“Hutsune bat betetzeko edo zerbait estaltzeko erosten dugu askotan arropa”

  • Askotan esaten diote Alazne Juanizi bere filosofia bere negozioaren aurka doala. Arropa egiten du eta arropa ahalik eta gutxiena erosteko esaten digu. Erosi soilik askotan erabili behar duguna eta hori tarratatzen denean, berriro josi edo beste zerbait egiteko berrerabili. Arropa ekologikoa edo bigarren eskukoa kontsumitzea ez da aski. Eros-gosea da gelditu behar dena.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Alazne Juaniz Ezpeleta. Iruñea, 1976

Iruñean sortu eta duela hamabost urte Etxarri Aranatzen bizi den jostun artisau eta etikoa da. Erabili markaren sortzailea da eta, izenak dioen bezala, arropa ahal den bezainbeste erabiltzearen aldekoa. Gai birziklatuekin eginiko motxila eta poltsa koloretsuak izan ziren bere lehen lanak. Orain haur eta helduentzako jantziak ere egiten ditu gai ekologikoekin. Ingurumen eta ekonomia jasangarriaren aldeko jostun aktibista da.

Arropa diseinatzailea zarela esan daiteke?
Nik beti esaten dut ez naizela ez diseinatzailea, ez patroigilea ere. Sortzailea, artisaua eta jostuna naiz. Josten dut, arropa egiten dut, baina ez dut ikusten neure burua diseinatzaile bezala. Agian hitz hori abstraktuegia da niretzat.

Nola sortu zen Erabili marka?
Nik txikitatik josten dut. Amona eta amarekin hasi nintzen eta betidanik asko gustatu izan zait nire gauzak tuneatzea eta brodatzea. Ez nekien asko, baina nekiena egiten nuen. Eskulanak, oro har, oso gustuko ditut eta zeramika eta patchwork ere egin izan ditut. Egia esan, ez dut patchwork gehiago egiten ezin zarelako horretaz bizi. Duela hamabost urte Etxarri Aranatzera etorri nintzen bizitzera eta segituan hasi nintzen pentsatzen zer egin nezakeen herri txiki honetan. Nire bikotekideak esan zidan bazela emakume bat garai batean joskintza klaseak ematen zituena. Harengana jo eta konbentzitu nuen zerbait egiteko. Berarekin ikasi nuen patroiak egiten eta neurriak hartzen. Betidanik oso autodidakta izan naizen arren, emakume hau eskola zaharrekoa zen eta izugarri ikasi nuen berarekin.

Gerora beste teknika berriago batzuk lantzen joan naiz internetetik egindako unibertsitateko ikastaroetan eta baita Gasteizen bi urtez eginiko ikasketetan ere. Berehala nire motxila eta poltsak egiteari ekin nion, beti gai birziklatuak erabiliz, eta horrela joan zen sortzen nire marka, Erabili, beti jasangarritasunarekin oso lotutakoa.

Tailerra zabaltzea zaila izan zen?
Jakina. Hasieran taberna batean aritu nintzen lanean, baina erabaki nuen nire txoko propioa zabaltzea. Horretarako langabezi saria kapitalizatu nuen eta horrekin toki bat eta behar nituen makinak eta tresneria erosi nituen.

Motxilez gain, hasi nintzen haurrentzako arropa egiten. Gai ekologiko eta jasangarriak hasi nintzen erabiltzen eta halakoak dira geroztik erabiltzen ditudan ehun guztiak. Hasiera-hasieratik ingurukoak hasi zitzaizkidan helduentzako arropa eskatzen eta hori da egun, gero eta gehiago, egiten dudana.

Zein da Erabiliren filosofia?
Nire pentsamoldearen oinarrian beti egon da kontsumo arduratsua. Arroparen industria oso kutsakorra denez eta kontsumoarekin izugarrizko eromena dagoenez, beti ibili naiz jendea kontzientziatzen esanez ez dugula arropa pila erosi behar, aukeratu behar dugula oso ongi zer eta zertarako erosten dugun eta kontuan hartu behar dugula non eta nola dagoen egina. Gertatzen dena da jendeak horren merke erosten duenez, pentsatzen duela jantzi bat bitan jartzearekin amortizatua duela. Askotan ere gertatzen da arropa batzuk, hain merkeak izanik, gaizki eginak egoten direla eta ongi gelditzen ez zaizkigunez, bazterrean uzten ditugula. Bestalde, arropa konpontzeko ohitura ere erabat galdu da jendearen artean.

