argia.eus
INPRIMATU
Herrien autodeterminazioa ez da herrien askatasuna baizik
Ane Ablanedo Larrion 2021eko uztailaren 25

Gatazka guziak bozka bidez ezin direla konpondu, argudio askorik gabe azaldu daitekeen baieztapena dela iruditzen zait. Burura etorriko zaizkizue zapalkuntza adibideak, non zuzenean bidegabea iruditzen zaigun gutxiengo/gehiengo jokoaren araberako konponbide baten aukera bera. Burura etorri zaizkizuen adibideak, seguru, funtsezkoak diren giza eskubideen urraketei dagozkionak izango dira, kasu horiexetan delako hain zuzen onartezina bozka baten emaitzaren baldintzapean ezartzea gatazkaren konponbidea, oinarrizko eskubideak izate hutsagatik. Horiek urratzea delitua da, gehiengoak egina edo babestua izanagatik.

Kantitatearen aldagaia kontuan hartu beharrekoa da, noski, nola ez. Gure borondatea gauzatu ahal izateko beharrezkoa baita indarra edukitzea, eta horretan eragina duelako, noski, jende-kantitateak, estrategiarako gure indargune eta ahulezien tamaina neurtzerakoan, alegia. Baina kasu: horrek ezin du gure aldarriaren edo salaketaren zilegitasuna ezbaian jarri.

"Erkideok, ez al zarete ohartzen? Gure askatasuna bozka batean jokatzeko moduko desesperaziora iritsi ote gara? Non gelditu da gure duintasuna?"

Nazioarteko Autodeterminazio Eskubidea funtsezko horietariko bat da. Nazio Batuen Asanbladak berak aitortua da giza eskubide oinarrizkoen artean lehena dela, eta hala den heinean, baita gainerako guzien baldintza ere. Independentzia nazionala galtzean, bere lurraldean libre eta burujabe bizi ahal izateko eskubide berezkoa galtzen baitu populu batek. Dena, alegia.

Eskubide hau, inperialismoaren erasopean askatasuna galtzen duenean du herri batek aldarrikatzen, ez lehenago. Besterik gabe, ez duelako behar. Bere egoera naturalean bizi da, bere lurraldean aske eta independente, eta berezko askatasun-egoera horren kontra inork eraso egin ezean, zertarako behar lioke eskubide horri heldu? Eskubide baten aldarrikapena, urraketa baten aurrean eskubidedunak+ duen heldulekua da, une horretan baino zentzurik ez lukeena.  
Autodeterminazio eskubidearen aldarria egiteak eraso inperialistaren salaketa inplizitua baldin badu, nola iritsi da inor pentsatzera autodeterminazio eskubidea askatasuna eta gatibutzaren artean erabakitzea dela?

Autodeterminazioa erreferendum bat antolatzea dela pentsatzea, hasteko, absurdoa da: zeren eta, nork erabakiko luke, askatasunez, gatibu izatea? Segitzeko, okerra da, eskubide honek duen esanahiaren faltsifikazio hutsa.

Autodeterminazioak babesten duena herri bat bere lurraldean libre bizi ahal izatea baldin bada, nola irudika dezakegu bozka baten moduan, non maila berean kokatuko den askatasuna eta gainetik kendu nahi den menderakuntza? Nola erabiliko dugu liberatzeko formulatua den tresna bat, inbasio bati izaera demokratikoa eta zilegitasuna aitortzeko bide gisa? Gainera, herri bakar bat ere ez baita horrela askatu. Ez bederen okupazio-aparatua oraindik bertan baldin bada, eta menderakuntzak berez dakarren ordezkapen demografikoa bere horretan onartuz.

Larriena, dena den, gure gatazka nazionalaren ukazioa izatea da: Euskal Herriaren menderakuntzarena, inperialismoaren existentziarena, eta okupazio-erregimenarena. Oraingo mendekotasun egoeran segitzea aukera gisa planteatze hutsa, oraingo erregimena demokratikoa eta zilegi dela aitortzea baita.

Erkideok, ez al zarete ohartzen? Gure askatasuna bozka batean jokatzeko moduko desesperaziora iritsi ote gara? Non gelditu da gure duintasuna?

Eta ‘herria’-ren ordezkariok. Segi zuen bide itsu eta proiektu lausoan, gure printzipioen salmentan. Baina otoi. Ez dezazuela Autodeterminazioaren izenean egin, edo Herriarenean. Zuenak ez du horrekin zerikusirik.