E-1027 izen enigmatikoa darama Eileen Gray diseinatzaile eta arkitektoak 1926-1929 bitartean Frantziako hegoaldean eraiki zuen etxebizitzak. Jean Badovici lagun arkitektoarentzako eraiki zuen etxe ikoniko hori, eta altzari guztiak eta barnealdeko dekorazioa Grayk berak proiektatu zituen. Beraz, E-1027 obra integral gisa sortu zuen arkitekto autodidakta izan zen Gray, eta garaiko estilo modernistaren jarraibideak jarraituz eraiki bazuen ere, haren funtzionalitatea eta bizigarritasuna lehenetsi zituen. Mediterraneoko villa honi buruz hitz egitea, Eileen Grayri arkitekturaren historian eman beharreko lekua aldarrikatzea da.
Euskadiko Arkitektura Institutuak (EAI) Eileen Gray (Enniscortthy, Irlanda 1878 – Paris, Frantzia 1976) arkitektoari eta altzari diseinatzaileari eskaini dio udako erakusketa. Austin, Berlin eta Portotik pasa ondoren, Donostiako EAI-k Grayren E-1027 obra arkitektonikoa hartu du aztergai, bide batez arkitekturaren historia kanonikoari modu kritikoan begiratzeko gonbitea eginez. Erakusketak Eileen Grayren lana dagokion testuinguruan jartzen du, eta Badovicik editatzen zuen L’ Architecture Vivante (Arkitektura bizia) aldizkari mitikoaren Maison en Bord de Mer (Etxea itsasoaren ondoan) zenbakiaren bitartez, bertako plano, altxaera eta argazkiak dira erakusketaren erritmoa markatzen dutenak. Ibilbidearen bukaeran, E-1027ko logela nagusia 1:1 eskalan berreraikia aurkituko du bisitariak, eta espazio horretarako zehazki diseinatu ziren hamalau altzariak estreinakoz erakutsi dira.
Eileen Gray Parisen finkatu zen nahiko gazte zela, eta altzarien diseinuan nabarmentzen hasi zen. Trebezia handia erakutsi zuen Asiako tradiziotik zetozen altzari lakatuak Mendebaldeko estilo eta gustuetara egokitzen. Berehala, Grayren forma sotilezko altzari lakatuek Parisko etxe aberatsenetako saloi eta logelak apaindu zituzten. Bide horretatik, 1922. urtean Jean Désert dekorazio denda ireki zuen, hark diseinatutako altzariak, ehunak eta alfonbrak salgai jarriz. Bere ehungintzak eta sentsualitatez egindako altzariek arreta eman zioten frantziar abangoardiari, eta metal tubularrez egindako mahai eta besaulkiak laster bilakatu ziren bere estiloaren zigilu. Zentzu honetan, Charlottek Perriad diseinatzaileak aipatu zuen bezala, zementuak arkitekturan piztu zuen iraultzaren parekoa izan zen altzarigintzan metala erabiltzen hastea.
Eileen Gray Parisen finkatu zen nahiko gazte zela, eta altzarien diseinuan nabarmentzen hasi zen. Berehala, Grayren forma sotilezko altzari lakatuek Parisko etxe aberatsenetako saloi eta logelak apaindu zituzten.
Ordurako Gray Badoviciren eraikuntzetan kolaboratzen hasia zen, eta elkarlan horren testuinguruan sortu zen E-1027 etxea eraikitzeko proiektua, Badoviciren udako etxea izango zena. Grayk aukeratu eta ordaindu zuen lursaila: Nizatik ordu erdira zegoen gune harritsu eta malkartsua, Mediterraneo itsasotik 30 metrotara altxatzen zen gune isolatu batean kokatuta. Hiru urtez egon zen Gray Roquebrune Saint-Martin-en obraren gidaritza eramaten Badovicirekin batera, eraikuntzaren kanpoaldeko –fatxada– ezaugarriei bezainbesteko garrantzia emanez barrualdeko espazioaren diseinuari eta antolakuntzari, oso jakitun baitzen etxearen egunerokotasuna lehenetsi beharreko ezaugarria zela. Zentzu horretan, askotan kritiko ageri zen, uste baitzuen kanpoaldeko arkitekturak abangoardiako arkitektoak bereganatuak zituela barrualdearen kaltetan, etxe bat ikusmenaren atseginerako sortu behar balitz bezala, biztanleen ongizaterako baino.
Badovicik aldiz, estilo modernista edo internazionala barneratuta zeukan eta Le Corbusierrek Arkitektura Modernoaren bost puntuak-en idatzitakoak txertatu zituen; adibidez, gela nagusia pilareen (Pilotis) gainean eraiki zuen eta espiral formako eskailera etxeko teilaturaino heltzen zen. 1929an amaitu zuten etxea, Mediterraneo itsasora parez pare irekitzen zen eraikuntza sinplea, funtzionala eta arrazionala. Argiak etxean barrena egiten zuen ibilbideak, barnealdeko espazioen trataerak eta etxearen orientazioak gerora eredu gisa funtzionatuko zuten. Grayk uste zuen etxea barrutik kanpora proiektatu behar zela, bizi beharrak kontutan hartuz eta ez kanpoaldeko fatxada baten inposizioz. Eta horrela aritu zen bera.
Badovicik behin baino gehiagotan gonbidatu zituen E-1027 etxera Le Corbusier eta haren emaztea, Ivonne. Arkitekto suitzarrak denboraldi luzeak pasatzen zituen bertan, “horrenbeste miresten dudan etxe ederrean”, Grayri 1938an bidali zion postal batean zioen bezala. Oporraldi batzuen ostean, etxera bueltatu eta Le Corbusierrek etxeko hormetan margotu zituen zortzi mural koloretsu aurkitu zituen Badovicik, inolako baimenik eskatu gabe egindakoak. Le Corbusierren ustetan, horma triste eta hutsal batzuei faborea egin zien bere grafitiak –hala deitu zien berak– bertan margotuz. Badovici eta Grayren iritziz, ekintza bandalikoa izan zen Le Corbusierrek etxe horretan egindakoa eta gertakari horrek betirako etsaitu zituen.