Argazkia: Dani Blanco

Eta ideia hauek guztiak josi bitartean partekatzen dituzu jendearekin?
Bai, hala da. Duela hiru urte tailerrak ematen hasi nintzen. Alde batetik, Etxarrin “Berrerabiltzearen artea” izenekoa, arropa erabiliekin gauza berriak egiteko. Patroiak egitea baino gehiago, arropari bigarren bizitza ematea da ideia. Eta bestaldetik, Iruñerriko Mankomunitatean Cose Telas izeneko saioak egiten ditugu ostiraletan, Berriozarren Emauseko Trapuketariek duten egoitzan. Hor eskaintzen dena da espazioa, makinak eta nire aholkularitza. Saio libreak dira eta ez da beharrezkoa izena ematea ikasturte osorako, baizik eta zerbait behar duzunean soilik.

Tarteka lan egin izan dut Iruñeko Ingurumen Heziketarako zentroan edota Setem elkartearekin kustomizazio tailerrak egiten oihal afrikarrekin.

Ni oso militantea naiz eta klaseetan asko hitz egiten dugu gai hauetaz. Egia da nire tailerretara etortzen den jendea oso kontzientziatua egoten dela, baina ni beti kaka ematen ari naiz toki guztietan.

Non saltzen dituzu zure lanak?
Toki zehatz batzuetan, Geltokiko dendan, esate baterako, internetez eta batez ere azoketan. Astean zehar tailerrak eman eta arropa josten ematen dut eguna eta asteburuetan azoketara joaten naiz. Gogorra da, eta gero eta gogorragoa egiten zait dena bakarrik egiten dudalako, baina oso polita da. Nire lana aurkezteko aukera da azoka. Horrela sentitzen dut nire lanak badituela hasiera eta bukaera. Tailer gehienetan pertsona bakarra aritzen gara eta merkatuak elkartzeko eta solas egiteko aukera ematen digu. Udazkenean eta neguan, batez ere, egoten gara bakartuak, gure buruarekin lan eta lan bakoitza bere txokoan gero udaberrirako dena prest edukitzeko. Eta jendearekin egoteko beharra sentitzen duzu. Gainera gure lan jardueran beti susmo kezkagarriak egoten dira. Denok autonomoak gara eta ez dakigu denboraldia nola joango den. Autonomo guztion lana ziurgabetasunez betea dago, eta artisauona are zailagoa da oso gremio txikia garelako. Gutxi gara eta pandemia honetan ikusi da nola beste batzuek indarra izan duten elkartzeko eta gauzak aldarrikatzeko, guri hori ezinezkoa egin zaigu. Artisauon ahotsa entzunaraztea oso zaila da.


"Arropa pertsonentzat egiten dut eta gero norberak aukera dezala nahi duena; soineko eta gona askotxo saldu ditut mutil eta gizonentzat. Hori zoragarria da”

Zer moduz doaz azokak pandemia garai honetan?
Aurten oso gutxi dago. Azoka guztiak gelditu ziren eta oraindik kili-kolo dabiltza. Ez da lehenagokoa berreskuratu, ezta hurrik eman ere.

Zabaldu dira tabernak, dendak, zinemak, antzokiak… zabaldu da dena baina gure azokak ez dira oraindik abian jarri. Egia da azokak oso lotuak daudela herrietako festekin eta jaiak bertan behera gelditzean, azokak ere berdin. Badirudi inori ez zaiola bururatu azoka mantentzea festarik ez antolatu arren. Edo azokak antolatzea beste une batzuetan. Gurekin ez dira inoiz oroitzen. Orain egiten hasi diren azoka gutxiak, artisauek beraiek antolatutakoak dira. Gu geu eta elkarte txiki batzuk mugitu gara dena antolatzeko eta baimenak eskatzeko. Ezin duzu imajinatu zenbat betebehar eskatzen diguten azoketan parte hartzeko, eta guretzako hori dena gastu bat da. Pandemian zehar jarraitu dugu dena ordaintzen, urte eta erdiz batere saldu gabe. Artisau askotxo bidean gelditu dira. Nik tailerra mantentzerik izan dut neguan klaseak ematen ditudalako. Klaseak online eman ditut, bideoak zabaldu ditut Youtuben… denetik egin behar izan dugu. Beste esperientzia bat izan da eta guztietatik ikasten da.

