Ekainaren 23an ukan genuen IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenaren berri, alarma gorria baino gehiago beltza pitzaraziz: ez badugu berehala aldaketa drastikorik bideratzen, bukatuko da gurea. Klima aldaketaren eraginez idorteak eta goseteak gaiztotuko eta emendatuko direla abisatzen dute zientifikoek. Halabeharra edo, une berean Kanadan zein Madagaskarren sekulako idortea pairatzen zuten, batean –Madagaskarren– bestean ez bezala, gosetea eta gosez hiltzeak ondorioztatuz. Baina gu, mendebaldetarrok, Kanadari begira gara, klima justizia ez dugulako helburuen artean eta arlo horretan ere ez dugulako dekolonizaturik gure jarrera. Klima larrialdian ere pobreenak dira gehien kaltetuak eta hori kontutan hartzeari deitzen zaio klima justizia.
Madagaskarren jarraian bizitu idorteek gosetea eragin dute. Familiek sufritzen dute eta jende anitz gosez hiltzen ari da. Ez da gerlarengatik ezta gatazkengatik ere, baizik eta klima aldaketarengatik. Munduko eskualde honek ez du ezertan klima aldaketa ondorioztatu, eta alta, honek du prezioa pagatzen”. Horrela mintzo da David Beasley Munduko Elikadura Programaren zuzendaria. “Krisi ikusezin” gisa definitzen du Afrikaren hegoekialdeko irlan gertatzen ari dena. Ikusezina begiratzen ez dionarentzat, begirada harantza luzatuz gero, egoera deigarria eta larria delako: 1,14 milioi herritar dira gosez, eta 500.000 madagaskartarrek dute gosetea pairatuko ondoko hilabeteetan. Milaka familik ihes egin dute jada, elikagai bila –klima errefuxiatuen errealitatea ez da gehiago gerorako kontua–. “Hilabeteak bizirauten dutela kaktus gorrien fruitu gordinak, hosto basak eta otiak janez. Ezin dugu ezikusiarena egiten segitu”.
Bizkitartean nazioartea Kanadako tenperatura altuei eta sute ikaragarriei begira dugu. Baina funtsean, arazo bera bizi dute bi aldeetan, batak munduaren Iparrean –gurean, gure arreta piztuz–, besteak, munduaren Hegoan –guretik urrun–. “Klima larrialdiak eragindako lehen gosete” gisa aurkeztua da madagaskartarrena. 2020ko maiatzaz geroztik dabiltza goseteari aurre egin nahian, nazioartearen ezaxolakeriaren erdian. Oinarrian, batetik idortea eta bestetik, deforestazioak eragindako lur-higadurak eta hondar-tenpestak –azken honek estaltzen eta beraz galarazten dizkietela dituzten nekazal ekoizpen bakarrak–. Ideia bat ukateko, abendua eta otsailaren artean ez dute euri tanta bakar bat ere ukan, printzipioz, euri-sasoia dutelarik garai hau.
Kanadakoari sakonki begiratzeari ez dute interesik mainstream komunikabideek, klima aldaketaren gaia mahaigaineratzen digulako, kausei, ondorioei eta aldaketei begiratzera behartuz. Alta, xehekiago so eginez gero, laster ohartzen gara idorteak jaki ekoizpenak kalteturik dituela Kanadan ere bai. Radio Canada komunikabideak plazaratu Canicule et sécheresse, les agriculteurs de l’Ouest en payent le prix (“Berote handia eta idortea, Mendebaldeko nekazariek pagatzen dute prezioa”) artikuluan datu esanguratsuak agertzen dira: aurtengo AEBetako gari ekoizpenean %20 bakarrik da “kalitate onekoa”, iaz %70 zenean; koltza tona 800 dolarretan salerosten zen ekaina bukaeran, 1982az geroztik ez zen hain gora izan prezioa. Bertako laborariak ere kezkaturik dira: “Lurra idorra delarik ezer ez da hazten. Ura behar dugu bizitzeko, eta urik gabe ezer ez da hazten”. Horrela dabiltza aurten, haziak usaian baino barnerago ereinez, barnerago lurra doi bat hezea izanen denaren esperantzarekin. Baina laborariez gain, edozein herritar da kaltetua, ur erreserbak ttipiturik uraren kontsumoa apaldu beharrean delako eta jakiak garestiago pagatu beharrean ere delako. Baina Kanada ez da Madagaskar, ez mundu mailako kokapen geopolitikoan, ez eta ere errealitate soziekonomikoari dagokionez; eta horrek egiten du gosetea ez dutela oraindik bizi.
