa egin zuen, eta Villota-Ametzola bikotea txapeldun olinpikotzat jo zuen. 2004an Nazioarteko Batzorde Olinpikoak ofizialki onartu zituen Mallonen ondorioak.

Urte asko pasako ziren euskal herritarrak berriro txapeldun olinpikoak izan arte. Anberes 1920 eta Los Angeles 1984an zilarrezko dominak lortu zituzten, Frantzia nahiz Espainia ordezkatuz. Baina urrezko dominak ez ziren Bartzelonako 1992ko jokoak arte iritsi: David Billabonak eta Mikel Lasak gizonezkoen futbolean lortu zuten urrea, eta Nagore Gabellanes,  Silvia Manrique, Teresa Motos eta Maider Telleriak emakumezkoen belar hockeyan.

Villota-Ametzolak jaso ez zuten urrezko domina hori Espainiak ofizialki irabazi zuen lehen titulu olinpikoa da ordea; geroztik euskal herritarrek hainbat domina lortu arren, Euskal Herriak inoiz ez baitu parte hartu eta, beraz, saririk lortu.