Dirulaguntzarik jaso duzue?
Dena eguneratua eta laguntzak eskatzeko unean autonomoetan izena emanda geundenok zeozer jaso dugu, baina beste asko deus gabe gelditu dira.

Arropa gehiegi erosten dugu?
Bai. Kontsumoaz gain, pertsona batzuentzat arroparena bizio bat da. Niri oso polita iruditzen zait jendeak arroparen estiloa eta kalitatea baloratzea, baina jende asko dago hori muturrera eraman eta benetako bizioa duena.

Orain kontsumoaren zurrunbilo horretan dagoen jendeak ohitura handia hartu du sal-erosketen aplikazioetan arropa saltzeko. Ongi dago behintzat zakarrontzira ez duzulako botatzen, baina jarraitzen duzu eromen hori elikatzen. Bigarren eskuko arropa horrela erostea edo beste pertsonekin trukatzea oso modan dago eta ongi dago, baina erosteko gosea ez dugu gelditu. Auto-engainu moduko bat da.

Zer bilatzen dugu? Ongi izatea? Autoestimua?
Bai, zoritxarrez. Hutsune bat betetzeko edo zerbait estaltzeko erosten dugu askotan arropa. Kalte egiten diguten alkohola, tabakoa edo drogak bezalako gauzen kontsumoarekin berdin jokatzen dugu.

Modak, hala ere, badu beste puntu txar bat: ez du onartzen gorputz desberdinak daudela. Gogorra eta krudela da.

Adinarekin ere gorputza aldatzen da eta jende asko dago hori onartzen ez duena. Ikasi behar dugu gure gorputza maitatzen. Adiskidetzen joan behar dugu gure gorputzarekin, aldaketak hiltzen garen unera arte gertatzen direlako.

Generoarekin ere betidanik izan naiz oso militantea, batez ere haurrekin. Aukeratzen utzi behar zaie. Nik erabiltzen ditudan oihal, forma eta koloreak oso biziak dira eta nire postua oso deigarria suertatzen da haurrentzat. Mutilentzat eta neskentzat. Askotan tokatzen zait entzutea: “Hori neskentzako da”, soineko eta gonei buruz adibidez, mutiko batek halakoak hartzen dituelarik. Horregatik saiatzen naiz jendea kontzientziatzen. Nik gona eta soineko asko egiten ditut gustatzen zaidalako. Askotan esaten didate neskentzat egiten dudala arropa, baina nik arropa pertsonentzat egiten dut eta gero norberak aukera dezala nahi duena. Izan ere, soineko eta gona askotxo saldu ditut mutil eta gizonentzat. Hori zoragarria da.

Moda jasangarria modan dago?
Baietz esan daiteke. Moda jasangarri horren barruan badira ildo batzuk diotenak saiatu behar dugula ehun ekologikoak erabiltzen eta langileen lan baldintza duinak bermatzen. Hori dena oso beharrezkoa da, baina horretaz gain, saiatu behar dugu kontsumoa murrizten. Erosi behar dugu asko erabiliko dugun arropa. Askotan une puntual baterako erosten dugu zerbait, jakinda berriro ez dugula erabiliko. Saiatu behar dugu ongi pentsatzen jantzi hori noiz erabiliko dugun, zertarako eta zerekin, bestela armairua beteta edukiko dugu beti eta ezer ez dugun sentsazioa buruan iltzatuta.

Honekin batera, saiatu behar dugu arropa zaintzen eta modu egokian garbitzen gehiago iraun dezan. Lehorgailuarekin, adibidez, asko urratzen dira koloreak. Arropak apurtzen direnean josten saiatu behar dugu. Askotan pentsatzen dugu merkea zelako ez duela merezi konpontzea, baina hori ez da egia. Beste aukera bat da moldatzea eta beste zerbait berria egiteko aprobetxatzea. Gainera, hori super dibertigarria da.

Plastikoekin eta autoen kutsadurarekin argiago ikusten dugu gure jokamoldea aldatzeko beharra, baina jantziekin ez horrenbeste. Hori gertatzen da arroparen kasuan jendea ez delako oso kontzientea horren atzean dauden prozesu eta jokamolde ilunez.

Gustatzen zait nire lana eta arropa etikoak erostearen alde nago, baina jende askok esaten dit nire filosofia nire enpresaren aurka doala. Nik beti esaten dudalako kontsumoa murriztu behar dugula eta erosi aurretik, bitan pentsatu.