Testuinguru horretan agertu zitzaigun ekainaren 23an IPCC (Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldea) egituraren txostena AFP Frantziako prentsa agentziak filtraturikoa, ondoko abisua plazaratuz: “Lurreko bizitza berrituko da, gizateria ez”. Argiki mintzo dira zientifikoak eta ez dira itxaropentsu: “hamarkada honetan” ez badugu aldaketa drastikorik bideratzen, apokaliptikoa ukanen dugu biharra. Funtsean, 4.000 orriko txostenean idorteaz eta goseteaz mintzo dira luze eta zabal: “420 milioi pertsona gehiagok pasako dute bero handia, baldin eta berotze globala +2 °C-koa bada +1,5 °C-koa izan beharrean. Zehazkiago, 1,7 mila milioi lagun gehiago egonen dira bero handien eraginpean, 420 milioi muturreko tenperaturetan eta 65 milioik dute bost urtean behin ohiz kanpoko kanikula bizituko”. Oroit gara, industriaurreko garaiarekin alderatuta, tenperatura emendioa 2 °C-ra mugatzeko helburua finkatzen duela Parisko 2015eko akordioak, idealean +1,5 °C-ra mugatzeko asmoarekin. Hots, duela sei urte +2 °C-ko heina bizigarri ikusten bazuen IPCCek, aldi honetan, +1,5 °C-koa du beharrezkotzat, “hortik gorago, ondorio latzak eta batzuetan itzulezinak pairatuko ditugulako”.
Munduko edozein lurraldek du idortea pairatzeko arriskua, Oxford Unibertsitateko Friederike Otto ikerlariak Reporterre-i azaltzen dionaz: “Ez da salbu den gune geografikorik; edonon gertatu daiteke, kontua da, bero errekorrez mintzo garela Ipar Amerikan gertatzen denean, ez eta Pakistan, Iran edota Afrikako herri batean dugunean”.
Bero handi horiek gosetea dakarte: Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera gosetearen arrazoi nagusienen artean dugu orain klima aldaketa, gerla eta kolpe ekonomikoekin batera. Hemendik 60 urtera 600 milioi lagun gehiagok dute gosetea pasako, klima larrialdiaren eraginez. Maleruski beste behin ere Hegoko herriak dira lehen lerroan izanen: 180 milioi lagun izanen dira “elikapen eskas kronikoan” hemendik 30 urtera, hauen %80 Afrika eta hegoekialdeko Asian izanki. Ur eskasian ere, bistan denez. Baina hau ez da albistea, jada IPCCren 2014ko txostenean munduko gobernuei ohartarazten zieten klima aldaketak Iparraren eta Hegoaren arteko ezberdintasunak areagotzen dituela. Lehen aldikoz pobreziari buruzko kapitulua gehitu zuten txostenean, nonbait ohartaraziz zientifikoa bezainbait politikoa ere dela klimaren gaia.
Horregatik dabiltza geroz eta gehiago “klima justizia” terminoa erabiltzen, “klima aldaketa”-z hitz egin beharrean. Klima larrialdia bere horretan injustua delako: eragin ttipiena dutenek dute gehien pairatuko, hauei aurre egiteko baliabide gutien ukanki gainera –aldrebes, ardura handiena dutenak dira gutien kaltetuak–. Zifra bakarra: mundu mailako %10 aberatsenek ondorioztatzen dute berotegi gasen isurketen %50, Oxfam egituraren arabera. Noski, izan herri aberats ala txiro, hor ere bertako klase sozial apalenak ditu gehien pairatzen kalteak.
