argia.eus
INPRIMATU
Ondo zahartzeko formula
Xalba Ramirez @xalbaram 2021eko uztailaren 25
Begiak, egiak ba ote? | -gailu | Bidehuts, 2021.

Indio zaharren antzera, eguzkiari dantza egin dio berriz ere -Gailu hirukote andoaindarrak. “Zaharren ahotsak urrundik ari zaizkit” bertso eta samplerren bitartez, palindromo eta jolasen bidez kaleratu dute, 20 urte geroago, bigarren lana Begiak, egiak ba ote? (BideHuts, 2021).

BAP! talde mitikoaren errautsetatik jaio zen -Gailu, Mikel Abregoren kantu eta ideiei forma emateko. Samplerrean oinarritutako kantuei gorputza eman zioten orduan bere taldekide eta lagunek (Okene eta Drake, nola ez), eta formula berarekin datoz oraingoan. Hardcore eta autogestio sustraietatik eraikitako house, techno, hip-hop eta spoken word fusioarekin datozkigu, hau da, musika beltzaren erreinu erraldoietik.

Euskal Gil Scott-Heron-ek esana digu: iraultza ez da telebistan agertuko. Poesia libururik gabeko poetaren antzera, afroamerikar spoken word-etik gertu, letrez arduratu da Okene Eneko palindromo zalea. Bere testuez gain, Zebulon Wurlitzer, K. Ttipia, Joxmiel Ximorra, Xabier Montoia, BiGara eta Alejandra Pizarnick-enak topatu ditzakegu. Diskoa dantzatzekoa izateaz gain, arretaz entzutekoa eta irakurtzekoa da.

XX. mende erdiko Paulo “Txikia”-ren bertsoen bidez ia ezer ez dela aldatu gogora ekartzen digu hirukoteak: “Lege gogorrak dauzka munduak gizakiontzat jarriak, kejoso dira arrantzaleak ta berdin nekazariak. Gora egingo du berriz ere behar dugun janariak, eta azkenean kastigu dena eramango du erriak”. Babarruna eta Aza Popularra aldarrikatzeko gogoz berriz ere.
Jim Jarmusch-en Down by law filma zoragarriari omenaldia egiten diote “I scream, you scream, we all scream for ice-cream” abestuz. Joxe Ripiauk Itoizen Egun Motela bertsioa egiterakoan ere sampleatu zuen esaldia. Oker ez banago, Mikel Abregok disko horretan kolaboratu zuen Missing kantuan atabal danbateko biziarekin. Iñigo Muguruzari egindako zeharkako omenaldia ikusten dut (ikusi nahi dut) hor.

Diskoa abangoardiatzat –edo okerrago, urbanotzat!– jotzen duenari pobrea irudituko zaio. Ez da zerbait “modernoa” egiteko saiakera, ez dago inongo modetan sailkatzeko beharrera kamustuta. Sleaford Mods-en post-punketik gertuago daude, traparen gorakadatik baino. Fermin Muguruzak dioen bezala, rural electro-hardcorea da eta estilo horretan onenak dira, ezinbestean.
Horren ongi zahartzeko formula galdetu diegu. Hirukoteak ez du zalantza egingo: “Arixkiriak elkartu, xistima apurtu, ta bota ximorra”. Datorren lanerako beste 20 urte itxaroteko prest.

PD: -Gailu ezin da Googlen bilatu hasierako gidoia kentzen ez bazaio, ikur horrek jarraian datorrena ez bilatzeko agindua ematen duelako. Taldearen paradoxa antikomertzial bikaina iruditu zait.

Argazkia: Rosa Zozaya.