"Dena ekologikoa izan arren, ero moduan ezin dugu kontsumitu. Ekologikoena da buruarekin kontsumitzea.Gutxi erosi eta asko erabili”

Gazteak nola ikusten dituzu?
Gazteen artean bada denetatik. Batzuk oso tope engaiatuta daude horrekin eta beste batzuk, aldiz, oso sartuta kontsumoaren zurrunbiloan. Baina hori ez da soilik gazteen artean gertatzen. Agian gazteek arropa zabor gehiago erosten dute, helduek beste kontzientzia bat dute, edo beste poltsiko bat.

Ematen du derrigorrezkoa dela azken denboraldiko moda erostea…

Nik badaukat arropa baita 18 urte nituenekoa ere, eta gorputza ez zaidanez gehiegi aldatu, erabiltzen jarraitzen dut. Ni ez naiz oso moda zalea izan inoiz, modaren aurkakoa naiz.

Garrantzitsua da arropa neutroa erostea, urtetan erabiltzeko eta gauza askorekin konbinatzeko. Dena den, ez naiz inoiz jendearen gustuetan sartzen. Norberak nahi duen bezala jantzi behar du, baina gustatzen bazaizu ongi konbinatuta joatea, kontuan hartu behar duzu hori.

Niri asko gustatzen zait arropa kuttuna izatea. Urtetan oso gustura erabili ditugun jantziak dira kuttunak, gure bigarren azal moduko bat bihurtzen direnak. Orain kontsumismoarengatik sentsazio hori galtzen ari da eta egungo gazte askok ez dute sentipen hori ezagutzen.

Nolakoak gara euskaldunok janzteko ohituretan?
Iruditzen zait aldatzen ari garela, baina oso ilunak gara, ez gara batere ausartak. Oso klasikoak. Beltza, grisa eta urdin iluna maite ditugu. Nik horri “griskeria” esaten diot. Hasi nintzenean kolore piloa erabiltzen nuen; orain gero eta gehiago ilunak. Izan ere, postura hurbiltzen den jendea beti etortzen da koloreek erakarrita, baina gero “griskeria” erosten du.
Haurrekin bai ausartzen gara kolore biziko arropekin, baina helduen arroparekin ez.

Materialak nondik ekartzen dituzu?
Oso zaila da. Ehun ekologikoak erosten ditut Kataluniako enpresa batean, baina jertseak edota kamisetak egiteko oihal elastikoak saltzen dituztenak oso gutxi dira. Saiatzen naiz ahalik eta gertuen erosten, Alemanian adibidez. Europatik kanpo gauza asko eta oso ederrak daude, Argentinan, esate baterako, baina hegazkin batean ekarri behar badizkidate, nahiago dut hemen gertukoak erosi. Kotoi ekologikoa erabiltzen dut eta orain gero eta gehiago tenzela. Eukaliptoaren egurretik ateratzen den ehun bat da, oso ekologikoa, bere prozesuan oso ur gutxi erabiltzen delako. Kotoi ekologikoa ere oso ona da, baina ur asko erabiltzen da bere prozesuan eta hori ez da jasangarria. Dena den, nahiz eta dena ekologikoa izan, ero moduan ezin dugu kontsumitu. Ekologikoena da buruarekin kontsumitzea. Gutxi erosi eta asko erabili, nire markak dioen bezala.


ASTEKARIA
2021eko uztailaren 25
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Merkataritza
Inditexek hegazkinez dakartza moda azkarra eta... krisi ekologikoa

Erabili eta bota. Abiadura handiko modak saltokiak eta etxeetako postontziak bete ditu aspaldion, fast fashion ere esaten zaio. Baina azkarretik baino inozotik gehiago du: lan prekarioarekin hondakin mordoa sortzeaz gain, arropa garraiatzen fuel-olio kopuru izugarriak erretzen... [+]


Bi monje, bi zeta-har eta bi inperio

Txina, duela 4.700 urte. Si-Ling-Chi printzesari zeta-har bat erori omen zitzaion te berotan eta hala deskubritu omen zuen zeta egiteko prozesua. Konfuziok jasotako kondaira honek adierazten du Txinan Antzinaroan hasi zirela zeta ekoizten eta mendetan eutsiko ziotela... [+]


Donostiako San Bartolomeko merkatalgunearen aurkako errekurtsoa onartu du Auzitegiak

200 plazako aparkaleku bat eta 8.040 metro koadroko merkataritza gunea eraikitzeko Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartu zuen Donostiako Udalak urtarrilean. Hainbat elkartek salatu zuten proiektuak eragin negatiboa izango duela, eta "erabat legez kanpokoa" dela.


