Ekain amaierako egunak Cadiz aldeko kostaldean eman ditugu. Hego Euskal Herrikoak izanik, originaltasunetik gutxi. Gu izan ginen hotel berean, euskara bigarrena zen hizkuntzen sailkapenean. Conilen, Tarifan eta inguruko herrietako karriketan ere, gurea ez da batere hizkuntza arrotza. Egian esan, ez nuen uste udako Cadiz hain euskalduna zenik.
Bestelako oroitzapen onak ere ekarri ditugu opari: hondartza luze-luzeak, eguraldi bikaina, bertako argia eta ilunabar ikusgarriak. Ostalari eta dendarien tratua ahantzi gabe, noski, hangoa oso jende adeitsu eta atsegina baita. Hemengo ostatuetan-eta bestelako aldartetara ohituta, hori ere deigarria egin zaigu.
Hotelak haurrei begira eskaintzen zuen egitarau zabalak ere atentzioa eman zigun: goizetik gauera, bazkari garaiko parentesia kenduta. Ekitaldietara izena emanda zuten txikien gurasoek afaldu ere lasai egiten zuten, ordu horretan haur-zinema zegoelako programatua.
"Guraso askok, oporretan ere, seme-alabak 'aparkatzeko' ahalegin guztiak eginen dituzte, edozein aitzakia erabilita"
Ez da ekonomian aditu izan beharrik eskaintzaren eta eskaeraren arteko harremana ulertzeko. Begi bistakoa da: guraso askok, oporretan ere, seme-alabak aparkatzeko ahalegin guztiak eginen dituzte, edozein aitzakia erabilita. Haien ustez, nonbait, haurren oporraldiko planik hoberena etenik gabeko ekitaldi sorta da, “horrela ez baitira aspertzen”. Horixe entzun nion hoteleko terrazan, bake ederrean, zerbeza bat hartzen ari zen aita bati.
Azpimarraz beteriko liburu bat ekarri ere ekarri dut Cadizetik, Paidós argitaletxeak 75. urteurrenaren karietara argitaratua. Las preguntas siguen du izenburu (Galdezka segitu, itzulpen librean). Iñaki Gabilondok bost laguni eginiko elkarrizketak biltzen ditu. Karen Armstrong, Adela Cortina, Naomi Klein, Muhammad Yunus eta Facundo Manes dira iritzi-emaleak. Erlijio, filosofia, zientzia eta ekonomiatik mintzo dira bostak, pandemiaren ondorengo gizartea hizpidea harturik eta pil-pilean dauden hainbat gairi buruzko iritzia emanez: klima aldaketa, pobrezia, askatasunen murrizketa, arrazakeria…
Guztiek munduaren martxa eroa aldatu beharra adina aipatzen dute betikoan segitzeko arriskua. “Kapitalismoaren makina herdoildua –dio Kleinek– lanean ari da berriro, beti bezala joka dezagun”. Argi-ilunez beteriko liburuak amaiera oso baikorra dauka, baikorregia agian, Manesen hitzetan: “Erresilientzia garaile aterako da. Guztion ongizatea bakoitzaren arrakasta baino garrantzitsuagoa dela ulertuko dugu”. Euscadiz aldeko argi eta ilunabar ederrak gogoan, ez dago ekaineko oroitzapenekin amaitzeko modu hoberik.