Klimari buruzko nazioarteko gailurretan, klima larrialdiaren arazoari justizia soziala txertatu nahian dabiltza herri pobreak. Baina zaila dute, herri aberatsen ezaxolagabekeria eta jarrera berekoia dutelako parean. Hegokoak diruz laguntzeko engaiamendua ere ez dute betetzen Iparrekoek –urtero 100.000 milioi dolar klimaren esparruan eragiteko–. Mailegu bidez dabiltza geroz eta gehiago laguntza bideratzen eta hori da okerrena: herri pobreen zorpetzea emendatuz doa, herri aberatsok ondorioztatu arazoei aurre egin ezinean direlako. Klima justiziaz ikaragarri urrun gara.
Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]
220km/h baino abiadura handiagoko haize-boladek astindu dute Frantziako kolonia den Mayotte uhartea. Funtsezko azpiegiturak suntsitu, eta irlaren zati handi bat inkomunikaturik utzi du; biktimen zenbaketa zaildu du horrek. “Premiazko neurriak” hartuko dituela iragarri... [+]
Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu, nagusiki plastiko esportatzaile handiek negoziaketak oztopatu dituztelako. Bitartean,... [+]
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.
Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira.
Hizkuntza matematikoa ondo ulertu eta interpretatzeak badu garrantzia ikasketa prozesuan; horixe esan ohi diegu guk geure ikasleei, bederen. Matematiken lengoaia unibertsala da, eta oro har, interpretaziorako errore marjina txikia izan ohi da. Nekez marraztuko genuke hiruki bat... [+]
Bide honetatik jarraituta, mende amaierarako, 5.000 milioi pertsona baino gehiago biziko dira lur idorretan. Arazo humanitario, ekonomiko eta sozial ugari eragingo lituzke horrek.
Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]
Hegosudandar gehienak txirotasun larrian bizi izan dira azken bi mendeotan gutienez, eta zoritxarrez, estatu independente bihurtzeak ez die egoera hobetu, munduko herrialde txiroena baita, hainbat gerra tarteko. Testuinguru oso hauskor horretan klima aldaketak zailtasun berri... [+]
Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]
COP29 hasi da astelehen honetan Bakun, Azerbaijanen hiriburuan. 197 herrialde dira foro honetako kide eta horiez gain mundu osoko sare zibilaren milaka pertsona hurbilduko dira bertara, gobernuen jarduna jarraitzeko. Aurtengo gai izarra finantzazioa izango da.
Copernicus ingurumen behategiaren arabera 2024ak errekorra hautsiko du Lurreko tenperaturari dagokionez, eta hori bakarrik ez, industria aurreko garaiko batez bestekoa baino 1,5ºC altuagoa izango da lehen aldiz.
Gero eta egoera larriagoan daude munduko oihanak, klima aldaketak ekarritako bero uhin eta lehorteek bultzatzen dituzten suteengatik, bertzeak bertze. Latitude ertain eta borealetan klima jadanik aldatu arren, oihanak orain arte oso guti prestatu ditugu aldaketari, batez ere... [+]
Valentzian denboraleak eragindako hildakoen eta kalteen atzean faktore meteorologiko hutsak daudela pentsatzea inozoegia litzateke. Generalitateak larrialdia nola kudeatu duen salatu du askok, baita multinazionalen negozio egarria lehenetsi dela ere. Eta gune pobreenak kaltetu... [+]
Denborale batek hondamendia eragin du Mediterraneo mendebaldean, eta gutxienez 92 dira hildakoak eta dozenaka desagertu daude. Halako ekaitz bortitzen arrazoiak kostaldearen txikizioan bilatu behar direla ohartarazi zuen Millán Millán meteorologoak. Eta soluzioa... [+]