Ehungintzako langileari eskaintza berezirik ez urtarrilak: lanegun partziala eta soldata izoztuta

Gipuzkoako ehungintzako langileek greban jarraituko dute larunbata arte gutxienez, sektoreko hitzarmena negoziatzeko patronalak erakutsitako jarrera makurra dela-eta. Nafarroan, La Morea merkatal zentroko H&M saltokiko langileak ere greba mugagabean dira abenduaren 9az... [+]


Tori bat eta eman bi: horrela zukutu dugu munduaren Hegoaldea, NDF lagun

Munduaren Hegoaldeari 152 bilioi dolar ostu dizkio Iparraldeak azken sei hamarkadatan, truke-desberdintasunagatik: herrialde pobreetan prezioak eta soldatak baxuagoak direnez, desoreka dago merkataritza balantzan. Baina egoera hori nahita sortu dute Nazioarteko Diru Funtsa... [+]


Merkataritzaren kolapsoa Ingalaterran
Adi Felixstoweko zamaketariei: Olentzeroren oparirik gabe utz zaitzakete

Ingalaterrako Felixstoweko portuko zamaketarien grebak hankaz gora jarri du azken hamarkadetan nagusitu den kontainer bidezko merkataritza eredua. Erresuma Batuan XX. mendean 80.000 ziren portuetan zamaketan aritzen ziren langileak, egun ez dira 10.000ra iristen, baina itsas... [+]


Garraiolarien grebak ekonomiaren arrakalak azalerazi ditu beste behin

Joan den astelehenetik greban dira Espainiako Estatuko kamioilari ugari eta bere eragina nabaritzen hasi dira beste arlo askotan jadanik, elikadura industrian kasu. Euskal Herrian Hiruk eta Tradinsak egin dute bat grebarekin. Garraio sektoreko prekarizazioak, energia kostuen... [+]


2022-03-03 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Pegatina bat

Erakusleihoko kartel batek aurki negozio-uzteari ekingo diotela dio, dendako produktuak azkenekoz erosteko aukera abiaraziz. Dendariak esango digu erosteko dinamikak aldatuz joan direla, merkataritza-gune handien fenomenoari online salerosketen gorakada gaineratu zaienean, zaila... [+]


2022-01-20 | ARGIA
Bizkaiko baserritarrek elkarretaratzea egingo dute Bilbon, euren jarduera ezinbestekoa dela aldarrikatzeko

EHNE Bizkaia eta ENBA Bizkaia nekazal sindikatuek, Bilboko Arriaga antzoki parean ostiralean egingo den elkarretaratzera deitu dituzte nekazaritza elkarte eta koperatibak, Nekazaritzak badu etorkizuna, arduraz joka dezagun lelopean.


Inperioaren txanponak urrun...

Errusian, Tula hiritik gertu brontzezko 140 txanpon erromatar aurkitu dituzte, Erromatar Inperioaren mugatik 1.000 kilometrora.


Txipen hornidura krisia
Gailur bat gutxiago, kolapsora bidean

Hornigaien mundu mailako krisiak txip erdieroaleen eskasiarekin jo du goia. Pandemiaren behin behineko ondorio bat dela diotenen aurrean, badira uste dutenak energiaren krisi globalak azaleratutako arazoa dela honakoa. Txipak dira egungo petrolioa, eta bere gailurra gainditu... [+]


“Ez dugu irudikatzen Amazonen praktikak noraino iristen diren”

Merkatua tenkatu eta bereganatzeko Amazon zer egiteko prest dagoen –eta zer egiten duen– ba al dakigu benetan? Pentsatu al dugu kontsumo eredu horrek ekartzen dituen kalteen inguruan? Horri buruz gogoetatzeko solasaldia antolatu du Behe Bidasoako Eskubide Sozialen... [+]


Oihalek esaten digutena

Norvegian, Trondheim Unibertsitateko ikertzaileek zortzi oihalen arrastoak topatu dituzte X. mendeko emakume bikingo baten hilobian: sei artilezkoak dira eta beste biak, lihozkoak.


Eguneraketa berriak daude