Puntu horretan hasten da, Beatriz Colomina arkitektoak eta teorialariak azpimarratu duen bezala, Le Corbusierrek etxe horrekiko izan zuen obsesioa. Asko dira uste dutenak –Colomina barne– suitzarrak muralak baliatu zituela etxe horretako arkitektura ezegonkortu eta hiltzeko arma gisa. Izan ere, bere margo itzelak bertan izanda, arkitekturaren historialari askok uste izan dute etxea bera Le Corbusierrek eraikitakoa zela. Uste hori indartzen lagundu zuten Le Corbusierrek muralak margotzen ari zela ateratako dozenaka argazkik, eta argazki horiek bere Oeuvre complète (Obra osoa) liburukian txertatu izanak. Hori guztia gutxi balitz, 1952 urtean, Le Cabanon etxola famatua eraiki zuen Grayren lursailaren mugan, leiho bakarra eraikiz, zeinak Mediterraneo itsasoaren edertasuna eta Grayren etxea markoztatzen zituen. Behin Badovici hilda, suitzarrak bere muralak babesteko asmoz –edo aitzakiaz– zerua eta lurra mugitu zituen E-1027 eros zedin, ehundaka eskutitz idatzi zituen etxe hori babestu egin behar zela erregutuz eta azkenean, 1960. urtean, lortu zuen bere lagun Marie-Louise Schelbertek etxea enkante batean erostea. Operazio horien guztien ondorioz, Grayren izena itxuragabetuz doa, ezabatuz, gizonen arteko lehia absurdoan. 1965an, Le Corbusier E-1027 etxe parean hil zen, igerian zihoala bihotzekoak jota.
E-1027 izan zen Grayk Badovicirekin batera egindako etxea, baina ez Grayk egindako bakarra. Castellar-en Tempe à Pailla oporretarako etxe txikia eraiki zuen, oraingo honetan berarentzat izango zena, eta 50eko hamarkadan Saint-Tropez-en Lou Pérou, soiltasuna eta minimalismoa sinbolizatzen dituen etxebizitza. Bada garaia Grayri lekua egiteko (beste hainbeste emakume arkitektori bezala) gizonen arrakastaz soilik hitz egiten duen arkitektura modernoaren historian.
Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]
Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]
Ancora elkarteak salaketa jarri du Ertzaintzan, Arte Ederren eraikinean egiten ari diren “ezkutuko obren” aurka. Izan ere, joan den irailaren 30ean, Ancorak idatzi bat erregistratu zuen udaletxean, Arte Ederren eraikineko inguratzaile babestua mailuka suntsitu zutela... [+]
Ikastetxetako patioen eraldaketak ugaritzen ari diren arren, oraindik eraikin zaharkituak eta azpiegitura zurrunak dira nagusi hezkuntzan (barruko nahiz kanpoko espazioetan), gustura ikasi, mugitu eta harremanak izateko, pedagogia hezitzaileak garatzeko behar diren espazio,... [+]
Irakaskuntzan eta ikerketa historikoan dihardu Eneko Tuduri Zubillagak (Erdialdea, 1990). Doktorea da Artearen Historian, eta Nafarroako eliza zahar batzuen horma margoetan oinarrituriko tesia idatzi zuen. Ancora elkartean ibili zen denbora batez, eta gertutik erreparatu dio... [+]
Irailaren lehenetan, hasierak, nobedadeak eta estreinaldiak: estutxe eta koaderno berria, izena emandako ikastaro edota ekintzetarako taldekideekin lehen enkontrua, aktibitate emanaldi eskaintza oparoa publizitate orrietan edonon, ikasturtearen agenda betetzeko, nork berea... [+]
Euskal Herriaren zatirik handiena klima zonalde epelean kokatuta egon arren, Arabako eta Nafarroako hegoaldean ez ezik, edonora hedatzen dira udako bero bolada latzak. Eta, dirudienez, klima aldaketarekin okerrera eginen du egoerak –edo egiten ari da, honezkero?–... [+]
Europar sentimendua duen lagun gutxi ditut, ez dakit europartasuna identitate bat izatera iristen ote den. Baina Europara bidaia egiten dugunean, adiskidetasun bat atera daiteke, ze gurean eta bertan gertatzen den lurraldetasun norabide nagusiak elkarbanatuak dira; bertan... [+]
Hiri askotako tren geltokiek XIX. mendeko burdinazko egituraren edertasun gorena azaltzen dute, hiriaren epizentrora iristearen ongietorri goraldiarekin batera. Hirira ate nagusitik sartzea bezalakoa da, arkitektura eta toki perla bat. Hiri askotan, baina, birdentsifikazio edo... [+]
El Villar aztarnategian 2017an aurkituriko mosaiko erromatar handia zaharberritu eta ikusgai jarri dute Ablitasko kultur etxean. IV. mendeko villa edo etxaldeak 40.000 metro koadro ditu eta oso-osorik dagoela uste dute arkeologoek, nahiz eta zati txiki bat baino ez duten... [+]
Kalearen eszena irudiz beterik dagoen leku bat bezala agertzen zaigu, hitz eta irudiz osaturik, informazio, iragarpen, publizitate eta mezuekin batera paseatzen baitugu egunero eta uneoro. Kalea euskarri fisiko boteretsua izanik, ikusezko kulturaren sustatzaile izateko, eta... [+]